
Sign up to save your podcasts
Or


Zuzeu Podcastek aurkezten du: Urpeko Bonbarda, Anartz Bilbao gidari duen musika saioa.
148. saioan, 2025eko azaroaren 24an zendutako Jimmy Cliff reggae kantari jamaikarraren omenezko saioa osatu dugu.
Mundu mailako ospea izan zuen lehenetariko musikari jamaikarra izan zen Jimmy Cliff, reggae musika ezagutzera eman zuena. 81 urte zituela zendu da.
Ahots eztitsua zuen, lausengaria, eta arimaz beteriko kantaera. Benetako rude boya izana zen gaztetan, eta arrakasta itzela izan zuen “The Harder They Came” filmeko soinu bandarekin, antzezle lanetan ere izan zuen filma. Guztira 30 inguru estudioko disko plalaratu zituen, eta EHZ festibalean kantatu zuen 2013an.
Toots Hibbertekin batera ska eta reggae soinuen aitzindari izandako musikaria Saint James-en jaio zen 1944ko uztailaren 30ean, eta James Chambers zuen benetako izena. Elizkoia ei zuen aita, eta oso musikazalea zenez, txiki txikitatik jarri zuen arreta gospel eleizkizunetan, baita irratian entzuten zituen artista estatubatuarrengan ere, beraiengandik ikasteko asmoz: Little Richard, Sam Cooke, Ray Charles edo, Urpeko Bonbardan entzun dugun
Derrick Morgan.
Jimmy Cliff izan zen Leslie Kong disko etxe bat irekitzera bultzatu zuena, Kingstonen, gerora jamaikar musika mundura zabaltzeko gakoetako bat izango zena. Elkarrekin plazaratutako lehen singlea da “Hurricane Hattie”. 60ko hamarkada zen, eta jamaikarrak Britainia Handian igaro zuen denboraldi bat. Urteetara, zera esan zuen garai haiei buruz: “Londres hiri zakurra da, ez dut inon arrazakeria ezagutu han bezala”.
Disko etxe sortu berriak Maytals eta Wailers taldeak emango zituen ezagutzera geroxeago, eta Desmond Dekkerren lanez aparte, Peter Tosh eta Bob Marleyren lehen singleak ere argitaratu zituen. Azken hau, Bob Marley, Jimmy Cliffek aurkeztu omen zion Leslie Kong ekoizleari. “Antzeko asmo, izpiritu eta pentsaera iraultzailea genuen -esan zuen Jimmy Cliffek Bob Marleyri buruz- baina ni bakarti samarra naiz eta berak jendea maite zuen. Horrexegatik zuen ontasun eta txarkeria guztiak erakartzeko gaitasuna”.
Island disko etxearekin 1967an egin zuen Cliffek debuta, “Hard Road to Travel” lanarekin, eta bi urte geroago argitaratu zuen “Wonderful World, Beautiful People”, 1972ko “The Harder they Come”diskoarekin batera -izen bereko jamaikar filmaren soinu banda- mundu mailako ospea ekarri ziona.
Island utzi eta EMIrekin sinatu ostean, 70 eta 80ko hamarkadetan, urtero lan berri bat plazaratu zuen jamaikarrak. 70eko hamarkada erdialdera, gainera, Afrikara jo zuen, bere antzinako arbasoen izpiritualitatera hurbiltzeko asmoz. Eta islamera bihurtu zen bertan, kristautasunetik islamera, apenas hartu baitzuen parte rastafari mugimenduan.
Jimmy Cliffen omenezko saioan, bere ahotsa ez ezik, entzun ditugu berarekin zerikusia izan zuten beste zenbait artistena ere: Berak arrakasta handiz bertsionatu zuen Johnny Nash estatubatuarraren “I Can See Clearly Now” jatorrizko bertsioan entzun dugu; Jimmy Cliffen bi kantu Desmond Dekker eta Bruce Springsteen izarren ahotsetan, “You Can Get It If You Want” eta “Trapped”; Cat Stevensen “Wild World” Jimmy Cliffen bertsioan eta, bukatzeko, berriro jamaikarra bera, The Clash taldeko Joe Strummer musikariarekin batera emandako “Over the Border” kantuan.
