Jokoan

Jokoan

By Ramon BasalduaSports
Download on the App Store

All Jokoan episodes

  • Basque Team-eko medikuak atleten prestakuntzaz berba egin deusku
    Dagoeneko hasi dira Joko Olinpikoak eta atleta guztien artean, lehiaketa entzutetsu honetan, asko dira parte hartzen ari diran euskaldunak. 33 euskal kirolari Parisen eta asko Basque Team Fundazioaren parte dira. Horregaitik, Markel Arregui Basque Team fundazinoko medikuagaz berba egiteko aukerea izan dogu.
    Arregui, fundazinora iritsi aurretik, Athletic, Amorebieta edo Alaves lako klubetan egon zan. Medikuak nabari dau atleten eta futbolarien arteko aldea, baina esperientzia sinistuezina eta kirolariekiko harremana oso ona dala dino. Gainera, kirolariak oso profesinonalak dirala onartzen dau: "Emoitzak lortzeko badakie asko sufridu behar dabela".
    Joko olinpikoetara doazen atletei jagokonez, prestakuntza oso garrantzitsua da. Denpora luzez prestetan dabe atleta, bai fisikoki, bai mentalki. Onartzen dau, halaber, elikadura oso garrantzitsua dala horretan, eta atleta askok alde batera uzten dabela. Arreguik Bat Formulagaz alderatu dau, eta esan dau elikagaia atleta baten gorputzeko gasolina dala.
    Kirola egiten dauen jenteari aholkuak emoteko astia be izan dau. Medikuak dino kirola ezinbestekoa dala eta egunero egitea garrantzitsua dala. Danak ez dira gai ahalegin asko egiteko, baina egunero apur bat egitea gomendatzen dau. Arreguik dionez, "garagardo bat hartzea be ondo dago".
    23 min
  • "Igor Cabezas nire bigarren aita lakoa da"
    Naia Garmendia boxeolaria nagusitu zan joan dan asteburuan 50 kilotik beherako elite mailako Espainiako Boxeo Txapelketan. Igor Cabezasek entrenauta, Zuleima del Pino kanariarra gainditu eban behin betiko burrukaldian eta elite mailan Bizkaia eta Euskadirentzat urre bakarra lortu eban. Hori dala eta, Naia Garmendia gure mikrofonoetatik pasau da txapeldun izan ostean.
    Garmendiak finalaurrekoan presino handiagoa izan ebala onartu dau finalaurrekoagaz alderatuta: "Finalean lasaiago egon nintzan, uste dot finaerdietan aurkaririk onena izan nebalako izan zala". Finalean galtzen hasi zan eta gora egin behar izan eban urrezko domina irabazteko. Boxeoan kantoia oso garrantzitsua da eta horregaitik Igor Cabezasen aholkuek asko lagundu eutsien bilbotarrari. Boxeolariaren esanetan, "Igor nire bigarren aita lakoa da".
    Etorkizunari begira, Garmendiak entrenetan jarraituko dau, gustukoen dauena gozetan. Boxeo pofresionalera jauzi egiteko aukerak hor jarraitzen dau, baina oraingoz ez dau ikusten. Amateurraren eta profesinonalaren arteko aldea nabarmena da, txanda gehiagotan eta kaskorik barik burrukatzen baita. Oraingoz, kategoria berean jarraitzeko asmoa dau.
    8 min
  • Ibai Rodriguez oso pozik agertu da lortutako emoitzeagaz
    Ibai Rodriguez Espainiako txapelduna izan da Salbamendu eta Sorospeneko esprint probako junior modalidadean. Nojan eta Santanderren kopak irabazi ostean, durangarra izan da onena Castellonen urrezko domina lortuz. Hori dala eta, Ibai Rodriguez euki dogu Bizkai Irratiko mikrofonoetan txapeldun bilakatu ondoren.
