Tolosa ezagutzeko audiogida

Tolosa ezagutzeko audiogida

Download on the App Store

Tolosa ezagutzeko audiogida episodes

  • 4. Santa Klara | Tolosa ezagutzeko audiogida

    Saia gaitezen orain irudimena askatzen Santa Klara komentuan sartzeko. Bertan bizi izan

    dira 400 urtez moja klaratarrak, klausuran, 2023an komentua utzi zuten arte.

    Komentuaren egitura antzinako zurezkoa da, baina bikain dago oraindik. Bertako korridore

    luzeak historia handiko dozenaka elementu erlijiosoek bete dituzte: liburu erraldoiak,

    eskulturak, figurak eta Aita Santuaren objektuak. Eta, halaber, lore eta landare asko eta

    asko dituen barne-patio ederra eta baratze handi bat. Baratze horretan, mojek

    autokontsumorako produktu mota oro landatzen zituzten.

    Komentua 1666an eraiki zen moja klaratarrentzat, Iturritzako jaun-andreen aginduz.

    Geroago, ospitale militar gisa ere erabili zen, hain zuzen ere Frantziako tropek

    Konbentzioaren Gerran okupatu zutenean, Independentzia Gerran eta karlistaldietan.

    Komentuaren inguruetan, ehortzitako soldaduak aurkitu izan dituzte. Eliza, bestalde, barroko

    estilokoa, 1711tik 1730era bitarte eraiki zen.

    Akustika bikaina du, eta, horregatik, abesbatza askok bertan abestu nahi izaten dute urtero

    azaroan egiten den Tolosako Nazioarteko Abesbatza Lehiaketa ospetsuan.

    Amaitzeko, komentuaren kanpoaldeko bi bitxikeria aipatuko ditugu. Alde batetik,

    komentuaren parean, Zumardi Txikia dago. Antzina, ‘dantzak’ egiten ziren astebururo

    bertan, eta jende asko biltzen zen.

    Bestetik, komentuaren ondotik abiatzen den errepidea hartuta, Izaskun auzora eramango

    gaituen bidea igotzen hasiko gara. Auzo horretan, Tolosako ikuspegi ederraz gozatu ahal

    izango dugu, edota Uzturre mendira igotzen hasi ahal izango gara bertatik. Mendian dagoen

    gurutzea hiribilduko leku gehienetatik ikus daiteke.

    Egin atzera, eta jarri naparzubiaren parean berriro. Eskubian ikusten duzun jauregiaren

    inguruan hitz egingo dugu hurrengo atalean: Idiakez Jauregia.

    45 min
  • 3. Naparzubia | Tolosa ezagutzeko audiogida

    Harresiz inguratutako antzinako hiribilduko bost sarreretako baten aurrean zaude orain:

    Naparzubia.

    Zubi honetatik, Frantziatik Nafarroarako Errege Bidea igarotzen zen, eta hortik datorkio

    izena. Igaroleku garrantzitsua zenez gero, aduana gisa erabiltzen zen. XIII. mendean eraiki

    zen, eta hasieran lau arku zituen, denak tamaina desberdinekoak. XVIII. mendean,

    bosgarren baoa gaineratu zitzaion, Santa Klara komentutik hurbilen dagoena, alegia.

    Agian, zubitik igarotzean gazte batzuk ikusi dituzu bateletan, eta zure buruari galdetu diozu

    zergatik ari ziren arraunketan ibaian. Bada, badu bere arrazoia. Antzina, txapelketak egiten

    zituzten bertako taldeen artean, eta ibaiaren bi aldeak ikuslez betetzen ziren. Gaur egun,

    egoitza Zerkausiaren azpian duen Tolosaldeko Arraun Klubak 100 gazte baino gehiago ditu.

    Eta Kantauri Itsasoan traineruen ligan parte hartzen duen barnealdeko talde bakarra da.

    Zerkausiaren azpian Tolosako Arraun Klubaren egoitza dago. Eta Kantauri Itsasoan

    traineruen ligan parte hartzen duen barnealdeko talde bakarra da!

    Hori, nolanahi ere, ibaia garbitu eta berroneratzeko egindako lanari eta zubiaren iparraldean

    presa puzgarri bat instalatu izanari esker lortu ahal izan da. Gaur egun, arraunaz gain, beste

    ur-jarduera batzuk ere egin daitezke, hala nola piraguan ibiltzea edo paddle surfa.

    Batzuek, halaber, slackline izenekoan aritzen dira ibaiaren alde batetik bestera, orekari

    maisutasunez eutsiz. Animatuko al zara jarduera horietakoren batekin?