Itxaropen eta batasun mezuak
60ko hamarkadatik gaur egunera arte, 1967ko “Hard Road” lehen diskotik 2022ko “Refugees” azkenekora -jarri arreta izenburuetan-, estudioko 30 disko inguru plazaratu zituen Jimmy Cliffek, eta bi Grammy sari eskuratu, zazpitan izendatua egon ostean; 1985eko “Cliff Hanger” lanarekin lehena, eta 2012ko “Rebirth” lanarekin azkena.
Gizon maitatua zen musika munduan, eta makina bat elkarlan egin zituen, Rolling Stones taldeko Keith Richardesekin edo The Police taldeko Stingekin, berbarako. Baita Kool & the Gang, Elvis Costello, Annie Lennox, Paul Simon, The Clash taldeko Joe Strummer edo Rancid taldeko Tim Armstrongekin ere. Eta bere kantuen bertsioak egin dituzte, arestian aipatutako Bruce Springsteenek, Willie Nelsonek, Cherrek, New Orderrek eta Fiona Applek.
Musikalki baikorra zen Jimmy Cliff, eta munduan zehar zale andana erakarri ditu, bogan den gorroto aroari itxaropen eta batasun mezuarekin erantzunez.
Toots & the Maytalseko kantari Toots Hibbert zendu zenean, Jimmy Cliffek beretzako ere aproposak diren hitzak eskeini zizkion lagunminari. “Gizon sinesdunak garen aldetik, norbait joatean ez dugu esaten hil denik, gainditu edo hedatu egin dela baino, hau da, transzenditu egin duela, izatearen beste aldera igaro eta arimak aurrera egiten jarrai dezan”.
Zuzeu Podcastek aurkezten du: Urpeko Bonbarda, Anartz Bilbao gidari duen musika saioa. 147. saioan, Jon Mirande zenaren olerki musikatuak dakartzagu, jaio zeneko mendeurrenean.
1925eko azaroaren 10ean jaio zen Jon Mirande Aiphasorho Parisen, orain ehun urte. Lanera bertara joandako zuberoar familia bateko kidea zen, eta gurasoek hasieran frantsesez apenas zekiten arren, ez zuen euskara izan ama hizkuntza.
Lanbidez itzultzailea izan zen gizonak 20 urte inguru zituela hartu zuen euskara ikasteko erabakia, baita gauzatu ere -eleanitza zen, zinez-. Aurrerantzean zubereraz mintzatuko zen gurasoekin. Euskaltzain izateari izkin egin zion, baina euskara batuaren defendatzaile nagusienetakoa izan genuen.
1954an idatzi zuen bere nobela bakarra, “Haur besoetakoa”, kasik hiru hamarkada geroago plazaratuko zena, baina poesia landu zuen batez ere, paganismoa, sexua eta bortizkeria gai hartuta, jarrera nihilistaz. Eta asko dira bere olerkiak musikatu dituzten euskal musikariak. Urpeko Bonbardan aurkeztu ditugu batzuk.
Xabier Erkizia soinu artistak zuberoarraren hitzekin egitasmo berezi bat aurkeztu zuen, Elena Setien donostiar kantariarekin eta Grande Days taldearekin batera, "Mirande" (Forbidden Colours, 2020), sei olerki musikatu zizkion Ep-a: "Zergatik", "Igelak", "Eder bati", Eresi", "Jauregi hotzean" eta "Maitarzun". Azken honekin abiatu dugu saioa, eta gainontzeko olerki guzti-guztiak entzun ditugu gero, Elena Setienen ahotsean ez bada ere.
Azken Adarra Saria jaso duen Antton Valverde jaunak Miranderen bi olerki musikatu zituen "Larogeitamazazpi"diskoan (Elkar, 1997), aipagai izan dugun "Maitarzun" eta guk hautatu dugun "Ametsetariak"; eta Imanol Larzabalzenak, bere aldetik, greziar kutsua erantsi zion Georges Moustaki handiarekin batera kantatu zuen "Zergatik" olerkiari: "Zergatik ikasi ahaztekotz ikasiak oro?" ("Hori bera da denen ixtoria", Elkar 1996).
Jon Miranderen poemei arreta berezia jarri dietenen artean dago Oskorri bizkaitar taldea. Natxo de Felipek "Igelak", "Eresi" eta "Kattalin" kantatu zituen, azken hau "Hau hermosurie!" diskoan plazaratua (Elkar, 1984), baita zuzeneko bertsioan ere, 25 urteko bilduman.
