Oinatz Bengoetxeak (Leitza, 1984) 2022ko Urriaren 29an utziko dio pelotari profesional izateari. Labriten jokatuko du azken partida, aurrenekoa jokatu zuen toki berean. Profesional hasi baina askoz lehenago hasi zen pilotarekin harreman estua izaten. Jaioterrian, Leitzan, plazako frontoi irekian hazitako pelotaria da, kaleko pelotaria. Orduak ematen zituen bertan umetan, egunez bezalaxe udarako gauetan ere "berezkoa nuen nik pilotan jokatzea". Jaiotetxea handik ehun metrora zeukan. Ondoren jo zuen herriko pilota eskolara, eta han aurkitu zuen Julian Iparragirre, maisua. Egun, Euskadi Irratiko pilota aditua.
Oinatz eta Julian, Leitzako plaza horretan elkartu ditu Kepa Iribarrek podcast gisara eskaintzen dizugun elkarrizketako. Bengoetxearen txapelak, aurkariak, prestakuntza…. finean bizimoduaz iharduteko, "bizitzari beti baietz esaten diot nik, kalean bezalaxe kantxa barruan, beti aurrera" dio Oinatzek. Eta halaxe zukutu du pelotari izatea, pribilegio bat izan dela barneratuz, baina bestelako plazerrei uko egin gabe "txapelketa garrantzitsuak beti prestatu izan ditut serio, baina parranderoa ere izan naiz, eta harro esaten dut".
Frontoi handitako ibilia bukatzean, debutatu zuela 20 urte bete arteko hilabeteak herri txikietan jokatuz emango ditu, azkena etxean, Leitzako plaza irekian jokatuz "izugarrizko ilusioa egiten dit hasi nintzen tokian amaitzeak" dio EITB podkasteko elkarrizketa biografikoan pelotari handiak.