Ostegunean gaualdi berezia izango dugu Bilboko Kafe Antzokian: oholtza gainean izango dira Cobra eta Leihotikan. Cobrak disko berria aurkeztuko du zuzenean, eta indar eta intentsitate handiko gaua espero da. Bestalde, Leihotikanek 30 urte bete ditu aurten. 1993an abiatu zuten bidea, eta ordutik bi maketa eta bederatzi disko kaleratu dituzte, euskal punk hardcore melodikoaren eszenan erreferente bilakatuz. 2023an plazaratu zuten “Etorkizuna ginenean” lana, orain arteko ibilbidea laburbildu eta gaurkotasunez jantzi duen diskoa. Hiru hamarkadako ibilbidea, konpromezuz, sentimenduz eta “su motelaren” filosofiari eutsiz egina, ospatzeko modukoa da zalantzarik gabe. Urteurrena borobiltzeko, lehen diskoaren berrargitalpena ere kaleratuko dute, binilo formatuan eta edizio berezian. Horri lotuta, 30 urte hauen errepasoa egingo duen kontzertu bira abiatuko dute: Bilbo, Donostia, Iruñea, Madril… geltoki nagusien artean. 30 urte igaro dira, baina galdera airean dago: hemen ez da ezer aldatzen? Ibilbideaz lasai hitz egiteko, tartetxo bat hartuko dugu Gorka Armendarizekin, Leihotikaneko abeslariarekin.