“Arauan ez dauden gorputz guztiei gertatzen zaien bezala, gainkonpentsaziora jo dut nire musikan, nire presentzia justifikatzeko”. Labar proiektuko Iñi Etxezarretaren hitzak dira, eta “baDA!dabil” podcastaren atal honetako hainbat eztabaidagai biltzen ditu. Zein gorputzek hartzen dituzte oholtzak? Egiten da lekurik arautik kanpo daudenentzat? Eta egiten denean, zeren truke? Gai honen alfonbrapean arakatzeko hiru lagun bildu ditugu atal honetan. Ane Zubeldia hondarribitarrak ibilbide oparoa du musikan eta bere lehen poema-liburua kaleratu du oraintsu: “Kontra”. Eider Adeletxerekin batera poesiari molde punkago bat eman diote oholtzaz oholtza Mejillon Tigre izenpean. Bertsolaritzari lotuta egin du bere ibilbidea Amaia Agirre villabonarrak: bertsolari gisa oso gaztetatik, eta azken urteotan, gai-jartzaile moduan, nagusiki. Kaiet Lapeyrade Brust ebanista da ofizioa, baita Altxalili kabaretako kide ere. Eta anabasa honetan gidari eta bidelagun Amets Aranguren.