
Sign up to save your podcasts
Or


Plaza Berria Tolosak bere historian bizi izan duen eraldaketaren adibide adierazgarria dela
esan daiteke. Alde Zaharraren barruan eraikitako azken plaza izan zen, eta horregatik
deitzen zaio Plaza Berria.
Hiribaratzeta izeneko eremua hartu zuen. Izan ere, Erdi Aroan harresi barruko baratze-
eremua izan zen. XVII. mendearen amaieraz eta XVIII. mendearen hasieraz ari gara. Plaza
bihurtu zenean, merkataritzarako gunea izan zen, eta ekitaldiak ere egin ziren bertan, hala
nola pilota-partiduak, dantzak eta zezenketak.
Hain zuzen ere, iparraldera ematen duen eraikinari (goialdean erloju bat duenari) Toriles
Etxea deitzen zitzaion, zezenak bertan gordetzen baitziren. Hala ere, hau ez da Toriles
Etxearen jatorrizko eraikina. Izan ere, XIX. mendean plaza zabaltzeko obra batzuk egitean,
metro batzuk atzerago berreraiki zuten.
Beste aldean, Abastos eraikina nabarmentzen da. Bigarren udaletxea izan zen hasieran, eta
alondegia geroago. Azokako ia 50 postu biltzeko lekua izatera iritsi zen. Gaur egun, berriz,
haurtzaindegi bat da.
Eta, jakina, kioskoa. Merezi du eskailerak igotzea eta gora begiratzea, Iñaki Epelde artista
tolosarrak 2002an egin zituen muralez betetako sabai koloretsua ikusteko. Gaur egun,
hainbat kontzertu egiten dira bertan.
Kioskoko eskaileren parean dagoen pasabide txikian, Tolosan behin baino gehiagotan izan
diren uholdeetan ura zer mailatara iritsi zen dago markatuta. Ura maila horietara iritsi zela
pentsatze hutsak itolarri-sentsazioa eragiten du, ezta?
Tunela osatzen duen eraikinari Damen Etxea deitzen zaio, eta Tolosa harresiztatuan
sartzeko ateetako bat zegoen lekua zen, Erretengibel kanalera ematen zuen atea, hain
zuzen ere.
Handik, Rondilla kalera irtengo gara, eta Euskal Herria plazara abiatuko gara, trafikoaren
noranzkoari jarraituz.
Tolosako jauregi nabarmenetako baten aurrean gaude: Atodo Jauregia. Errenazentista estilokoa da, XVII. mendekoa, eta Tolosako tertzioen kapitain eta Felipe II.aren Erromako enbaxadore Fermin Atodok eraiki zuen. Haren jatorrizko armarria ikus daiteke oraindik.
Jauregiak hainbat erregeri eta erregini eman zien ostatu, hala nola Felipe III.ari, Maria Luisa Borboikoari, Fernando VII.ari edo Karlos IV.ari. Hain zuzen ere, errege-postontzia izan zenari dagokion zulo bat dago fatxadan. Bertan uzten ziren erregearentzako gutunak, eta biltzera etortzen zirenek jauregian ematen zuten gaua. Urte askotan, kuartel gisa ere erabili zen, eta 1903an, berriz, Maria Sortzez Garbiaren ordenako mojek beren lehen ikastetxea instalatu zuten bertan.
Jauregiaren kokapena ere ez da kasualitatea; izan ere, Frantziaren eta Nafarroaren arteko bideak kale hau zeharkatzen zuen. Uste denez, kale Nagusia Tolosako lehen kalea izan zen. Zirkulazio horren testigantza moduan, jauregitik metro gutxitara dagoen kartel bat dago, ondoko plazako eraikinetako baten fatxadan. Honako hau dio: «Carruajes para Navarra, por la calle Mayor» («Nafarroarako zalgurdiak kale Nagusitik»).
Plaza Felipe Gorriti konpositore nafarrari eskainita dago. Gorriti hiribildura etorri zen bizitzera, eta ospe handiko obra ugariren egilea izan zen. Plaza honetatik abiatzen da goizeko zortziretan Inauterietako diana ospetsua. Musika-banda Alde Zaharreko kale guztietan barrena ibiltzen da abesti honen doinuan. Esaten denez, herria esnatzeko eta jaien egun handia iragartzeko egiten da. Egia esan, ordu horretarako kaleak jendez beteta egoten dira, pijamarekin, kamisoiarekin edo bainu-txabusinarekin jantzita bandaren atzetik saltoka joateko asmoz. Benetako gertakaria herritarrentzat!
