Goizeko Izarretan

Goizeko Izarretan

By Javi Onaindia eta Gontzal GalánNews
Download on the App Store

Goizeko Izarretan episodes

  • Egindako lana gizarteratzeko, liburua, aldizkaria eta dokumentala prestau dabez
    Euskal Herriko herri mugimenduen eraginkortasun politikoa aztertu eta indartzeko prozesua egin dabe azken hilebeteotan hainbat eragilek eta militantek, Mirari Gonzalez Joxemi Zumalabe fundaziñoko kideak azaldu dauenez. Hiru fasetan garatu dabe lana: lehenengo, mugimenduen egoeraren inguruko diagnostikoa egin dabe; ondoren, eraginkortasun politikoa mugatzen daben 40 korapilo identifikau dabez; eta, azkenik, horiei aurre egiteko tresnak landu dabez.
    Azterketaren ondorioz, bost korapilo nagusi nabarmendu dabez. Besteak beste, indibidualizaziorako joera eta militantzian izandako aldaketak, formakuntza politikoaren bakoziak, sare sozialen erabilerak sortutako erronkak eta plangintza errealistak egiteko zailtasunak. Horrez gan, herri mobimentuen barruan alkarlan handiagoa sustetako beharra be azpimarratu dabe.
    Egindako lana gizarteratzeko, liburua, aldizkaria eta dokumentala prestau dabez. Material horreek Creative Commons lizentziapean zabalduko dabez, herri mugimenduen esku jartzeko eta eztabaida sustetako. Liburua eta liburuxka Joxemi Zumalaberen plataforman dagoz eskuragarri, eta dokumentala be laster argitaratuko dabe.
    1 min
  • Teknologia barriek eskola jazarpenean eragin handia euki dabe
    Eskola Jazarpen eta Biolentziaren Kontrako Eguna, ziber-erasoak barne, da zemendiaren 5a. Goizane Laiseka Gernikako San Fidel Ikastolako alkarbizitza arduraduna da eta beragaz bat egin dogu Bizkaia Irratiko sintonian. Eskola jazarpenak kezka handia eragiten dau eskola komunidadean: "Gogorra da pentsetea ikasle bat eskolara bildurragaz etor daitekela". Teknologia barriek eskola jazarpenean eragin nabarmena euki dabe: "Beste dimentsino bat emon deutsie auziari. Ikasleak hezi behar doguz teknologia modu arduratsuan erabilteko". Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak 2017an martxan jarritako ekimena da Bizikasi. Bizikasik erantzun orokor eta integratuagoa emon gura deutso alkarbizitza positiboa garatzeko eta jazarpena errotik ezabatzeko euskal ikastetxeetan urteetan zehar abiarazotako hainbat proiektuei: "Bizikasik ikuspegi zabala dauka eta prebentzinoan zentretan da, batez be".
    1 min
  • Pailazoaren Nazinoarteko Eguna da gaur
    Pailazoaren Nazinoarteko Eguna da gaur. Hori dala eta, Gure Zirkura hurreratu gara Bizkaia Irratian, Iker Galartza pailazoagaz berba egiteko asmoz. Esan deuskunez, pailazoak beti egon dira presente bere bizitzan: "Txikitan Fofo eta Miliki egozan Espainiako telebistan. Ostean, Txirri, Mirri eta Txiribiton heldu ziran ETBra". Clown klaseak existidu arren, Galartzak uste dau barruan eroaten dan talentua dala pailazo izatearena: "Puntu bat norberak euki behar dau bere barruan. Osterantzean, ez daukanari lagundu beharko jako dagozan teknikak erabilita". Normalean, sudur gorriagaz lotzen doguz pailazoak. Dana dala, ez da ezinbestekoa: "Identifikazinoan laguntzen dau, sinbolo bat dalako. Halanda be, Charles Chaplinek ez eban erabilten eta munduko pailazorik onena izan da". Bitartean, Gure Zirkua Abadiñon egongo da zemendiaren 14ra arte.
    1 min
  • UNESCOren Eguna dala aprobetxauta, UN Etxera jo dogu
