Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zientzien (JFKZ) gradua, egin zuen Maren Martinez de Rituertok (Tolosa, 1998) eta ohikoaren kontra osasun arloan ari da lanean. Orain gutxi arte, soinketa irakasle edo entrenatzaile izateko irtenbbdea zuten ikasketa hauek, baina orain gutxi, nutrizionista edo psikologoen bezala, osasun arloan lan egiteko aukera zabaldu zaie.
Marenek, betidanik lan egin nahi izan du pertsonekin eta Donostiako Onkologikoan ari da ikerketa bat burutzen, minbizia duten pertsonei tratamenduan zehar ariketa fisikoak egiten dien onura neurtzeko eta zer ariketa-mota komeni zaien ikusteko. Hasieran, zaila egin zitzaion egoera gogorra bizitzen ari diren gaixoekin ihardutea, orain ordea "aberasgarria" egiten zaio egunerokoa. Marenen ustez, gizarte geroz eta sedentarioagoan funtsezkoa da pertsonak mugimenduan jartzea. Hiru urteko ikerketan murgilduta dago, baina gerora ere, osasun-munduari lotuta jarraitu nahiko luke.
EITB Podkastek eskaintzen dizun EHU-Ekinean podcasta, Elhuyarrek ekoizten du Euskal Herriko Unibertsitateko Zientzia eta Gizarte Garapenaren eta Trasferentziaren Arloko Errektoreordetzarekin batera.