‘Mozorro gaua’ diskoa kaleratu du Kau Kori Kura. Azken urtean taldeak banaka plazaratu dituen kantuak jasotzen ditu lan berriak hiru abesti berrirekin batera, denetara 21 kantu bildu dituzte.
Zinetika jaialdiari hasiera eman diote aste honetan Donostia, Bilbo eta Iruñean. Hilaren 20ra bitarte, dantzaren gaineko zinema emanaldiak, eskola magistralak, performanceak eta lantegiak izango dira. Zinetikak kultura-esperientzien plataforma bilakatzea du helburu.
Iruñeko ‘Antzerki Aroa’ zikloa martxan da. Abenduaren 11ra bitarte, bost antzezlan taularatuko dira Iruñeko Nafarroako Antzerki Eskolan, Gayarre antzokian eta Iturramako Civivoxan. Proposamenen artean komediak, dramak eta antzerki-hizkuntza berrietan oinarritutako testuak daude.
Ondarroako Literatur Amuak jaialdia urriaren 25etik azaroaren 3ra egingo dute. Zortzigarren aldiz antolatu du Udalak Literatur Amuak, literatura, euskara eta ikus-entzunezko eduki kulturalak batuko dituen jaialdia. Aurtengoak hamar ekintza, hainbat sortzaile eta ehunka parte hartzaile edukiko ditu.
Adineko pertsonen gaitasuna sustatzeko asmoz, ‘Adin Adin’ bertso saioak martxan jarri dituzte. Gipuzkoako adineko pertsonentzako egoitzetara iritsiko dira bertso saioak, egoitzetan bizi diren adinekoen bizi kalitatea hobetu asmoz eta bertsoaren bidez adineko pertsonen gaitasuna sustatuz.
Bernardo Atxagak ‘Etxeak eta Hilobiak’ izeneko eleberria aurkeztu du. Asteasukoak sei kontakizunen bidez, El Pardo kuarteletik, Pau, Baiona, Gaztela edo Texasera eramango du irakurlea. Atxagak agur esango dio eleberrigintzari aurkeztu duen liburu honekin.
Euskal Herriko Dantza Txapelketa eta Dantza Eguna izango dira larunbatean Seguran. Txapelketan, Euskal Herri mailako dantzari onenek parte hartuko dute: Gipuzkoako hamahiru bikotek eta Bizkaiko bikote batek. Bi pieza ezberdin egin beharko ditu bikote bakoitzak: fandangoa txisturen laguntzarekin eta Arin-Arina trikitiarekin.
Xabier Amurizak jaso du aurtengo Manuel Lekuona Saria. Eusko Ikaskuntzaren ustez, bizkaitarrak bertso-eskolak bultzatu eta metodologian eragin nabarmena izan du, bere lana Euskal Herriko bazter guztietara hedatuz.
Izan Argi leloarekin ospatuko dute igandean Nafarroa Oinez. Laugarren aldiz hartu du Tuterako Argia ikastolak Nafarroako ikastolen jaia antolatzeko ardura, eta dena prest dute jada igandean milaka euskaltzale herrian hartzeko. Hiru kilometrok eta lau gunek osatuko dute ibilbidea eta Errigora proiektua eta Dani Lopez euskaltzalea omenduko dituzte