Josu Goikok Astelehen Poetikoak podcastean azaldu digunez tradizio askotan daude Inauteari lotutako olerkiak. Umore punttua izaten dute eta askotan bertso lero neurtu eta errimatuak izaten dira, Chirigota adibidez. Euskaldunok "ez daukagu soneto edo quintillaren tradiziorik, guk zortziko handiak eta txikiak, seiko eta bederatziko motzak dauzkagu" azpimarratu du eta inauterien aitzakian, horietako batzuk ekarri ditu tartera.
Bizente Etxegarai, Donostiako udaleko garaiko teknikari eta bertso jartzaileak 1830ean jarritakoak aurrena. Patxi Etxeberria apaizak, iñauteriaren kontra idatzitakoak gero eta amaitzeko Pello Esnal idazlearen bertso batzuk. Mozorrotu bai edo ez dilemari helduz. Bertso hauetan, Esnalek mozorrotu nahi ez duen buru hotza eta mozorratu beharra duen bihotz beroa elkarrizketan jartzen ditu.