
Sign up to save your podcasts
Or


Eskolapioen Lorategian lasaitasuna arnasten da, oraindik ere herriko bihotzean kokatuta
bagaude ere. Tolosako txoko eder eta lasaietako bat da, tolosarrek atseden hartu eta
paseatzeko erabilia.
XIX. mendearen amaieran sortu zen, Eskolapioen eskola Tolosan ezarri zenean, eta
Tolosako panoramika ezagunenetakoari ematen dio bide. Oria ibaia, Zerkausia, Uzturre
mendia… Tolosa Argazki bakarrean jasota!
Hementxe amaituko dugu ibilbidea, baina, aurretik, gomendio batzuk emango ditugu gure
herriaz gozatzen jarraitzeko. Izan ere, Tolosak aukera asko eta asko eskaintzen ditu, hala
nola lehen mailako merkataritza, ospe handiko gastronomia eta sekulako ingurunea.
Kultura-eskaintza zabala eta azoka bereziak ahaztu gabe.
Ongi jatea gustuko duen ororentzat, erretegiak dira altxorrik handiena. Hemen asmatu zen
parrila makurtuaren teknika, gaur egun mundu osoan erabiltzen dena. Eta zer esan
txuletoiaz… jaki bikaina!
Eta gehiago: babarrunak, Ibarrako piparrak, pintxoak, teilak eta zigarrotxoak, gorrotxak…
Leku askotan dasta daitezke. Pentsatze hutsarekin ahogozoa egiten da.
Naturaz gozatzeko, Uzturre mendiaren tontorrera joatea proposatzen dizugu: Izaskun auzoa
zeharkatuta edota antzinako erruki-etxetik eta bertako putzuetatik igarotzen den bideari
jarraituz. Hango ikuspegiak ez du huts egiten. Halaber, oso urrutira joan gabe, lasaitasunaz
gozatu daiteke edozein hiri-parketan: Zumardiaundia, Zabalarreta eta Elosegi.
Eta abentura nahi izanez gero, Bedaio auzotik abiatuta Aralar mendilerro handi eta
zoragarrian barrena ibiltzea edo Urkizutik abiatuta Hernio mendiko gailurreria zeharkatzea
proposatzen dizugu.
Bestela, kalez kale ibiltzen jarraitzeko aukera dago. Izan ere, beti aurkituko duzu gauza
harrigarriren bat Tolosako kaleetan!
Eskerrik asko gu ezagutzera etortzeagatik. Eta ez ahaztu Gaztelako atea eta Atauts beti
daudela irekita, itzul zaitezen. Laster arte!
Lizardi Plazara iristean, plazaren erdian dagoen iturria ikusiko dugu, une aproposa arnasa
hartu eta ura edateko. Iturriaren ondoan dagoen monumentuak arreta berezia eskatzen du,
nekazariei eskainitako eskultura bat baita. Monumentu honetan irudikatzen diren pertsonen
janzkerak garai bateko herriko langileen izaera eta duintasuna islatzen dute.
Plaza hau Tolosako erdigune geografikoan kokatzen da, eta hemendik pasatzen diren
zubiek inguruko udalerrietara bidea irekitzen dute.
XIX. eta XX. mendeetan Tolosako paper lantegiek Europa osorako papera ekoizten zuten,
eta paper mota desberdinak egiten zituzten, besteak beste, idazteko papera eta egunkariak
inprimatzeko materiala. Paper-industria errekaren inguruko kokapen estrategikoari esker
garatu zen, uraren erabilera erraza izanik ekoizpen prozesuetan. Esaten dutenez, errekaren
urak egunean ekoitzitako paperaren kolorea izaten zuen.
Fabrika horien jarduerak herriaren garapen industriala sustatu zuen, eta horrek eragin
zuzena izan zuen biztanleriaren hazkundean eta herriaren modernizazioan. Egun, paper-
fabrikak desagertu badira ere, nekazariei eskainitako monumentuak eta plazaren izenak
iragan oparo hori gogora ekartzen dute.
Plazaren izenak, bestalde, Xabier Lizardi izeneko euskal idazle eta poeta handiari egiten dio
omenaldi. Jose Maria Agirre Egaña izenez jaioa 1896an, Lizardi euskal literaturan eragin
handiko figura izan zen, euskarazko poesia modernoa berritu zuelarik, euskarari bultzada
berria emanez.
Azken geralekura heltzear gara: Eskolapioen lorategia. Goazen Tolosako argazki perfektua
ateratzera!