    Rodriguez orain zortzi urte hasi zan igeriketan Durangoko Tabira klubean. Modalitate barri honetan lau urte pasata hasi zan eta emoitza oso onak lortu dauz. Mutil gaztea oso futbolaria izan da beti, eta une batzuetan kirol biak buztartu ebazan. Rodriguezek onartu dau asmau egin ebala aukeraketan: "Txikitatik jokatu neban lagunekin futbolean, baina gero igeriketearen alde egiten neban".
    Modalitate barri hau orain lau urte jaio zan klubean, eta ordutik hona Rodriguez izan da onenetakoa. Onartzen dau modalitateak bere zailtasuna daukala, baina "entrenamentuagaz emoitza horreek lortu daitezke". Rodriguezek kirol honen aldeko apustu sendoa egin eban, futbola itxi eta bera bakarrik hasi zan igeriketan, inolango lagunik barik. Orain, kluba bere familia lakoa da eta lagun asko daukoz. Espainiako txapelketea irabazi ondoren, guztietaz oroitu zan, bere familia tartean, "eurak diralako ahalegin guztien atzean dagozanak".
    Durangoko gazteak epe luzerako helburuak daukoz. Momentuz hurrengo lehiaketetan jartzen dau arretea, baina selekzinoaren zerrendan egon eta munduko txapelketa baten parte hartzeko aukerea be izan gura dau. Bere berbetan, esfortzuz dana iristen da eta gauza guztietan egoteko burrukatuko dau.
    6 min
  • Josu Elu, Ondarroako arraunlaria, pozik agertu da Galizian lortutako emaitzekin
    Zierbena eta Urdaibai izan dira Galizian ospatutako estropaden irabazleak. Zapatuan, Ribeiran, galipoak izan dira nagusi eta domekan, Boiron, Urdaibaik denporaldiko seigarren bandera lortu dau. Halan be, ez dira emoitza onak lortu dabezan bizkaitar bakarrak izan, Ondarroak eta Lekeitiok puntu onak lortu dabez-eta hurrengo estropadei begira.
    Galipoen bigarrena
    Zapatuko estropadean ez da inolako ezustekorik egon banderei begira. Zierbenak denporaldiko bigarren bandera lortu dau, Urdaibairi bi puntu murriztea lortu dauen estropadan. Sailkapenari jagokonez, ezustekoa Ondarroaren bosgarren postuarekin eta Hondarribiaren hamargarren postuagaz iritsi da. Bizkaitarrek maila onean egin dabe arraun, denporaldiko emaitza onena lortu eta ohorezko txanda jokatzeko bi segundora geratu dira. Josu Elu Ondarroako arraunlariagaz berba egin dogu. Eluk onartu dau oraingoan gauzak ondo atera dirala, eta ez beste batzuetan lez: "Donostiagaz burrukan aritu gara eta gero erritmo onari eutsi deutsagu".
    Bizkaiko beste traineruei jagokenez, Bermeo hirugarren izan da, Lekittarra seigarren eta Kaiku bederatzigarren.
    Urdaibairen seigarren banderea
    Domeka goizean seigarren bandera iritsi da Urdaibairentzat eta zapatuan Zierbenarekiko galdutako puntu biak berreskuratu dauz. Boiron, Urdaibai, Zierbena eta Ondarroa kenduta, Kaiku eta Lekeitio ez dira oso ondo ibili. Lehenengoa azkena izan da, 30 segundoko desabantailagaz. Lekeitiori jagokonez, bederatzigarren izan da, eta sailkapen nagusian Ondarroa zazpi puntura urrundu jako eta Cabo gainetik dau, puntu bardinekin. Ondarroako traineru bizkaitarrak ezustekoa emon dau, seigarren amaitu dau estropadea eta Getariako trainerura hurbildu da sailkapen nagusian. Elu arraunlaria oso pozik agertu da Ondarroari bigarren txanda irabazteak aurre egiten eutsalako: "Errasti iritsi zanetik behin bakarrik irabazi genduan eta gure helburua zan".