    UNESCOren Eguna da gaur. UNESCO, dakizuenez, Nazino Batuen erakundea da eta bere helburuak personen bizi kalidadea hobetzea eta bakea sustatzea dira, hezkuntza, komunikazino, kultura eta zientzia arloetan nazinoarteko lankidetza sustatuta. Hemen, geurean be badaukagu UNESCOren Euskadirako alkartea: UN Etxea. Hain zuzen be, UN Etxeko zuzendaria da Arantza Acha: "Orain dala 81 urte sortu zan UNESCO, helburu argi bategaz: bakearen defentsa eregitea personen adimenetik".
    UN Etxearen bulegoa Isozaki dorreetan dauke, Bilbon. Egiten dabezan ekimenak zeintzuk diran azaldu deusku Achak: "Egin beharrekoa egiten dogu. Personak edo erakundeak aholkatzen doguz, UNESCOk defendatzen dituan helburuak betetzeko". Oraintsu Parisen egon da zuzendaria, eta handik ideia ugari ekarri ditu: "UNESCOk ideia politak ditu egungo erronkei aurre egiteko: kulturea, garapen jasangarria, adimen artifiziala eta etika, hizkuntza gitxituak...". Bestalde, jenteak UNESCOren ekimenetan arazo barik parte hartu ahal dauala gogorarazo deusku. Esaterako, zemendiaren 18an ekitaldia dauke Bilborocken: "Geure webgunean sartu, eta bertan daukazue geure agenda. Zemendiaren 18an Gizarte Zibilaren III. Topaketa egingo dogu Bilbon. Aurtengo edizinoan alkarbizitzarako narratibak kontauko doguz, gura dogun etorkizuna eregiteko asmoz".
    1 min
  • Ingeniaritzaren eragina ospitaleetan oso nabarmena da
    Gaur hasi eta barikura arte luzatuko da Bilbon Osasun Arloko Ingeniaritzaren 43. Kongresu Nazionala, Ospitale Ingeniaritzaren Espainiako Elkarteak antolatuta. Hori dala eta, Galder Abos, Bilbo-Basurtu ESIko Finantza-ekonomia Saileko zuzendariordeagaz egin dogu berba Bizkaia Irratian. Honako kongresuetan ospitaleek daukiezan erronkak eta ingeniaritza aldetik zeintzuk erantzun emon leikezan aztertzen da: "Ingeniaritza eta teknika barrien inguruan dagoan beharra aztertuko dogu. Beraz, ez dogu makinetara eroango eztabaidea".
    Izan be, ingeniaritzaren eragina ospitaleetan oso nabarmena da: "Edonon dago, ingeniaritzaren ikuspuntutik ospitalea paradisua da: berogailua, aire girotua, bogan dagozan teknika barriak...": Aurton batez be lau ikuspegi nabarmenduko dabez kongresuan: adimen artifiziala, robotizazinoa, eraldaketa digitala eta osasun azpiegitura barriak eta jasangarritasuna. Aktualidadean dagozan kontuak, beraz: "Barrikuntzak eta tendentziak aztertuko dira, noski, baina erronka barriei aurre egiteko daukagun kapazidadeari erreparatuko deutsagu batez be". Guztira, 2.000 persona inguru espero ditue kongresuan.
    1 min
  • Irakurtearen garrantziaz ohartarazo deuskue
    Azken PISA txostenaren emaitzen ondoren irakurtearen garrantziaz asko entzuten gabilz, eta gaur gai hori aztertu gura izan dogu Roberto Mielgo BAMeko Hizkuntza eta Literaturaren Didaktikako Departamenduko irakasleagaz. Beti jakin dogu irakurtea garrantzitsua dala, baina aspaldion gehiagotan entzuten gabilz. Izan be, irakurteak eragin nabarmena dauka pentsamenduaren garapenean: "Irakurteak hizkuntzaren erabilera jasoagoa ekarten dau, eta horrek mundua ulertzeko daukagun era abertasten dau. Beraz, irakurketak sakontasun handiagoa ekarten dau pentsamenduan".