Zerbaitengatik bada ezaguna Tolosa, Inauteriak izango dira arrazoia. Eta jai horietako
agertoki nagusienetakoa duzu Zezen Plaza, gure hurrengo geralekua.
Euskal Herriko ezagunenetakoak dira Tolosako Inauteriak. XX. mende hasieratik egiten dira,
eta lurralde osoan ospe handia dute. Eta hain zuzen, Zezen Plazak Inauterien bueltan izaten
du erabilerarik handiena, ia arratsaldero jendez betetzen baita. Festa koloretsua izaten da,
mozorro eta txarangen doinu artean.
Horrela, Tolosako Zezen Plaza ez da soilik zezenketetarako erabili. Herriko beste ospakizun
tradizional batzuek ere leku honen inguruan garatu dute beren identitatea, hala nola, herri
kirolek.
Tolosako Zezen Plaza 1903an eraiki zen. Plazak estilo neomudejarreko ezaugarriak ditu,
adreilu gorrizko fatxadarekin eta arku gotikoek ematen dioten dotorezia bereziarekin.
Baina Tolosako Zezen Plaza ez da ohiko zezen-plaza bat. Ezaugarri bereziak ditu, zorua
harrizkoa baita. Harea soilik zezenketetarako erabiltzen da. Galtzada-harrizko zorua du,
garai bateko idi probak egin zitezen. Gaur egun, ordea, beste herri kirol batzuk hartu dute
indar handiagoa. Tarteka-tarteka, aizkora, harri-jasotze edota pentatloi txapelketa eta
apustuak egiten dira.
Jaietatik lasaitasunera, goazen Lizardi Plazara.
San Frantzisko pasealekuaren amaierarekin batera helduko gara Oriaburu eraikinera. Udal-
ondare izendapena duten ia 50 eraikinetako da hau. Bertan egoitza duten erakundeen
artean dago, besteak beste, Tolosa&Co elkartea. Elkarteak Tolosako merkataritza txikia
sustatu eta biziberritzea du helburu, ekimen eta jarduera ugariren bidez, eta Oriaburu
eraikina horien guztien gune nagusi bilakatu da.
Tolosan komertzioak pisu handia du, merkataritzaren erdigune sendoa da eskualde osoan,
eta bertako ekonomiaren motore nagusietako bat bihurtu da. Komertzio txiki eta ertainen
sare zabala dago; Tolosaldeko komertzioaren erdigune nagusia da hau, eta herriko
merkataritza sektoreak eskualdeko bizitza ekonomikoan eragin handia du.
Saltzaile txikiak biltzen diren tokia izanik, denda txiki eta familiarretan jaiotako bizitasun
handiz beterik dago herria. Hain zuzen, herriaren izaera bereziari eusteko balio du
merkataritza txikiak, bertako produktuak eta zerbitzuak eskainiz.
Oriaburu eraikinatik ibaiera hurbiltzen bazara, Berazubi estadioa ikusiko duzu, Espainiar
estatuko lehen estadioa izateagatik ezaguna. 1928an inauguratu zuten, eta futbolaren eta
atletismoaren historian berezko lekua du. Berazubi estadioa tokiko eta nazioarteko
futbolaren eta atletismoaren partiduak jokatzeko erabiltzen da. Kirolarientzako eta
zaleentzako topagune garrantzitsua da; Estadio hau Tolosako kirol kulturaren eta historiaren
lekuko da.
Oriaburu eraikinaren eta Berazubi estadioaren inguruan, Tolosako zonalde moderno eta
erresidentzialagoan zaudela ikusiko duzu. Zonalde honek Tolosaren hazkunde urbanistikoa
eta aldaketa arkitektonikoa islatzen ditu, eraikin modernoagoekin eta etxebizitza bloke
berriekin. Tolosako herriaren alde tradizionalagoekin kontrastean, zonalde honek
modernitatearen eta herriaren etorkizunaren irudia eskaintzen du, herritarrei bizi-kalitate
handiko espazioak eskainiz.
Ezkerraldera egingo dugu tolosarren bihotzean dagoen eraikinaren bila: Zezen Plaza.
Tolosako eraikin berezienetako baten aurrean zaude. Beotibar pilotalekuari itsatsita dago,
baina, gainera, ez du parekorik: XX. mendearen hasierako abangoardiako diseinua islatzen
du Fronton jatetxea hartzen duen eraikinak. Art Deco estiloan eraikia, eraikinak lerro
garbiak, geometria ausarta eta dekorazio dotorea uztartzen ditu.