Tolosako lehen eraikina jaso zen lekuan zaude seguruenik. Erabat berresten duen dokumentaziorik ez badago ere, Andia Dorrea X. menderako eraikita zegoela adierazten duten zantzuak daude.
Bertan jaio eta bizi izan zen Domenjon Gonzalez Andia, Batzar Nagusietako eskribaua eta funtsezko figura foru-erakundeak eratzeko oinarria izan zen Gipuzkoako Ermandadea finkatzeko eginkizunean. Hori dela eta, Gipuzkoako Errege goitizena jarri zioten. Halaber, zeregin garrantzitsua bete zuen Ingalaterrako koroarekin bakea sinatzeko. Itun horri esker, Gipuzkoaren eta Ingalaterraren arteko itsas trafikoa sendotu egin zen.
Dorrera itzuliko gara. Izan ere, 1503an Tolosa suntsitu zuen sutean, lau hormak baino ez ziren zutik geratu. Domenjonen seme Anton Gonzalez Andiak berreraikitzeko agindua eman zuen, eta Udalari eman zion gero. Harrezkero, hainbat erabilera eman zitzaizkiola uste da: alondegia izan zen 1524an, eta kontzejuaren egoitza eta Udaletxea 1546. urteaz geroztik. Espetxea izan zela ere aipatu dute zenbaitek.
Gaur egun, etxebizitza-bloke bat da, eta armarri baten aztarnak eta teilatu-hegalean zeuden bost gargoletako bi baino ez dira geratzen.
Domenjón González Andiaren irudia ez da desagertu, beste modu batean agertzen bada ere. Tolosako erraldoi eta buruhandien konpartsako figuretako bat da. Desfileko burua da, eta dantzetan bikotea osatzen du haren emazteari eskainitako erraldoiarekin: Catalina de Tapia.
Konpartsa hogeita hamar bat gaztez osatuta dago, eta sei erraldoi eta hamar buruhandi ditu, Iñaki Moyua artistak egindakoak. Jaiegun seinalatu guztietan agertzen dira, eta, beraz, zure bisita egun horietako batean egiten baduzu, ez geratu nola dantzatzen eta bira egiten duten ikusi gabe. Aire, aire!
Berdura plaza Tolosako beste leku ikoniko bat da. Azoka-eremua izan da Erdi Aroaz
geroztik. Antzina, alondegi bat zegoen plaza honetan. Barazkiez gain, haragia eta arraina
saltzen zen egunero. Gaur egun, barazkiak, loreak eta landareak saltzen dira larunbatero.
Plaza 1840an hasi zen egungo itxura hartzen, alondegia eraitsi eta bi aldeetan dauden
etxeak eraiki zirenean. Erreparatu arkuei: artisauen postuak identifikatzeko (eta, era
horretan, udalak zerga kobratu ahal izateko) zenbakiak dituzte oraindik.
Beste bitxitasun bat: konturatu al zara bi eraikinak asimetrikoak direla? Udaletik hurbilen
dagoen aldeak 13 arku ditu, eta besteak, berriz, bat gutxiago.
XIX. mendearen amaieran, azokarako barruti estali bat sortzeko beharra sortu zen. Hortaz,
1899an kristalezko estalkia gaineratu zitzaion. Egilea Jose Alejandro Mugica arkitektoa izan
zen. Bere simetria eta argiagatik nabarmentzen da. Horregatik, herritarrek beste izen bat ere
eman diote: kristalen plaza. Duela hamarkada batzuk arte, estalkiaren bi aldeetan autoak
aparkatzen zituzten, eta autobus-geraleku bat ere egon zen. Bitxia, ezta?
Bada badira bitxikeria gehiago. Arkupeko leku batetik, Santa Maria elizako kanpandorrean
dagoen erlojua ikusten da. Esaten dutenez, inguru honetan jolasean ibiltzen ziren haurrak
leku horretara joaten ziren ordua ikustera, etxera berandu ez iristeko. Nola aldatzen diren
gauzak!
Sekretu bat kontatuko dizut. Puntua urdinez markatuta dago arkupe azpiko zutabeetako
batean. Beraz, badakizu nola aurkitu!
Azkenik, erdian dagoen bustoa aipatu nahi dugu. Ramos Azkarate poetaren bustoa da.
