Pentsionistak astero, feministak martxoaren zortziko mobilizazio erraldoietan, greba irakaskuntzan, Altsasuko gazteekiko elkartasun ekimenak nonahi…; gure kaleak betetzen ari dira eta iruditzen zait ez dela kasualitatea, pizten ari den haserrearen adierazpena baizik. Mobilizazio ezberdinez ari gara, jakina, eta honek azterketa zorroztea eskatzen digu, sinplismoan ez erortzeko, baina protesta guzietan edo gehienetan, bederen, sakontzen ari den egoneza atzematen ahal da.