Aimar Karrika. Auritzen (Nafarroa) jaio zen, 1988an. Irakasle lanean aritu da Lapurdiko eta Nafarroa Behereko bertso eskola eta kolegioetan. Zortzi aldiz hartu du parte Nafarroako Bertsolari Txapelketan; lautan izan da finalista. 2017ko Bertsolari Txapelketa Nagusian parte hartu zuen.
Doinua: Itsasoa laino dago
1/
Pandemiaren orritan
Turisten joan etorritan
Gendarme zubi zorritan
Begiradak jatorritan
Ume txikiak korrikan
Eguzkiaren gorritan
Ta hondartzako elorritan
Hendaia larrugorritan
2/
Bainu jantzi zahar bat baino
Ez omen zena gaurdaino
Libertatea oraino
Berriz dudan jartzeraino
Herriko Etxea egundaino
Ez zen biluztu honaino
Itsasoa dago laino
Hondarraitz-tik Lohiaraino
3/
Ez al da edan nahi zukurik
Ez baldin bada tuturik?
Libre dena estuturik
Al dago nahi ezkuturik?
Ba al da hautetsi muturik?
Eta hautesle damuturik?
Nahi gaituzte mututurik
Bi bixkiak kukuturik
4/
Ez zen aski hondar patrikan
Deserosoen fabrikan
Zokoratu den guztitan
Hala ere begi bistan
Gaur ikusi da egitan
Gezurrak dauzkan begitan
Hozka egin behar dela bitan
Hezurraren haragitan
5/
Zer min egiten ahal dut nik
Itsaso ertzean zutik
Gaur ez bagaude burutik
Nik ez dut ulertzen tutik
Gure inguruko gutik
Hartzen badu gaia eskutik
Nola deslotu barrutik
Biluztasuna sexutik
6/
Irudiaren jabeak
Dira gaur egun sareak
Biharkoen zutabeak
Dira lur sendo gabeak
Onddoak eta bareak
Sagar eta udareak
Margo ditzala areak
Atxiki ditzan mareak