urpekoBONBARDA #148
Zuzeu Podcastek aurkezten du: Urpeko Bonbarda, Anartz Bilbao gidari duen musika saioa.
148. saioan, 2025eko azaroaren 24an zendutako Jimmy Cliff reggae kantari jamaikarraren omenezko saioa osatu dugu.
Mundu mailako ospea izan zuen lehenetariko musikari jamaikarra izan zen Jimmy Cliff, reggae musika ezagutzera eman zuena. 81 urte zituela zendu da.
Ahots eztitsua zuen, lausengaria, eta arimaz beteriko kantaera. Benetako rude boya izana zen gaztetan, eta arrakasta itzela izan zuen “The Harder They Came” filmeko soinu bandarekin, antzezle lanetan ere izan zuen filma. Guztira 30 inguru estudioko disko plalaratu zituen, eta EHZ festibalean kantatu zuen 2013an.
Toots Hibbertekin batera ska eta reggae soinuen aitzindari izandako musikaria Saint James-en jaio zen 1944ko uztailaren 30ean, eta James Chambers zuen benetako izena. Elizkoia ei zuen aita, eta oso musikazalea zenez, txiki txikitatik jarri zuen arreta gospel eleizkizunetan, baita irratian entzuten zituen artista estatubatuarrengan ere, beraiengandik ikasteko asmoz: Little Richard, Sam Cooke, Ray Charles edo, Urpeko Bonbardan entzun dugun
Derrick Morgan.
Jimmy Cliff izan zen Leslie Kong disko etxe bat irekitzera bultzatu zuena, Kingstonen, gerora jamaikar musika mundura zabaltzeko gakoetako bat izango zena. Elkarrekin plazaratutako lehen singlea da “Hurricane Hattie”. 60ko hamarkada zen, eta jamaikarrak Britainia Handian igaro zuen denboraldi bat. Urteetara, zera esan zuen garai haiei buruz: “Londres hiri zakurra da, ez dut inon arrazakeria ezagutu han bezala”.
Disko etxe sortu berriak Maytals eta Wailers taldeak emango zituen ezagutzera geroxeago, eta Desmond Dekkerren lanez aparte, Peter Tosh eta Bob Marleyren lehen singleak ere argitaratu zituen. Azken hau, Bob Marley, Jimmy Cliffek aurkeztu omen zion Leslie Kong ekoizleari. “Antzeko asmo, izpiritu eta pentsaera iraultzailea genuen -esan zuen Jimmy Cliffek Bob Marleyri buruz- baina ni bakarti samarra naiz eta berak jendea maite zuen. Horrexegatik zuen ontasun eta txarkeria guztiak erakartzeko gaitasuna”.
Island disko etxearekin 1967an egin zuen Cliffek debuta, “Hard Road to Travel” lanarekin, eta bi urte geroago argitaratu zuen “Wonderful World, Beautiful People”, 1972ko “The Harder they Come”diskoarekin batera -izen bereko jamaikar filmaren soinu banda- mundu mailako ospea ekarri ziona.
Island utzi eta EMIrekin sinatu ostean, 70 eta 80ko hamarkadetan, urtero lan berri bat plazaratu zuen jamaikarrak. 70eko hamarkada erdialdera, gainera, Afrikara jo zuen, bere antzinako arbasoen izpiritualitatera hurbiltzeko asmoz. Eta islamera bihurtu zen bertan, kristautasunetik islamera, apenas hartu baitzuen parte rastafari mugimenduan.
Jimmy Cliffen omenezko saioan, bere ahotsa ez ezik, entzun ditugu berarekin zerikusia izan zuten beste zenbait artistena ere: Berak arrakasta handiz bertsionatu zuen Johnny Nash estatubatuarraren “I Can See Clearly Now” jatorrizko bertsioan entzun dugu; Jimmy Cliffen bi kantu Desmond Dekker eta Bruce Springsteen izarren ahotsetan, “You Can Get It If You Want” eta “Trapped”; Cat Stevensen “Wild World” Jimmy Cliffen bertsioan eta, bukatzeko, berriro jamaikarra bera, The Clash taldeko Joe Strummer musikariarekin batera emandako “Over the Border” kantuan.
Itxaropen eta batasun mezuak
60ko hamarkadatik gaur egunera arte, 1967ko “Hard Road” lehen diskotik 2022ko “Refugees” azkenekora -jarri arreta izenburuetan-, estudioko 30 disko inguru plazaratu zituen Jimmy Cliffek, eta bi Grammy sari eskuratu, zazpitan izendatua egon ostean; 1985eko “Cliff Hanger” lanarekin lehena, eta 2012ko “Rebirth” lanarekin azkena.
Gizon maitatua zen musika munduan, eta makina bat elkarlan egin zituen, Rolling Stones taldeko Keith Richardesekin edo The Police taldeko Stingekin, berbarako. Baita Kool & the Gang, Elvis Costello, Annie Lennox, Paul Simon, The Clash taldeko Joe Strummer edo Rancid taldeko Tim Armstrongekin ere. Eta bere kantuen bertsioak egin dituzte, arestian aipatutako Bruce Springsteenek, Willie Nelsonek, Cherrek, New Orderrek eta Fiona Applek.
Musikalki baikorra zen Jimmy Cliff, eta munduan zehar zale andana erakarri ditu, bogan den gorroto aroari itxaropen eta batasun mezuarekin erantzunez.
Toots & the Maytalseko kantari Toots Hibbert zendu zenean, Jimmy Cliffek beretzako ere aproposak diren hitzak eskeini zizkion lagunminari. “Gizon sinesdunak garen aldetik, norbait joatean ez dugu esaten hil denik, gainditu edo hedatu egin dela baino, hau da, transzenditu egin duela, izatearen beste aldera igaro eta arimak aurrera egiten jarrai dezan”.