Azkarate Inauterietako errepertorioko abestirik azpimarragarrienetako baten letraren egilea
da.
Abesti horrekin gozatuz amaituko dugu kapitulu hau, Musika Bandak Inauterien pregoian
eskaintzen duen kontzertuan. Txupinazoaren aurreko igandean egiten den kontzertu
horretan, ehunka pertsona biltzen dira plaza honetan bertan.
Jarraitu Alde Zaharretik Andia Dorrera iritsi arte.
Korreo kalearen erdialdean gaude; hau da, hiribilduko kalerik komertzial eta jendetsuenetako batean. Izan ere, Tolosako saltoki txikiak harro egoteko modukoak dira. Tolosa aire zabaleko merkataritza-gune bat da, eta mota orotako dendak daude, ehun urtetik gorakoak eta berriak, xehetasunik txikiena ere zaintzen dutenak.
Posta eta gutunek Tolosan egiten zuten ibilbidea zelako hartu zuen izen hori kaleak. Iturritza Jauregia kale honetako monumenturik azpimarragarrienetako bat da. XVI. mendekoa da, baina, aurretik, Erdi Aroko dorretxe bat egon zen orube honetan. Jauregia dorretxe horren zimenduen gainean eraiki zen.
Hurbil dagoen Lapaza Etxeak bezala, harlandu bikaina eta udal-teileriako adreiluak ditu. Fatxadako noblezia-armarriak Miguel Perez Mendiola eta Magdalena Unanuerenak dira. 1612an, klaratarren ordenari laga zioten jauregia. 1666an Santa Klara komentua eraiki zen arte, bertan finkatu ziren mojak.
Lapaza Etxea euskal arkitekturako obrarik garrantzitsuenetako bat da.
Jauregia artisau eta merkatarien familia garrantzitsu batena zen, eta haren konposizioak agerian uzten du familia horren erosteko ahalmen handia, bi lehen solairuak kareharrizko harlanduz eraikita baitaude. Goiko solairuak, berriz, udal-teileriako adreiluekin eginda daude. Zurezko egitura, burdina forjatuzko balkoien erremate bat eta landutako zurezko aleroi bat ditu.
Ondoan, Tolosako kalerik bitxienetako bat dago: Letxuga kalea. Ez dakigu izenaren jatorria zein den, baina batzuek diote hiribilduko kalerik freskoenetako bat delako deitzen zaiola horrela. Esaten denez, kale honek baino ez zion eutsi San Joan egunean atariak lizarrez eta elorri zuriz apaintzeko tradizioari. Udaberri dantza-taldearen lanari esker, ohitura hori oso errotuta dago gaur egun.
Halaber, inauterietan balkoiak apaintzeko ohitura kale honetan hasi zela esaten da, baina hasieran ohazalak erabiltzen ziren.
Kalearen erdialdean, antzinako Garikano dendaren ondoan, ehun urtetik gora dituen Txaparro sagardotegia aurkituko dugu ezkutatuta. Alde Zahar osoan izan ziren 28etatik geratzen den bakarra da.
Jendearentzat itxita badago ere, ia itxura berarekin jarraitzen du. Bertan, koadrila osoak eta langileak biltzen ziren, hamaiketakoa sagardoarekin egiteko. Garai hartan ez zegoen txotxik, eta mahaikide bakoitzaren trago kopurua markatzen zen klarionarekin upelean bertan. Ohiturak aldatu egiten dira, eta orain tabernak dira, beren pintxo eta platerekin, jateko, edateko eta, batez ere, sozializatzeko lekuak. Badago non aukeratu.
Intereseko leku asko eta kontatzeko mila istorio biltzen dituen puntu batera iritsi zara. Poliki-poliki azalduko ditugu.
Hasteko, Arkeologia Parkea dago. Dena dela, ikusten dena ez dira aztarnak, eraikitzen amaitu ez zen 1538ko jauregi baten zimenduak baizik. Proiektua Karlos V.aren arkitekto Luis de la Vegak egin zuen, eta jauregi errenazentista dotore baten eraikuntza aurreikusten zuen.
Lanak Alonso Idiakezen gurasoen aginduz hasi ziren, baina urte batzuk geroago, Idiakezek berak gelditzea erabaki zuen, Donostian beste proiektu bati ekiteko. Zehazki, San Telmo komentua eraikitzeko agindua eman zuen, bertan maiteminduta zegoen Gracia Olazabal donostiarraren ondoan ehortzi zezaten.