Rock doinuetara etorrita, Miranderekin antzekotasunak dituen Niko Etxart aitzindariak -zuberoarra izan arren, Parisen eman zuen haurtzaroa- "Eresi" eta "Ortziren ttunttuna" kantatu zituen "Tumatxa" gogoangarrian (Elkar, 1983). Geroxeagoko punk eztandak ere ez zuen ahaztu Jon Mirande. Hertzainak taldeak "Eder bati" musikatu zuen "Hau dena aldatu nahi nuke" bigarren lan luzean (Soñua, 1984), eta hauek bezala arabarra zen Danba taldeak "Eresi", "Plataforman" debut diskoan (Tsunami, 1989): "Itzalik ez, baikor, ez herabe".
Fiachras folk punk taldeak ez zuen zuberoarraren olerkirik musikatu, baina "Jon Miranderen kanta" ondu zuen "Hiltzera goaz" lanean (Bonberenea Ekintzak, 2010).
Saioa bukatzeko, bi ahots berezi izan ditugu Miranderen olerkiak ahotan hartu dituztenak. Batetik Beñat Achiary baxe nafarrarena, Pedro Soler frantziar flamenko gitarra jolearekin batera plazaratu zuen "Pres du coeur sauvage" diskoan (Al Sur, 2000) "Jauregi hotzean" abestu baitzuen -kantatua zuen "Igelak" ere, "Arranoak" lanean (Ocora-Radio France, 1988)-; eta bestetik, Maddi Oihenart barkoxetarrarena, Josetxo Goia-Aribe saxofoi jole bikainarekin batera argitaratu zuen "Ilhargi-Min" diskoan (Metak, 2003) "Igelak" kantatu zuen-eta.
Eta gainera, harribitxi bat ere badakargu, Josu Martinez zinemagileak aurkitu eta Joserra Senperena piano joleak musikatutako poema argitaratu gabea.
2024an "Mirande, film bat egiteko zirriborroa" dokumentala aurkeztu zuen Josu Martinez bilbotarrak -sarean dago ikusgai, Kanalduden-. Eta Olaso Dorrea Fundazioko artxiboetan, Parisen jaiotako zuberoarrak Telesfono Monzoni bidalitako gutun batean, poema argitaratu gabe bat aurkitu zuen.
Aipatu dokumentalak Joserra Senperena izan zuen musikaren arduraduna, eta honek, urtebete geroago, poema musikatu zuen Jurgi Ekiza baionarrak lagunduta: "Udazkeneko artsalde baten oroipena".
Zuzeu Podcastek aurkezten du: Urpeko Bonbarda, Anartz Bilbao gidari duen musika saioa. 143. saioan, jazz latinoaren erraldoi bati egin diogu gorazarre, Eddie Palmieri piano joleari.
Karibear musikari eta latin jazzari egindako ekarpenagatik, legenda bat da New Yorken jaiotako Eddie Palmieri puertoricoarra, La Perfecta orkestraren sortzailea. 2025eko abuztuaren 6an hil zen gizona, 88 urte zituela, 2.500 zuzeneko jo eta 30 diskotik gora plazaratuta.
1961ean bere talde propioa eratu zuen, baina aurretik makina bat orkestratan jo zuen Palmierik, Tito Rodriguezenean, berbarako. Lehen lerroan lau tronpeta jole zituzten talde klasiko kubatarrak zituen gustuko, baina garestiak zirela-eta, tronboiz josi zuen bere taldea, eta honek ezaugarritu zuen beraien soinua, ordura artekoa baino urratzaileagoa, sugarragoa. Ismael Quintana zuen kantaria La Perfecta izendatu zuten estreinako orkestra hark. Aurki egin ziren ezagun.
60k0 hamarkadan, egun jazzaren maisutzat aitortzen den gizonak lan gogoangarri batzuk argitaratu zituen jazz musika eginez, Cal Tjader bibrafono jolearekin lehenengo -1966ko “El sonido nuevo” eta urte bete geroagoko “Bamboleate”-, eta bakarka gero, 19868ko “Champagne” diskoan.
Aintzinarotik datozen patroi erritmiko konplexuak jotzen zituen pianoan, musika afrokubatarra, baina berak aitortu zuenez, dantza zaleen zoritxarrerako, eta soinu propio baten bila, haratago hedatu gura izan zuen bere jotzeko modua, eta jazz musikan murgildu zen buru belarri. Etorria Herbie Hancock, McCoy Tyner eta Thelonius Monk maisuengandik jaso zuen piano joleak.