    Bestalde, zemendiaren 21ean BAM ezagutzeko aukerea eukiko dau gura dauenak: "Hurbildu eta ikusi zer garen!". Eskola ezagutu ahal izango da, Haur Hezkuntzako, Lehen Hezkuntzako eta Gradu Bikotxeko graduei buruzko informazino-saioa eskainiko dabe, eta euren esperientzia kontauko daben irakasle eta ikasleekaz berba egin ahal izango da. Plazak mugatuak dira, arreta personalizaua bermatzeko. Izena emoteko formularioa eskuragarri dago BAMen webgunean.
    1 min
  • Ikerketa CIC nanoGUNEko talde batek gidatu dau
    CIC nanoGUNEko Nanogailuak taldeko ikertzaileek esperimentalki probau dabe posible dala informazino magnetikoa garraiatzeko gai dan spin-korronte bat lortzea altermagneto batetik. Hori dala eta, Jone Mencos, CIC nanoGUNEko ikertzailea euki dogu Goizeko Izarretan irratsaioan. Altermagnetoak material-mota barri bat dira, iman konbentzionalen bereizgarria dan magnetizazino garbia izan ez arren, horrelako korronteak sortzeko gai diranak. Ikerketa horren emaitzak Nature aldizkari ospetsuan argitaratu dira. Ganera, ikertzaile-taldeak nanogailu bat garatu dau, gai dana informazino magnetikoa altermagnetotik atera eta detektagailu batera garraiatzeko. Amaitzeko, egunero erabilten dogun memoria magnetikoaren baitan kokatzen dira disko gogorrak, zerbitzariak edo banda magnetikoak daukiezan txartelak, adibide batzuk aitatzearren.
    1 min
  • Euzko Alderdi Jeltzaleak Oscar Puente ministroaren dimisinoa eskatu dau
    Aktualidade eta politika gaiak aztertu doguz gaur. Dagoeneko zemendian sartu gara bete-betean eta hilabete garrantzitsua izango da. Datorren asterako huelga orokorra dago deituta, eguaztenerako, azaroaren 11rako. Ganera, hile amaieran, zemendiaren 29an, hauteskunde orokorrak izango dira. Alderdiak aurrekanpainan sartuta dagoz eta gaur geugaz Idoia Sagastizabal, Kongresurako Euzko Alderdi Jeltzalearen Bizkaiko hautagaia euki dogu.
    Hasteko, Kongresuko gaurko jarduera batetik ekin deutsagu alkarrizketari. Oscar Puente garraio ministroak Urdako tren istripuaren gaineko azalpenak emongo ditu. EAJk Oscar Puente ministroaren dimisinoa eskatu dau: "10 hilabetetan istripu larri bi euki doguz. Gertaera hau onartezina da eta erantzukizun politikoak eta teknikoak eskatzen doguz". Ganera, Sagastizabalek uste dau tren istripu honek eragina eukiko dauala hauteskundeen emaitzetan.
    Hain zuzen be, Soziometroaren arabera, Kongresuan jarleku bat galduko leuke EAJk, laugaz geratu eta talde propioa galdu: "Inkestak inkestak dira. Talde propioa eukiteko beharra egingo dogu, baikorrak gara eta irabaztera goaz. Hiru bloke dagoz: eskuina-ultraeskuina, PSOE eta PSOEren ezkerraldean dagozan alderdiak, EH Bildu tartean. Geu ez gara bloke baten parte, erdigunean gagoz". Etxebizitzaren gaiak berebiziko garrantzia hartu dau eta hauteskundeak deitu izatean be euki dau eragina. Arlo honetan EAJren proposamena zein izango dan argitu deusku Sagastizabalek: "Persona zaurgarriak, langileak eta jaube txikiak babesten doguz. Eskariari zein eskaintzari begira hartu behar dira neurriak". Bitartean, datorren asterako huelga orokorra dago deituta: "Greba egitea zilegi da, baina gauzak nahastu dira. Grebak ez dau etxebizitza gehiagorik lortuko".
    Amaitzeko, EAJk salatu dau EH Bilduk Tolosako eta Andoaingo udaltzainak Intxaurrondoko Guardia Zibilaren kuartelera bialduten dituala praktikak egitera, Arkautiko euskal akademiara eroan beharrean: "Geure autogobernuaren kontra doa, hemen Ertzaintza daukagu. Kontraesan bat dago esaten dabenaren eta egiten dabenaren artean. Esaldi batean laburbilduta: zelan aldatzen diran gauzak, kamarada".