Kanpoaldetik begiratuta, estilo honen ezaugarri nagusiak nabarmentzen dira, hala nola
erliebe geometrikoak eta forma sinple baina erakargarriak. Gure historia modernoaren
adibide garbia dugu Fronton eraikina, herriko ondare arkitektonikoaren adibide bikaina,
modernitatea eta historia batzen dituena.
Bere aldetik, Beotibar pilotalekua, eskupelotaz gain, pala eta zestapuntarako ere erabiltzen
da. Kirol tradizional hauek Euskal Herriko kulturaren parte bizia dira, eta pilotalekuan
ikusleek partida zirraragarriez gozatzeko aukera dute, bertako nahiz nazioarteko
txapelketetan. Partidak asteburuetan izaten dira maiz, baina egutegi zehatza aldatzen joan
daiteke urtean zehar; hala ere, bisitariei gomendatzen zaie egitaraua aurretik Turismo
bulegoan kontsultatzea, esperientzia paregabea gal ez dezaten. Euskal pilotaren tradizio
bizia bertatik bertara ezagutzeko aukera aparta eskaintzen dute.
1890. urtean eraiki zuten, frantziskotarren frontoiaren leku berean, nahiz eta 1935. urtera
arte ez zuen gaur egungo itxura hartu. Gregorio Azpiazuk egindako proiektu hau arkitektura
arrazionalistaren irudia da eta Gipuzkoako ondare kulturalaren sinboloa.
Fronton pilotalekutik aterata, San Frantzisko pasealekuan gora egin eta hurrengo geralekura
bidean, geldialdia egingo dugu. Ezkerraldean Nestor Basterretxearen ‘Goldea’ eskultura
ikusiko dugu. 2001ekoa da eskultura hau, eta iraganean funtsezkoa izan zen tresna bat
ekartzen du orainaldira, etorkizuneko belaunaldien aurrean antzinako balioak ikusarazteko.
Nestor Basterretxea, euskal artista ospetsua, eskultura eta arte bisualen arloan egindako
lanagatik da ezaguna. Estilo pertsonal eta hizkuntza bisual berezia garatu zituen. Harreman
estua zuen Euskal Herriaren kultura eta ondarearekin. ‘Goldea’ eskultura artista handi baten
herentzia eta Tolosako ondare artistikoaren parte da.
San Frantzisko pasealekuan barrena ibiliko gara, amaieran dagoen eraikinera iritsi arte:
Oriaburu eraikina.
Parez pare duzu San Frantzisko eliza. Herriko bihotzean kokatuta, nabe bakarreko eliza
dugu hau; kanoi ganga eta erretaula errenazentista interesgarria ditu. Tradizioa eta
modernitatea uztartzen dituen espazio bizia da, herritarren eta bisitarien topagunea.
1587an ireki zituen lehen aldiz ateak San Frantzisko elizak. Harresietatik kanpo dago
eraikia, Gaztelako errege bidean, eta hasiera-hasieratik garrantzi handia izan du Tolosan.
Gerra karlistetan kuartel, ospitale eta biltegi izan zen. Karlisten etxea.
San Frantzisko elizak funtzio militar eta estrategiko garrantzitsua bete zuen, beraz. Bertan
zaurituak artatu eta armak eta hornidurak biltegiratu ziren, karlisten borroka sostengatzeko.
Kokapen estrategiko horri esker, herriaren eta inguruko eskualdearen fede eta kulturaren
testigu izan da mendeetan zehar. San Frantzisko pasealekua Tolosako bizitzaren ardatz
nagusietako bat da. Pasealeku zabal eta atsegin honek, herritarren eguneroko jardueretan
leku esanguratsua hartzen du.
Herritarren eguneroko bizitzako agertoki izateaz gain, beste hainbat ekitaldi ere hementxe
egiten dira, hala nola azokak, jaialdiak, eta kontzertuak. Pasealekua, gainera, Tolosako
herrigunean barrena ibiltzeko oso aproposa da, inguruan dauden eraikin historikoak eta
monumentuak ezagutzeko aukera paregabea eskaintzen baitu!
Gaur egun, San Frantzisko eliza, toki sakratua izateaz gain, kultur ekitaldiak egiteko espazio
esanguratsua ere bada. Elizak bere izaera historikoa eta artistikoa mantentzen duen arren,
erabilera berriak hartu ditu, komunitateari eta bisitariei harrera beroa emanez. Bereziki
nabarmentzekoa da Abesbatzen Lehiaketako kontzertuak bertan egitea. Elizaren akustika
bikainak musika ekitaldi horiek egiteko leku ezin hobe bihurtzen du.
Gainera, elizan beste hainbat kultura-jarduera ere egiten dira, hala nola erakusketak
hitzaldiak eta kontzertuak, espazio honek Tolosako kultur bizitzan duen papera sendotuz.