    6 min
  • Unai Arrizabalagak txapelketearen emoitzekin pozik agertu da
    Pasadan astegoienean jokatu eben Ajangizeko horma bakarreko pelota txapelketa. Aurtengoa bederatzigarren edizinoa izan da eta hamar pelotarik bost bikoteko desafioa lehiatu eben. Mendietako frontoian, Okamika eta Uribe bikoteak irabazi eben txapela. Hori dala eta Unai Arrizabalaga, txapelketako parte hartzailea, euki dogu Bizkaia Irratiko mikrofonoetan.
    Txapelketak hainbat berezitazun daukaz. Alde batetik, horma bakarrean jokatzen dala eta bestetik, bikoteak zozketaz aukeratzen dirala. Horregaitik, Arrizabalagak onartzen dau asko entrenetan dabela frontoi berezi honetan jokatu ahal izateko. Pelotariak gaineratu dau jokatzeko modua be asko aldatzen dala. Kontuan izan behar da horma bakarra dagoala eta ez dagoala ezkerreko hormaren erreferentziarik.
    Sakeari jagokonez, pelota leku garbienera bialtzea da gakoa. Izkinetan harri txikerrak egon ohi dira, eta horrek kalte egin leike. Horregaitik, gaineratu dauenez, "beti dozu pelota nora jaurtitzen dan jakiteko zalantzea". Posizinoa be oso garrantzitsua da. Binaka jokatzen da, banakakoan pelotalekua oso handia geratzen dalako. Horregaz jarraituz, aurrelariek ohikoa baino gehiago hartzen dabe aurrea, eta atzelariak gorago eta erdikaldera jartzen dira.
    Lehen aitatu lez, txapelketaren bederatzigarren edizinoa da. Horrek esan gura dau txapelketak ondo funtzinonatzen dauela eta jentea hurbiltzen dala pelotariek eskaintzen daben ikuskizun polita ikustera. Arrizabalagak gaineratu dauenez, "denporak be lagundu eban", eta hori beti da positiboa jentea Ajangizera hurbiltzeko daukien gogoei jagokonez.
    7 min
  • Zapatuan Zierbena eta domekan Urdaibai izan dira Eusko Label ligako banderen irabazleak
    Zierbenak Bilboko bandera irabazi eta Urdaibairen bolada ona eten dau. Erlojupeko estropadan, Galipoak 'txo' -ak baino 86 ehunen hobeak izan dira. Hori bai, domekan Urdaibaik ez dau amore emon eta denporaldiko bosgarren bandera lortu dau. Hori dala eta Urdax Antepara, Zierbenako arraunlaria euki dogu gugaz berbetan Jokoan irratsaioan astegoieneko estropadei buruz.
    Ezustekoa zapatuan
    Zapatuan ospatu zan denporaldi guztiko erlojupeko estropada bakarra. Banan-banan, sailkapenaren arabera, traineru guztiak atera ziran, lehena Bueu-ko galiziarra eta azkena Urdaibaiko Bou Bizkaia. Lehen txandan, Kaiku beste traineruak baino gehiago izan zan, 20 minutu eta 7 segundoko denpora eginez. Atzetik etorri jakozan Cabo, San Pedro eta Bueu.
    Bigarren txandan, ezustekoa izan zan Donostiarrak bakarrik gainditu ebala Kaikuren denpora. Getaria, Ondarroa eta Lekittarra, hiru segundoan, bizkaitarren atzetik geratu ziran.
    Ohorezko txandan, Orio izan zan lehena urteten. Hondarribiagaz batera, oso urrun geratu ziran goiko bietatik, 15 eta 20 segundo galdu ebezalako, hurrenez hurren. Zierbena eta Bermeo artean izan zan burrukea. Bizkaiko talde biak banderagaitik burrukatu zirqn eta oraingoan txanponak galipoentzat egin eban.