    Gurutzatu zubia bisitaren hurrengo punturaino: Santa Klara komentua.

    3 min
  • 2. Zerkausia | Tolosa ezagutzeko audiogida

    Hauxe da azokak larunbat goizetan hemen sortzen duen giroa. Tolosak gaur egun duen

    merkataritza- eta kultura-bizitzaren berri ematen duen gertakaria da.

    Azoka XIII. mendeaz geroztik egiten da. Hasieran, Udaletxeko plazan egiten zen. 1785.

    urtean, berriz, Zerkausia eraiki zen, eta, harrezkero, bertan egin da azoka. Azokaren

    kokapena ez da kasualitatea, inondik ere. XVIII. mendeko bi biderik garrantzitsuenen artean

    dago: Gaztelako Errege Bidea eta ibaia zeharkatzen duen zubitik Nafarroara zihoan bidea.

    Azoka nahitaezko geralekua zen trukea egiteko.

    Lehen Zerkausia, zurezkoa, 1898an eraitsi zen, eta herri-bozketa bat egin zen berria non

    kokatuko zen erabakitzeko. Azkenean, leku berean berreraikitzea erabaki zen, eta

    burdinurtuz eta hormigoiz egin zen. Balkoiak eta bi dorreak 1927an erantsi zitzaizkion.

    2006an, zaharberritu egin zen, eta orduan hartu zuen orain duen itxura. Kristalezko hainbat

    xafla ipini ziren zoruan. Aurkitu xaflak eta jarri begira; Erdi Aroko harresiaren aztarnak ikusi

    ahal izango dituzu. Harresi horrek ematen dio izena euskaraz: Zerkausia (“zerka hautsia”)

    Harrezkero, Zerkausia ez da bertako produktuak saltzeko eta erosteko leku bat, besterik

    gabe. Produktuak dastatzeko lekua ere bada. Izan ere, jantoki bihurtzen da urtean hainbat

    alditan egiten diren azoka bereziek antolatzen dituzten ekimen gastronomikoei esker.

    Imajinatzen al dituzu parrilak, usainak, giroa…? Probatzera gonbidatu nahi zaitugu, ez zaizu

    damutuko!

    Giro paregabea sortzen da Tolosako bistarik ezagunenetariko batean. Probatzera animatzen

    bazara, adi egon azoka berezi edota ekitaldi berezien egutegira!

    Jarraitu ibilbidea bisitaren hurrengo punturaino: Naparzubia.

    3 min
  • 1. Gaztelako Atea | Tolosa ezagutzeko audiogida

    Kaixo!

    Ongi etorri gure herrian murgiltzen lagunduko dizun audiogidara.

    Triangulo plazan gaude; hots, antzinako Tolosa eta Tolosa modernoa bereizten diren

    lekuan.

    Bertan, Gaztelako Atea: hiri zaharraren azken aztarnetako bat. Halaber, Laskoain Atea ere

    esaten zaio, gauden haranaren izena hartuta. Dirudienez, duela 9.000 urtez geroztik bizi

    izan dira gizakiak bertan. Orain ikusita sinestezina bada ere, Erdi Aroan uharte bat zen

    Tolosa, Oria ibaiaz eta dagoeneko desagertuta dagoen Erretengibel kanalaz inguratua.

    Kanal hori egungo Rondilla kaletik zihoan, hau da, plazaren beste aldean ikusten dugun

    errepidetik.

    Uhartea harresi batez inguratuta zegoen eta bost ate zituen. Ate horien bidez kontrolatzen

    ziren zirkulazioa eta salgaiak. Izan ere, Tolosa estrategikoki kokatuta zegoen, Frantziara,

    Gaztelara eta Nafarroara joateko igaroleku baitzen.

    Suteak, jaiak, komunitatea, guduak, sormena… eta bizitasuna barra-barra. Ate hau

    zeharkatzera gonbidatu nahi zaitugu, hiribilduak ia 800 urteko historian izan duen bilakaera

    ezagutu dezazun eta, era horretan, gaur egun zergatik den horrelakoa ulertu ahal izan

    dezazun.

    Edonola ere, bisita udaberrian edo udan egiten ari bazara, begiratu gora Gaztelako Atearen

    arkuaren azpitik igarotzean, eta gozatu Atea apain-apain uzten duen lorategiaz. Inguruko

    artistek egiten dute urtero. Ongi etorri Tolosara!

    Jarraitu ibilbidea bisitaren hurrengo punturaino: Zerkausia.

    3 min

About Tolosa ezagutzeko audiogida

From the publisher's feed

Hamaika bitxikeria zure belarrietara, mugikorra soilik erabilita!