
Sign up to save your podcasts
Or


Isabel Gonzalezen gidaritzapean izanen da igandean Nafar Haziak emankizuna. Agoizko Musika Bandako musikariak batu eta Leire Unzue saxo-jolearekin eta Javier Lorente tronpeta-jolearekin atonduz emankizun borobila prestatu dute.
Musika estilo anitzak izanen dituzte, fanfarretik hasi, jazz doinuetatik pasa eta erritmo lasaiak ere uztartuz. Nafarroako Musika Banden federazioaren ideia izan da eta hala garatu dute, Agoitz akuilu izango duen emankizuna eskaintzeko. Publiko guztiei zuzendutako emankizuna izanen da, kalitate handikoa gainera.
Gaur emankizuna aitzakitzat hartuta Isabel Gonzalez zuzendaria eta Leire Unzue saxo-jolea izan ditugu gurean. 8 ordutako hiru entsegu eginen dituzte aurretik igandean dena prest edukitzeko.
Isabel Gonzalez eta Leire Unzue Irati Irratian
1976ko apirilaren 5ean 29 ekintzaile politikok Segoviako gartzelatik ihes egin zuten. Euskaldunak gehiengoak baina tartean bazen Kataluniatik etorritako MIL erakundeko Oriol Sole Sugranyes. Kamioi batean muga alderantz jo eta Sorogain inguruan mendian barna ihesean zirela Guardia Zibilen tiroen ondorioz hilik suertatu zen Oriol. 29 horietatik 4k lortu zuten Iparraldera ihes egitea, besteak atxilotu zituztelarik.
Oriol 28 urterekin erail zuten eta urtez urte ekitaldiekin birgogoratu egin izan ohi dute baita zendu zen tokian monolito bat ezarriz. Aurten Auritzetik irtenda omenaldia eginen zaio 50. urteurrena dela eta. Honen aitzakipean Oriolen anaia den Jordi Sole Sugranyes izan dugu, Oriol bera nola zen ezagutzeko eta baita efemeride honek zer nolako eragina izan ohi duen jakiteko.
Jordik aipatu digun moduan Oriol liderra zen eta Segoviako hirugarren ebasioa zuen, askatasuna biziki maite baitzuen.
Jordi Sole Irati Irratian
Aste santu lasaia izan dugu eguraldiaren partetik eta hori bera aprobetxatu du David de Andres lagunak kudeatzen dituen estazio zenbait konpontzeko. Ondoren asteburuko eguraldi iragarpena eskaini digu.
David de Andres Irati irratian
Duela bi urte hasi zen sukaldatzen txapelketa hau egitearen ideia eta jadanik bigarren urtea du. Bertan maila desberdinetan sailkatuta frontenis txapelketa burutu egiten da zeinetan adin eta abilezia desberdina duten lagunak frontoiaren bueltan elkartzen diren. Aurten izen ematea apirilaren 12an amaitzen da eta bikoteka zein norbanako moduan izena eman dezakezu.
Honen inguruan solasean izan dugu gaur antolaketa lanetan dabilen Naia Sanchez Carballo aurizberritarra. Berak gonbidapena helarazi digu txapelketan izena eman dezagun.
Naia Sanchez Carballo Irati Irratian
Jaso ditugu entzuleen zenbait gai jorratzeko proposamen. Horietako batzuk pantailen kontua lantzea eskatu zeniguten eta hori bera lantzen hasi da nerabezaroan aditua den Miren Cia Urrutiak bere gaurko kolaborazioan. Ikerketek diotenez mugikorra edukitzeko adina bataz beste 12 urtekoa dela, nahiz eta Mirenek aipatu bezala adina hau jeisten ari den.
Mugikorrak intentzio zehatzekin egiten bada ere (babesa eta kontrola) arrisku asko ekar diezaioke nerabe horri, mundura ate handi bat irekitzen baitzaio. Pantaila erabilerak hainbat arazo ekartzen dizkio nerabeari eta horien inguruan solastu gara. Izan dira ere zenbait nerabe adikzioak lantzeko tratamenduetan sartu behar izan direnak gehigizko erabilera horiengatik.
Mirenek gaurkoan emandako gomendioa da mugikorra eman behar baldin bazaio aurretiaz lantzen hastea, nerabearekin akordioak egitea.
Bi errekurtsoren berri eman dizkigu, “La generación ansiosa” liburuarena zeina gaia sakonki lantzen duen eta “Modo Avión” dokumentala.
Miren Ciaren webgunean duzue informazioa eta kontsultak egiteko aukera
Miren Cia Urrutia Irati Irratian
Modo Avion dokumentala- Garazi Sanchez:
Lehen edizio arrakastatsuaren ostean bueltan dator Agoitz Loretan jaialdia. Bigarren edizioa maiatzaren 8tik 10era izanen dugu eta berriz ere Agoitz kolorez janztea eta jasangarritasunari zentralidadea ematea izanen du helburu.