Aurkikuntza 2004an egindako indusketa-lan batzuen emaitza izan zen. Zimenduen azpian, Erdi Aroko nekropoli baten aztarnak eta antzinako harresiaren zati bat aurkitu zituzten.
Idiakeztarren jauregiaren proiektua baztertuta geratu ondoren, XVII. mendean Aranburu Jauregia eraiki zen ondoan, Pedro Aranburu Salsoro kapitainaren aginduz. Haren seme Miguel Aranburuk inprimategi bat instalatu zuen sotoan, eta bertan inprimatu ziren lehen aldiz Gipuzkoako Foruak, 1669. urtean. Gaur egun, Udal Liburutegia eta Artxiboa daude barruan, baita erakusketa-areto bat ere.
Ondoan dagoen eraikin modernoa Tolosan zeuden hiru errotetako baten berreraikuntza da. Barnealdean, 1322koa zen jatorrizko errotaren azpiegitura hidraulikoa ikus daiteke oraindik. Gaur egun, Haur Liburutegia eta bidaiarientzako topaleku bat daude barruan.
Zirkulua ixteko, Eduardo Chillida eskultoreak Xabier Agirre edo ‘Lizardi’ poetari eskainitako obra bat dago. Chillidak berak zioenez, obraren elementurik garrantzitsuena ez dagoen hori da, hau da, ikusteko aukera ematen duen leihoa.
Lizardi Euskal Pizkundeko pertsonarik garrantzitsuenetako bat izan zen. Hain zuzen ere, duela hamarkada batzuk Euskal Pizkundearen plaza izena eman zitzaion inguru honi, XIX. mendearen erdialdean euskararen alde sortu zen eta XX. mendean Tolosa funtsezko gune izan zuen mugimendu kultural eta politikoaren omenez. Izan ere, kultura-bizitza ere Tolosak dituen ezaugarri bereizgarrienetako bat da.
Ba al zenekien Tolosako eliza nagusia den Santa Maria parrokia Gipuzkoako bigarren
handiena dela? 1.630 metro koadroko azalera du, eta historia luzea gordetzen du. Ezagutu
dezagun.
Egungo elizak 1503ko suteak suntsitu zuen beste eliza txikiago bat ordeztu zuen. 200 urte
baino gehiago behar izan ziren eraikitzeko. Horregatik agertzen dira hainbat estilo
konbinatuta: fatxada nagusiko barrokoa, euskal pizkundea, gotiko berantiarra eta
neoklasikoa.
Altxor gehiago daude barruan, hala nola San Esteban ermita zaharreko portada
erromanikoa, Eugenio Maria Azkueren horma-pinturak edo 1885eko organo erromantiko bat.
Gaur egun, zurezko jatorrizko egiturarekin jarraitzen duten elizako gangak bisitatzeko
aukera dago. Horretarako, korutik abiatzen den eskailera kiribila igo behar da, eta 110 maila
ditu.
Gainera, erretaularen atzean dagoen eta 300 urtetan Probintziako Artxiboa izan zen museo
txikia dago. Gaur egun, hainbat erlikia gordetzen ditu, hala nola Gipuzkoako armarriaren
jatorrizko pieza eta Izaskungo ama birjinaren jatorrizko figura.
Elizatik kanpo, Tolosako zaindaria den San Joan Bataiatzailearen eskultura nabarmentzen
da. Eta San Joan egunean, hain zuzen ere, Andre Maria plazak garrantzi berezia hartzen
du.
Orain entzuten ari zaren abestia San Joan zortzikoa da, ekainaren 24ko meza nagusian
abesten dena. Honela dio: Agur egun zoragarria, poztu duzu herri guztia. Bezperan, kantu
beraren doinuan, ohiko sua pizten da, tradizioaren arabera espiritu gaiztoak uxatzen
dituena. Eta San Joan egunean, bordondantzariek behin eta berriz dantzatzen dute.
Aldi berean, eskopetari-konpainiek beren salbak jotzen dituzte San Joanen figura igarotzen
denean. Beraz, gonbidatuta zaude hain egun berezia, koloretsua eta alaia ezagutzera.
Hortik eskuinaldera, espero ez zenuen plaza batekin egingo duzu topo: Euskal Pizkundea.