    Ohiko domekea
    Domekan, Zierbenak distantzia gehiago murriztu gura izan eban Bermeorekiko, eta horretarako beste bandera bat lortu behar eben. Lehen txandan, Cabo Lekittarra, San Pedro eta Bueu baino askoz gehiago izan zan. Coruñako taldeak 20: 22ko denpora egin eban, eta bigarren txandako traineru batzuk baino hobea izan zan. Donostiak Caboren denpora hautsi eban lehen zortzi traineruen artean bakarra izan zan, 20 minutu eta 16 segundoko denporeagaz. Bestalde, Ondarroa, Getaria eta Kaiku atzean geratu ziran.
    Azken txandea erabagigarria gainerako lau traineruentzat. Dana oso liskartsu hasi zan lauren artean, baina Orio berehala jausi zan, inolako azalpenik emon barik. Hondarribiak, Bermeok eta Zierbenak azken momentura arte burrukatu eben. Lehena azken luzera arte lehenengo postuan kokatu zan. Beste biek erritmoa jarraitu eutsien, eta amaitu aurretik atzean itxi eben. Zierbena eta Bermeo artean geratu zan dana. Bou Bizkaia 3. kaletik eta galipoak 2.etik. Bermeo berehala laugarren kalera jausi zan korrontea txikerragoa izan eitean. Zierbena, barriz, bere kalean mantenidu zan. Helmugara heltzeko metro gitxi falta ziranean, Urdaibaik eta Zierbenak buruan jarraitu eben, eta azken 30 metroetan Bou Bizkaiak erasoa jo eban bosgarren banderea lortzeko.
     
    10 min
  • Maria Casillas oso pozik agertu da Bizkaia Irratiko mikrofonoetan
    Swim Camp Getxo taldeko Maria Casillasek, Lara Vicandik, Ane Ibarrondok eta Naia Ibarrondok Europako eta Munduko errekorra lortu dabe errelebo modalitatean. Bizkaiko taldea Sao Joao da Madeiran (Portugal) egon da, XXV. Masters Verao txapelketan lehiatzen. Hori dala eta, Maria Casillas Bizkaia Irratian egon da berbetan.
    Casillas oso pozik agertu da joan dan astegoienean Portugalgo txapelketan lortutako emoitzakaitik. Onartu dau oindino taldeak ez dauela sinisten lortutakoa: "Oso pozik gagoz, astegoien polita izan da". Taldeak oindino ez dau festarako denpora askorik euki, domekan denporaldiko azken txapelketa daukie eta. "Egun horretatik aurrera oso ondo ospatuko dogu", dino galdakaoztarrak.
    Txapelketei jagokonez, 4x100 estilo+100 proban, Europako errekorra 4 '42 "20 zan, eta lau igerilariek 5 segundoan hobetu eben denpora, 4' 37" 39 eginez. Casillasek onartzen dau ondo ekiela gainditu beharreko denpora berria, baina ugerlekutik urten arte ez ebela jakin: "Bagenkian lortu genduala, baina denpora ofizialaren zain gengozan". Munduko errekorrari begira, 4×50 crol +100 proban 1'49"9 denpora egin eben. Aurreko denpora 1 '50 "28 zan, 2016koa, eta zortzi urte ondoren segundu bat baino gitxiagoan hobetu dabe.
    Errelebo proban lau igerilarien arteko harremana eta sinkronikazioa ezin hobea izan behar da. Gainera, kontuan izan behar da laurek denpora personala hobetu behar dabela, eta horrek are gehiago zailtzen dauala marka berria lortzea. Galdakaoztarrak argi dauko lau kideen artean erlazino ona euki behar dala: "Taldean argi daukagu igerian ondo egiteko zoriontsuak izan behar garela, eta horretarako giroa ona izan behar da".