Bertan landaren eta lore azoka, lorategi iragankorrak, pintxo loredunak, mikrolorategi lehiaketa, musika eta batez ere loreen presentzia nabarmena izanen dugu. 3 egunetan zehar loreekin zerikusia duten bisita gidatuak izanen dira baita Agoitzeko udaletxe parean dagoen irudia loreez betetzeko aukera.
Hau guztia kontatu digu gaurkoan Mikel Baztan Agoitz Loretan jaialdiko antolatzailea
Informazio gehiago eta inskripzioak : [email protected]
Mikel Baztan Irati Irratian
2 edizioa aurkezteko bideoa:
Pirinioko plana kudeatzen duen eta Pirinioko Mahaia, Nafar Gobernua, Parlamentua eta Gupirinioako lantaldea osatzen duen Pirinioko Asanblada urteroko zita izan zuen Erroko udaletxean atzo. Bertan, 2025ak utzitakoak errepasatu eta etorkizunerako erronkak jarri ziren mahai gainean.
Autokritikarako tartea ere izan zen agian ez baita gauza zenbait direla medio behar bezainbeste aurrerapenik egin, hala ere kogobernantzan aurrerapausu nabarmenak izan direla nabarmendu egin zuten alde guztiek.
Honen ostean 2026. urtearen lan ildoak adostu egin ziren zeinak hainbat zutabe izanen dituzten. Etxebizitzaren arazoari aurre egitea, Zaintzaren alorrari irtenbide emankorrak topatu eta garatzea, lehen sektoreari bultzada ematea eta Pirinioko Planaren kogobernantza gotortuko duen formularen ezarpena. Azken hau hauteskundeetan planaren geldiaraztea ekiditeko formula litzateke, formula juridikoa Pirinioko Planaren jarraipena bermatuko lukeena.
Aurten Pirinioko planak 3,1 milioi euroko inbertsioak izanen ditu alor desberdinetan eta horrek ahalbidetuko du hainbat proiekturen gauzatzea. Pirinioko planaz eta proiektu horietaz solastu gara gaurkoan Pirinioko Mahaiko kidea eta Auritzeko alkatea den Unai Irigarai Osesekin.
Unai Irigarai Oses Irati Irratian
Martxoak haizearekin eta eguraldi ezegonkorrarekin agurtu gaitu, inkluso elurra izan dugu altuera ertainetan. Hala komentatu dugu David de Andres lagunarekin. Ondoren aste santurako iragarpenarekin sartu gara, honetan bi parte ezberdin nabarmentzen direlarik.
David de Andres Irati irratian
Abuztuan ireki zuten Aribeko Garea artisau azoka moduan zonaldeko 5 artisauk. Lan handia egin ondoren eta esperientziak utzitako zapore gozoak ekarri dute proiektuaren jarraipena. 5 horietatik batek utzi duen arren 3 artisau berrik hartuko dute parte proiektu honetan. Hau guztia komentatu digu Garei Kolektiboko kidea eta Herbaria proiektuko Kattalin Barber Gutierrezek. Berak animatu gaitu bertatik pasa gaitezen eta bertakoa kontsumitu dezagun.
Bertan agertzen diren proiektuak edo artisauak:
– Huellas Nomadas (Kollareak eta pulserak) – Cris, Hiriberri
– Emeki bitxigintza- Itziar Berruezo, Aria
– Gonzalo Santoma argazki eta musika – Garralda
– Material naturalez ekoitzitako lanparak – Adan Leiva, Orbaizeta
– Herba.ria (Loreekin eginiko artelanak) – Kattalin Barber Gutierrez, Saragueta
– Tote bag eta zurazko belarritakoak- Maite Astiz, Auritz
– Zurezko etxeko tresnak – Peio Irigoien, Garralda
– Marrazkiak – Izura Ansorena, Orbaizeta
Kattalin Barber Gutierrez Irati Irratian
2020an sute batek utzi zuen Aizpurgi Idokorri elkarterik gabe. 4 hamarkada zeramatzan elkartea herriko elkargune eta motore izaten eta gertaera lazgarri horretatik argi eduki zuten Idokorri berriz ere eraiki behar zela. Oztopoak-oztopo pixkanaka-pixkanaka joan dira elkartea berreraikitzen eta tarteka lan horiek finantzatzeko moduak bilatzen. Hori ez ezik, herrian ekitaldiak eta jaiak antolatu dituzte ere baita txozna alternatibo bat jarri ere. 6 urte eman dituzte buru-belarri lanean eta larunbata honetan ofizialki inauguratuko dute elkartea.
Aukera hau aprobetxatu dugu Idokorri elkarteko kidea den Toño Bracorekin egoteko. Toñoren hitzetan nabaritu da zer nolako emozioak sortarazten duen herritarren elkargune hau berriz ere edukitzeak.
Zorionak Aizpurgiko herritarrei euren elkargunea izandako Idokorri elkartea berreraiki dutelako!
Toño Braco Irati Irratian
From the publisher's feed