Metro gutxitara aurkituko duzu gure hurrengo geralekua: Fronton.
Hementxe amaituko dugu ibilbidea, baina, aurretik, gomendio batzuk emango ditugu gure herriaz gozatzen jarraitzeko. Izan ere, Tolosak aukera asko eta asko eskaintzen ditu, hala nola lehen mailako merkataritza, ospe handiko gastronomia eta ingurune inbidiagarria. Kultura-eskaintza zabala eta azoka bereziak ahaztu gabe.
Ongi jatea gustuko duen ororentzat, erretegiak dira altxorrik handiena. Hemen asmatu zen parrila makurtuaren teknika, gaur egun mundu osoan erabiltzen dena. Eta zer esan txuletoiaz… jaki bikaina!
Eta gehiago: babarrunak, Ibarrako piparrak, pintxoak, teilak eta zigarrotxoak, gorrotxak… Leku askotan dasta daitezke. Pentsatze hutsarekin ahogozoa egiten da.
Naturaz gozatzeko, Uzturre mendeko tontorrera joatea proposatzen dizugu: Izaskun auzoa zeharkatuta edota antzinako erruki-etxetik eta bertako putzuetatik igarotzen den bideari jarraituz. Hango ikuspegiak ez du huts egiten. Halaber, oso urrutira joan gabe, lasaitasunaz gozatu daiteke edozein hiri-parketan: Zumardiaundia, Zabalarreta eta Elosegi.
Eta abentura nahi izanez gero, Bedaio auzotik abiatuta Aralar mendilerro handi eta zoragarrian barrena ibiltzea edo Urkizutik abiatuta Hernio mendiko gailurreria zeharkatzea proposatzen dizugu.
Bestela, kalez kale ibiltzen jarraitzeko aukera dago. Izan ere, beti aurkituko duzu gauza harrigarriren bat Tolosako kaleetan!
Eskerrik asko gu ezagutzera etortzeagatik. Eta ez ahaztu Gaztelako atea eta Atauts beti daudela irekita, itzul zaitezen. Laster arte!
Ondoko elizaren izena hartu duen San Frantzisko pasealeku jendetsuan gaude. Tenplua
1587tik 1674ra bitarte eraiki zen, Uroinaga iturriaren ondoan dagoen orube honen jabea izan
zen Pedro Mendizorrotzen aginduz. Lur hori lagatzeaz gain, mila dukat eta eraikuntzarako
beste hamar dukateko urteko errenta bat ordaindu zituen. Harresitik kanpo kokatu zen,
baina garrantzi berezia hartu zuen Gaztelako Errege Bidearen ondoan zegoelako.
Elizak nabe bakarra du, kanoi-ganga bat eta erretaula errenazentista interesgarri bat,
Ambrosio Bengoetxeak egina. Halaber, ia bi mendetan, teologia-eskola garrantzitsu bat
ezarri zen bertan.
Inguruetan, 12.300 m²-ko azalera hartzen zuten lorategiak eta baratzeak zeuden. Eliza-
desamortizazioarekin, partzela horietan pilotaleku bat eraiki zen 1860an, komentuko horma
frontis gisa erabilita. Halaber, Probintziako Artxiboa eraiki zen 1904an. Biek zutik diraute
gaur egun, eta lur horiek nolako zabaltasuna zuten imajina dezakegu.
Gipuzkoako Artxibo Orokorra elizatik hurbilen dagoena da. 1530. urteaz geroztik, Santa
Maria elizako sakristiaren gainean egon zen, baina txiki geratu zenez gero, Aldundiak eraikin
hori egiteko eskatu zion Manuel Etxabe foru-arkitektoari. Segurtasun arrazoiak direla eta,
lorategiz inguratuta eraiki zen. Inguruko eraikinen batek su hartuz gero dokumentuak
babesteko modua izan zen.
Artxiboak 7.100 metro linealeko biltegiratze-edukiera du, eta gordetzen dituen funtsen
artean, foru-erakundeek XV. mendetik XX.era bitarte sortutako dokumentuak daude.
Aurrera egin baino lehen, goazen arreta jartzera hurrengo puntuan: San Frantzisko eliza.
Ba al zenekien Tolosa Gipuzkoako hiriburua izan zela? Gobernu aurrerakoien garaian izan
zen, 1844tik 1854ra bitarte. Garai horretan erabaki zen Aldundiaren Jauregi neoklasikoa
eraikitzea. Barrenatxoenea edo Portaletxe etxearen orubean eraikita dago. Antzina, harresia
zegoen bertan.