     
     
    8 min
  • Andoni Arrasate, Bartzelonako Nafarren Etxeko Esku Pelota klubeko ordezkaria, pozik agertu da txapelketeagaz
    Esku Pelotako Eskolarteko Txapelketaren 11. edizinoa ospatuko da Bartzelonan garagarrilaren 20 eta 21ean. Nafarren Etxeak antolatutako txapelketa honetan, estatu osoko 15 eskolatako 140 pelotari baino gehiago bilduko dira Kataluniako uriburuan Esku-Pilota Eskolen XI. Torneoan, haur mailatik senior mailara.
    Hori dala eta, Andoni Arrasate, Bartzelonako Nafarren Etxeko Esku Pelota klubeko ordezkariak berba egin dau Bizkai Irratian. Bizkaitarra ilusino handiagaz agertu da eta txapelketarako gogo handiak daukazala adierazi dau: "Hilabeteak daroaguz lanean, dana ondo ateratzea eta mundu guztia pozik egotea espero dogu".
    Txapelketa honetan Katalunia, Euskadi, Nafarroa, Errioxa, Aragoi, Madril, Levante eta Gaztelako pelota eskoletako pelotariek parte hartzen dabe. Torneoa Kataluniako uriburuko toki ezbardinetan kokatutako zortzi pelotalekutan egingo da; Nafarren Etxea, Santa Coloma, Bac de Roda eta Vall d'Hebron, hurrenez hurren. Markinarrak argi dauka txapelketaren helburua eta espero dau holan izatea: "Haurrek alkar ezagutzea gura dogu, eta Espainia osoan esku pelotan jokatzen dala ikustea ".
    Txapelketa honetan Peio Etxeberria, Arkaitz Eskuza edo Andoni Gaskue lako pelotariek parte hartu dabe aurreko edizinoetan, beraz, ez litzateke harritzekoa hurrengo urteetan zerrenda luzatzea. Arrasate txapelketa erakusleiho ona dala uste dau, nahi-ta txapelketa honetan beste ikusgarritasun mota bat bilatzen dan. Helburua pelotari ikusgarritasuna emotea da. Horregaitik, eskolak ahalik eta pelotari gehien eramaten saiatzen dira, jokatzeko eta maila erakusteko aukera izan daien. Arrasateren berbetan argi ikusi da euren intentzinoa. "Pelotalekuan lau dagoz jokatzen, baina kanpoan beste asko dagoz lagunak egiten, berbetan eta partiduaz disfrutatzen", gehitu dau markinakoak.
    Honeek dira aurtengo edizinoan parte hartuko daben klubak: Bidebieta (Basauri), Eraso (Tutera), Golmayo (Soria), Itsasalde (Santurtzi), Beti onak (Atarrabia), Stadium Venecia (Zaragoza), San Francisco Javier (Lodosa), Aurrera (Leitza), Castelloner (Valentzia), Leganés (Madril), Uruñuela (Errioxa), Jaime Oñate (Pedrajas), El Molar (Madril), Lagunak (Barañain) eta Nafarren Etxea (Bartzelona).
     
    7 min
  • Nile Urrutia gogotsu agertu da Europako txapelketeari begira
    Nile Urrutia eta Maria Campo Belgikan egongo dira Zaldi-heziera Klasikoko Europako Txapelketan. Bizkaitar biak, garagarrilaren 25etik 28ra bitartean, lehiatzeko aukeratu dauz Espainiako selekzinoak. Hori dala eta, Nile Urrutia 18 urteko jatabetarrak berba egin dau Bizkaia Irratian.
    Urrutia pozik agertu da Belgikan lehiatzeko Espainiako selekzinoagaz hautatua izan dalako. Bizkaitarra gogotsu dago garagarrilaren 25a heltzeko, dakiena erakutsi ahal izateko: "Garrantzitsuena gozetea da, esperientzia honeek ez baitira egunero bizitzen". Bigarren aldia dau Europako txapelketan. Igaz Alemanian izan zan eta txapelketan bizi izandako esperientziak asko lagunduko deutsola uste dau: "Igaz ez nekian zer pasako zan, aurten beste modu batera aprobetxetea espero dot".
