Maiatzaren 28tik 31ra bitartean ospatuko da aurten Elhuyar Zientzia Azoka Bilboko Areatzan. 12 eta 18 urte bitarteko gazteei zuzendutako ekimen honetan, Euskal Herriko 60 ikastetxetako 640 gaztek baino gehiagok aurkeztuko dituzte ikasturtean zehar landutako 160 STEAM proiektu baino gehiago: zientzia, teknologia, ingeniaritza, artea eta matematika uztartzen dituzten lanak.
Azokaren helburua argia da: gazteei ikerketa eta garapenaren mundua bertatik bertara bizitzeko aukera ematea, betiere komunitate osoaren parte-hartze aktiboarekin. Aurtengoan, gainera, beste herrialde batzuetako talde gonbidatuak ere izango dira.
Bilboko hitzorduak badu berezitasun bat: aurkeztutako proiektuak ebaluatuko dituen epaimahai bat egongo da. Horrela, kaleko jendearen interesa ez ezik, adituen arreta ere jasoko dute gaztetxoek, eta sari-banaketa ekitaldia egingo da azken egunean, larunbatean, maiatzaren 31n.
Aitziber Lasa, Elhuyarreko ordezkaria, izan dugu lehen gonbidatua, eta aurtengo edizioari buruzko hainbat datu interesgarri partekatu dizkigu. 12 eta 18 urte bitarteko ikasleak izango dira protagonista: guztira, 60 ikastetxetatik etorritako 600 ikasle baino gehiago bilduko dira gaur eta bihar bitartean, 73 proiektu aurkezteko. Landutako gaiak askotarikoak dira: elikadura ohiturak, ingurumena, energia berriztagarriak, adimen artifiziala edota robotika, besteak beste. Proiektu eta aurkezpen guztiak euskaraz egingo dira. Gainera, aurten atzerriko 9 taldek ere parte hartuko dute, ostiralean iritsiko baitira.
https://bilbohiria.com/docs2/2025/ibaizabal/250528_elhuyarAitziberLasa.mp3
Lehenengo proiektuen berri izaten hasi gara dagoeneko: Urola Ikastolako Alize, Elene eta Rodrigo izan ditugu gurekin, Azpeititik etorrita. Lehen aldia dute Elhuyar Zientzia Azokan parte hartzen, eta proiektu benetan bitxia ekarri dute. Kalkulagailu bat, sentsoreak, bateriak eta Zamudion garatzen ari diren adimen artifizial bat uztartzen dituen lan bat da, teknologia eta berrikuntza uztartzen dituen proposamen interesgarria.
https://bilbohiria.com/docs2/2025/ibaizabal/250528_elhuyar_urolaikastola.mp3
Izaro eta Kattalin Lauaxeta Ikastolatik etorri dira. Ikerlari eta musikazaleak dira, eta euren proiektuaren izenburuak hala dio: Musikaren taupadak. Musikaren eragina aztertu dute, musikarien taupadak eta odol-presioa neurtuz abiapuntu gisa. Zientzia eta musika uztartzen dituen ikerketa interesgarria aurkeztu dute.
https://bilbohiria.com/docs2/2025/ibaizabal/250528_lauxeta_izaro_kattalin.mp3
Ondoren, Etxarri Aranatzeko Andra Mari Ikastolako Jon, Julen eta Ekhi izan ditugu gurean. Eguzki-plakekin elikatzen den auto elektriko txiki bat garatu dute, autonomia handikoa. Gainera, sentsoreez hornituta dago istripuak saihesteko, eta infragorri bidezko sistemari esker, sakelakoarekin gidatu daiteke. Proiektu teknologiko aurreratua eta oso interesgarria da.
https://bilbohiria.com/docs2/2025/ibaizabal/250528_elhuyra_etxarri.mp3
Oraingoan, Deustuko La Salle ikastetxeko Maite eta Laia hurbildu zaizkigu, Enkapsulatu adimenduna izeneko proiektuarekin. Submisio kimikoaren aurkako ekimena da, edarian droga baten presentzia detektatzeko gaitasuna duen kapsula baten bidez. Kapsula hau edarian sartuz gero, erreakzio kimiko bat pizten da eta droga hauteman daiteke. Gainera, proposatzen dute ezaugarri erreaktibo hori antsiolitiko guztietan ezartzea, horrelako erasoak prebenitzeko eta borrokatzeko.
https://bilbohiria.com/docs2/2025/ibaizabal/250528_lasalle_deusto.mp3
Eibarko Aldatze ikastegitik Jon eta Jon espazioko zulo beltzak ikertu dituzte.
https://bilbohiria.com/docs2/2025/ibaizabal/250528_eibar_zulobeltzak.mp3
Iruñeko Biurdana Ikastetxeko Adriana, Nahia eta Xiaoli izan dira hemen. Laborategian fruta garbitzeko une egokia aztertu dute. Behaketa bat egin ondoren, emaitzek erakutsi dute urarekin garbitutako fruta mikrobio oportunistek erasotzen dutela, eta frutategian denbora luzez utziz gero jan gabe geratzen dela. Beraz, fruitua garbitu eta berehala jatea gomendatzen dute.
https://bilbohiria.com/docs2/2025/ibaizabal/250528_elhuyar_frutak.mp3
Abadinoko Haizea, Uxue, Irati eta Lander litiozko bateria batzuk berrerabili dituzte, eta horiekin powerbank bat osatu dute sakelakoak kargatzeko. Proiektuaren helburua da powerbank hori saltzea, eta lortutako dirua Afrikan litioaren inguruko geretan kalteturiko pertsonei laguntza emateko bideratzea.
https://bilbohiria.com/docs2/2025/ibaizabal/250528_elhuyar_abadino.mp3
Urko eta Jon La Salle ikastegitik heldu dira, Deustutik, “Orinagua” proiektuarekin. Behien gernua hartu eta, baheekin eta izpiekin garbitu ondoren, bertako ur garbia ateratzea da proiektuaren helburua. kutsaduraren kezka dute.
https://bilbohiria.com/docs2/2025/ibaizabal/250528_elhuya_lasalle.mp3
Alex eta Ekaitz Lauaxeta Ikastolatik etorri dira, eta itsasoko uretara botatzen diren zaborren arazoaz hitz egin digute. Bereziki, merkurio maila handia dago itsasoan, eta hori kate trofikoan sartuz bizitza pozoitzen du. Azaldu digutenez, grafenoaren laguntzaz itsasoko merkurioa garbitu dezakegu.
https://bilbohiria.com/docs2/2025/ibaizabal/250528_elhuyar_lauxeta_merkurioa.mp3
https://bilbohiria.com/docs2/2025/ibaizabal/250528_Elhuyar_zientzia_azoka_osorik.mp3
Saioa deskargatzeko hemen.
The post Bilboko Areatzan elkartuko dira gazteen STEAM proiektuak Elhuyar Zientzia Azokan first appeared on Bilbo Hiria irratia.