Plaza Zaharrean zaude, Tolosako Inauteriei giro ederrean hasiera ematen zaien tokian, hain
zuzen. Ostegun Gizeneko txupinazoarekin, plaza hau jendez eta alaitasunez betetzen da
txarangen erritmoan.
Plaza Zahar hau da herriko jai guztien bihotza. Sortu zenean ere hala zen. XVII. mendearen
erdialdean eraiki zuten, 1503an Tolosa erraustu zuen suteak erabat suntsitutako 5 orubetan,
eta bertan egiten zen eguneroko azoka.
Udaletxea ere garai berean eraiki zen, 1657tik 1672ra bitarteko aldian. 2001ean birgaitu
egin zen, baina jatorrizko ezaugarriak galdu gabe. Eta birmoldaketa hori egin zenean,
Udaletxea eta ondoko Aburuza Jauregia lotu egin ziren zubi txiki baten bitartez.
Jauregi hori XVI. mendeko eraikin bat zen. 90eko hamarkadan, eraitsi eta berregin egin zen,
eta udal-bulegoak jarri ziren bertan. Horretarako, jauregiaren jatorrizko fatxadaren
behealdea jarri zen berriz, eraikinaren atzean dagoen Andre Maria plazatik ikus
daitekeenez.
Plaza Zahar honetan bertan, 1936ko abuztuaren 11n, euskarazko liburuen erreketa egin
zen. Frankistek Tolosa hartu berria zuten, eta udal-liburutegiak eta eskolak arpilatu, liburuak
plazan pilatu eta erre egin zituzten.
Era berean, Zerkausiaren parean kokatutako inprimategia hustu zuten. Inprimategia Ixaka
Lopez Mendizabalena zen, hau da, haurrek euskaraz irakurtzen ikasteko ‘Xabiertxo’ liburu
ezagunaren egilearena. Izan ere, gerra-garaian debekatuta egon zen, eta 50eko
hamarkadan ikastoletan klandestinitatean erabiltzen zuten testuliburu bakarrenetakoa izan
zen. Liburua Euskal Pizkundearen ikono bat izan zen, eta kultura-mugimendu horri
omenaldia egiten zaio hemendik metro gutxira.
Zoaz eskuinaldean ikusten duzun kaletik hurrengo punturaino: Santa Maria parrokia.
Tolosako jauregirik nabarmenetako baten aurrean zaude: Idiakez Jauregia.
Hiribilduko oruberik zaharrenetako bat da, orain ezagutzen duguna bezalakoa ez bazen ere.
Antzina, toki honetan dorretxe bat zegoen, Tolosak bere historian jasan izan dituen sute
ugarietako batean suntsitu zena.
Haren ordez, barroko estiloko jauregi hau eraiki zen 1605etik 1619ra bitarte. Ibaira ematen
duen fatxada harresi zaharraren gainean eraikita dago. Eta beste aldean, zubia gurutzatu
eta plazara begira, Idiakeztarren jatorrizko armarria ikus daiteke. Izan ere, Alonso Idiakez
Yurramendi jaio zen jauregi honetan, Karlos V.aren estatu-idazkaria, Santiagoko Ordenako
zalduna eta Tolosako historiako pertsonaiarik garrantzitsuenetako bat izan zena.
Zertan aritu zara udan?
galdetu zion eskaleari.
-Gau eta egun, nahi zuenari
abesten nion, ez kezkatu.
-Abesten zenion? Pozten naiz.
Tira bada, egin dantza orain!
Bai, txitxarraren eta inurriaren alegia ospetsua errezitatu dugu. Izan ere, XVIII. mendearen
erdialdean, jauregia herentzian jaso zuen Félix María Samaniego alegialari ospetsuak. 1775.
urtean, berriz, Tolosako alkate izendatu zuten.
Geroago, eraikina kasino bihurtu zen. Eta, gaur egun, hiribilduan dauden elkarte
gastronomikoetako bat da: Tolosako Kasinoa. Elkartearen barnealdeak Erdi Aroko gaztelu
baten itxura du, eta euskal artista eta eskultorerik garrantzitsuenetako bat izan zen Nestor
Basterretxeak diseinatu zuen.
Entzuten ari zaren abestia elkartearen ereserkia da. Beste edozein elkartek bezala, zeregin
aktiboa betetzen duena jaietan.
Begiratu orain ezkerrera, hurrengo puntua hauxe izango da: Udaletxea.
From the publisher's feed