    Bere alboan Maria Campo be egongo da, hau be bizkaitarra eta Europako txapelketa jokatuko dau lehenengoz. Urrutiak aholkuren bat edo beste emon deutso, Campo hasibarria izan ez daiten. Alkar ezagutzen dabe eta lehiaketa askotan parte hartu dabe. Nilek gomendatzen deutso Belgikan egun horietan gozetea eta "ondo pasetea dala garrantzitsuena". Bistan da ez dirala paseatzera joango eta ahalik eta ondoen geratu gura dabe txapelketan.
    Txikitatik zaldi gainean
    Nile Urrutia txiki-txikitatik hasi zan hipikan, 8 urtegaz hain zuzen be, Laukizen, Bizkaiko herri txiker batean. Urteak aurrera joan ahala, Urrutiak serioago hartzen eban, 10 urtegaz lehiatzen hasi zan arte. Orain, 18 urtegaz, bere bigarren Europako Txapelketan parte hartuko dau, beti maite izan dauan kirol baten.
    6 min
  • Amaia Lasarte zapaturako gogotsu agertu da
    Emakume talde batek Ondarroatik Donostiara egingo dau arraun asteburu honetan. Andrak Erramutan talde feministaren eskutik, 45 urtetik gorako 37 emakumek 110 kilometroko arraunean egiteko erronkari ekingo deutse. Goizeko 8: 00etan hasiko dira Ondarroan eta Gipuzkoako hainbat herritan geldialdiak egingo dabez.
    Amaia Lasarte arraunlariak  berba egin dau Bizkaia Irratian. Lasarte pozik agertu da aurrean daukien erronkeagaz eta hasteko gogo handia daukiela dino: "Errespetu handia deutsagu erronkari, baina ilusinoa aurretik dago". Orion egin eben lehen erronkea 2018an eta Bilboraino joan ziran arraunean. Hainbat emakume mobilizatu ziran kostaldeko herrian erronkea egiteko eta Donostiaraino arraunean joateko. Taldeak helburua argi dauka eta inork ez deutso kenduko: "Emakumea eta batez ere adin bat daukienak bistaratu nahi ditugu".
    Erronkea goizeko 8: 00etan hasiko da, arrantzaleen kofradiaren sirena entzutean. Negu gogor baten ondoren, dana ondo badoa eta itsasoa egoera onean badago, Mutrikurantz abiauko dira beste bi trainerugaz. Ondoren, ibilbidea jarraituko dabe eta lehenengo geldialdia Orion egingo da, non klubeko arraunlarien harrerea jasoko daben. Lasarte urduri agertu da itsasoaren baldintzakaitik: "Itxaroten dogu itsasoa haserre ez egotea, erronkea trankil amaitu gura dogu eta".
    Erronka hau egiteko buru-belarri lan egin behar izan dabe. Urritik lanean aritu dira lubakian, emakume askok ez dabelako arraunean egiten. Ondoren, urtarrilean itsasora jauzi egin eben eta ordutik ez dira gelditu. Arraunlariak onartu dau gogorra izan zala neguan hastea: "Persona batek edo bik bakarrik ekien arraunean; orain, gitxi gorabehera, prest gagoz erronkeari aurre egiteko ".
    Hurrengo erronkea
    110 kilometroak amaitu ondoren, Lasartek onartu dau pena handia emongo deutsela amaitzeak, eta hurrengo erronka bat izatea espero dabe. Oraingoz, euren artean berba egin dabe, eta "eskaerak jasoteko prest gagoz" dino.  Ez dakie erronka barririk atarako dan edo ez, baina argi daukie beste neska belaunaldi batzuei ateak zabaltzea itxaroten dabela.
    7 min