    1 min
  • Babes fisikoaz gan, babes politikoa, segurtasun-prestakuntzea eta laguntza psikosoziala eskaintzen dabez
    Nazinoarteko Bake Brigadek komunikazinoaren inguruko dekalogo bat aurkeztu dabe Bilbon, giza eskubideen defendatzaileak eta kazetariak babesteko helburuagaz. Miriam Garcia erakundeko teknikariak Goizeko Izarretan saioan azaldu dauanez, pertsona horreek mehatxuak, erasoak eta kriminalizazio-prozesuak jasaten dabez euren lanagaitik, eta askotan euren herrialdeak itxi behar izaten dabez. Horren atzean, besteak beste, interes ekonomiko eta politikoak dagozala nabarmendu dau.
    Dekalogo hau kazetarien, giza eskubideen aldeko erakundeen eta defendatzaileen arteko hausnarketa kolektiboaren emoitza da. Komunikazinoak arriskuan dagozan pertsonak babesten lagundu leike, baina, txarto erabilita, euren egoerea larriagotu be egin leike. Horregaitik, informazinoa zabaltzerakoan, pertsonen segurtasuna kontuan hartzea gomendatzen dabe; esate baterako, mehatxupean dagozanen izenak edo arpegiak ez erakustea, eta erbestean dagozanen senideen egoerea be kontuan hartzea.
    Nazinoarteko Bake Brigadek 45 urte inguru daroez giza eskubideen defendatzaileei laguntzen. Babes fisikoaz gan, babes politikoa, segurtasun-prestakuntzea eta laguntza psikosoziala eskaintzen dabez, baita komunikazinoaren eta sentsibilizazinoaren bidezko lana be. Gaur egun, Latinoamerikako hainbat herrialdetan, Kenian, Indonesian eta Nepalen egiten dabe lan. 
    1 min
  • Kongresuak omenaldirako tartea izango dau, baina gaur egungo erronkei buruzko hausnarketea be izango da ardatz
    Euskal pentsamenduaren ur-jauzia kongresuaren bigarren edizinoa egingo dabe abenduaren 16tik 18ra bitartean, Donostiako EHUren Carlos Santamaria zentroan. Jakin Fundazioak eta Jose Azurmendi Katedrak antolatu dabe ekitaldia, euskal pentsalariaren lana eta ideak lantzen jarraitzeko eta pentsamentuaren inguruko komunidadea batzeko helburuagaz. Iñaki Zabaleta katedrako zuzendariak Goizeko Izarretan saioan azaldu dauanez, lehenengo edizinoa 2019an egin eben. Parte-hartze handia itxaroten dabe oraingoan, eta ehun hizlari eta ikertzaile baino gehiago batuko dira.
    Kongresuak omenaldirako tartea izango dau, baina gaur egungo erronkei buruzko hausnarketea be izango da ardatz. Besteak beste, adimen artifiziala, teknologiaren inguruko gogoetea, itzulpengintza, euskal kulturea, literaturea eta espiritualidadea landuko dabez. Ikertzaile gazteek be protagonismoa izango dabe, euren lanak eta kezkak azaltzeko aukereagaz. Horretarako, hainbat saio paralelo antolatuko dabez, arlo desbardinetan sakontzeko.
    Kongresuan parte hartzeko izena emon behar da, Jakin Fundazioaren eta Jose Azurmendi Katedraren webguneen bidez. Antolatzaileen arabera, izen-emotea kongresua hasi arte egongo da zabalik, baldin eta aurretik leku guztiak beteten ez badira. Parte-hartzaileek saio guztietara joateko aukerea izango dabe, baina izena emoteko orduan zein saiotan parte hartuko daben zehaztea eskatu ahal izango jake.
    1 min

About Goizeko Izarretan

From the publisher's feed

Irratsaio goiztarra, eguna hasteko behar dozun informazino guztiagaz eta ondo pasetako tarteekin. Albiste nagusiak, Bizkaiko albisteak, eguraldia, trafikoa, kulturea musikea, alkarrizketak… unean unekoa.