Koben eguna ospatuko da igande honetan. Arrikrutz-Oñatiko kobetan asteburu osorako ekimenak antolatu dituzte. Leire Garaik esan digunez, larunbatean sakonera handian bizi diren troglobioak, zomorroak ikertuko dituzte. Igandean berriz, erdi prezioan izango dira bisita gidatuak. 15 kilometro ikertu dituzte gaurdaino Arrikrutzen. Oso sonatua izan zen duela 50 urte Iberiar Penintsulan aurkitu zuten leize-lehoiaren hezurdura bakarra. Hartzak, mamutak, errinozeronteak... eta gizakien asentamentuak agertu dira bertan. Aukera paregabea lur azpiko zein lurrazaleko altxor eta parajeez gozatzeko.