Eraikina Foru Jauregia izateko asmoarekin eraiki zen, baina inoiz ez zen izatera heldu,
obrak 1856an amaitu baitziren; hau da, Donostiak hiriburutza berreskuratu ondoren. Funtzio
hori gabe, Eskolapioak finkatu ziren bertan, 1982. urtera arte. Harrezkero, Antonio Maria
Labaien Kultur Etxea da, euskal antzerkiko lehen idazlea eta Bigarren Errepublikaren aldian
Tolosako alkatea izan zenaren izena hartuta.
Eraikinaren kolore horia nabarmentzen da, eta badu mamia kontuak: Udalak, hasiera
batean, ez zuen baimena eman kolore horrekin margotzeko, baina azterlan batek frogatu
zuen antzina eraikin gehienek kolore hori zutela. Azkenean, onartu egin zen kolore hori, eta,
diotenez, Alde Zaharreko etxeak harrezkero hasi ziren egungo kolore bereizgarriak izaten.
Itzul gaitezen Sanjoanetara. Izan ere, bertan egiten da udal-agintarien segizioak herriari
eskaintzen dion dantza tradizionala. Lehenik eta behin, alkateak aurreskua dantzatzen du,
eta, ondoren, talde politiko guztietako zinegotziez osatutako gobernu osoa hasten da
dantzan.
Azkenik, erreparatu diezaiogun Triangulo plazaren erdian dagoen eskulturari. Atauts izeneko
altzairuzko obra da, Jorge Oteiza eskultoreak 1994. urtean egina. “Ate” eta “huts” terminoak
biltzen ditu, eta, artistaren hitzetan, “herrian eta herrialdean sartzeko eta haiek ezagutzeko
atea da”. Merezi du ate horretatik sartzea eta gu ezagutzea, ezta?
Atzera begiratzen baduzu, pasealeku luze bat aurkituko duzu: San Frantzisko pasealekua.
Bertatik jarrai dezaun gure ibilbidea.
Tolosako lehen zabalgunean gaude; hau da, Euskal Herria plazan. XIX. mendeko plaza neoklasiko bat da, bere zabaltasunagatik eta simetriagatik nabarmentzen dena. Alde bakoitzak 50 metro ditu.
Garai batean, ganadu-azoka egiten zen astelehenero plaza honetan. Gaur egun, larunbateko merkatuko postuak jartzen dituzte.
Eraiki zen lehen eraikina Justizia Jauregia izan zen. Eraikin horren arkitektura gainerakoenaren desberdina da. Erlojuaren gainean, jurisprudentziaren sinboloa den balantza dago oraindik. Horregatik, herritarrek Justizia plaza deitzen diote oraindik. Jauregia espetxea ere izan zen, bai XIX. mendean, bai Gerra Zibilaren garaian.
Bertan espetxeratu zuten Jose Mari Iparragirre poeta, euskal nazionalismoa goraipatzen zuten abestiak egiteagatik, haien artean Gernikako Arbola ospetsua. Uste denez, espetxean eman zuen aldian beste bertso ezagun bat konposatu zuen: amari eskainitako “Nere amak baleki”.
Garai batean eraiki honetan sartzeak itxialdia eta malenkonia bazekarren ere, gaur egun txotxongiloen mundu koloretsu, alai eta magikoaren lekua da. 2009. urtean eraikina birmoldatu zenetik, Tolosako Nazioarteko Txotxongiloen Zentroaren (TOPIC) egoitza da. Bertan, mundu osoko figurak dituen museo bat, zentro dokumental bat, egoitza bat, ikasgelak eta arte mota horri eskainitako antzoki bat daude. Merezi du bisita egitea.
Komeni da, halaber, plazako arkupea zeharkatzea eta sabaietako pinturak ikustea. Bertako lau artista ospetsuren obrak dira: Iñaki Epelde, Jose Luis Longaron, Koldo Jauregi eta Jose Mari Hernández. Gainera, giro bikaina sortzen da plazaren inguruan.
Giroaz ari garela: jaietan funtsezko uneak bizi izaten diren plazetako bat da. Une azpimarragarrienetako bat San Juan eguna da. Egun horretan, eskopetarien konpainia guztiak plaza honetan biltzen dira, elkarrekin salbak jotzeko. Lehentxeago, erraldoiek plazaren erdian egiten dute dantza, eta buruhandiek, berriz, Justizia Jauregiko balkoietan. Irudi ederra, zalantzarik gabe.
Hasi garen lekura itzuliko gara, hau da, Triangulo plazara.
From the publisher's feed