70eko hamarkada hasieran “Vamonos pa´l monte” plazaratu zuen, eta 1974an “The Sun of Latin music”, kritikarien esanetan Palmieriren diskorik onena, eta lehen Grammy Saria ekarri ziona, musikari latino batek eskuratu zuen lehena -etorriko ziren gehiago ere-. Hamarkada horretan, gainera, puertorikoar etorkinez beterik ziren estatubatuar gartzelak, eta nuyoricans-en kontrako aurreritziei aurre eginez, Sing Singeko presondegian ere jo zuen zuzenean.
80ko hamarkada, musika zaleak beste bide bat hartu zutela-eta, erretiratu samar pasa zuen Puerto Ricon, baina 90eko hamarkadan itzuli eta La Perfecta II jarri zuen martxan. Gizona Donostiako Jazzaldian ere izan zen, 2003an, Tito Puenteren omenezko kontzertuaren gidari lanetan. 2018ko “Mi luz mayor” du, lau urte aurretik zendutako Iraida emaztearen omenezkoa.
Eddie Palmierik zuen New Yorken taupaka dabilen karibear musikaren giltza, Cesar Miguel Rondon venezuelar kazetariaren aburuz. Eta musikagintzan utzi duen arrastoaren adibide, bi elkarlan aipatuko ditugu. Karibear musika jorratuz Ile herrikidearekin egindakoa bata -Ileana Mercedes Cabra Joglar, Calle 13rekin ezagun egindakoa-, eta jazz musika jorratuz Christian McBride kontrabaxu jolearekin egindakoa bestea.
Zuzeu Podcastek aurkezten du: Urpeko Bonbarda, Anartz Bilbao gidari duen musika saioa. 143. saioan, Jazzaldira begira jarri gara, eta bertan joko duten musikariek pop kantu ezagunei egin dizkieten bertsioak dakartzagu saiora.
Donostiako Jazzaldiak jaialdi ugari gordetzen ditu bere barnean, lehendik ere esana dugunez: egunekoa eta gauekoa, haurrentzako eta helduentzako antolatua, doanekoa eta ordainpekoa, jazz musikari eta gainontzekoei erreparatzen diona… horrexegatik dugu hain gustuko.
Gaur gurean, eta zerbait ezberdina egitearren, 60. edizioan parte hartuko duten musikari batzuk pop kantu ezagunei egin dizkieten berrirakurketak hautatu ditugu saioa osatzeko. Bederatzi kantu, eta beste horrendeste gizon -bi abesti emakumeek kantatzen badituzte ere-; gehienak piano joleak.
Aurtengo jaialdian parte hartuko duten musikarietako asko lehendik ere igaro izan dira Donostiatik azken urteetan. Horixe da Jazzaldiari egin diezaiokegun kritika nagusia, baina, kasu lagun! Jazz musikaz mintzo gara, eta musikariak betikoak izan daitezkeen arren, egitasmoak beti dira ezberdinak.
Iñaki Salvador piano joleak, inoiz Jazzaldian gehien jo duen musikariak -donostiarra da, ez alferrik-, “Dichosos Tributos” du aurten aurkezgai, Marco Mezquidarekin batera eta Chillida Lekun. Guk Mikel Laboa zenaren “Hegazti errariak” kantuan entzungo dugu, ahotsean Garbiñe Insausti lagun duela, maisu handiaren taldekide izan baitzen hamarkada luzez.
Marco Mezquida menorkarrak, Iñaki Salvadorrekin batera joko duen egitasmoaz aparte, Trinitate Plazan joko du aurten, Chicuelo gitarra jole flamenkoarekin batera. Guk kantu herrikoi bat berrirakurtzen entzungo dugu, Silvia Perez Cruzek kantatuko duen “La llorona”, sustraiak latinoamerikar folklorean dituen abestia. Eta bide beretik, Tom Waitsek “Bella Ciao” kantatuko du Marc Ribot gitarra jolea lagun duela, italiar partisanoen ereserki antifaxista. Ribotek hiru proposamen dakartza aurtengo jaialdira: bakarka joko du San Telmo Museoan, Ceramic Dog hirukotean Victoria Eugenian eta Hurry Red Telephone laukotean Trinitate plazan. Aurten Donostia Jazzaldia Saria jasoko du Marc Ribotek, Dee Dee Bridgewater eta Bill Brufordek bezala.
Bigarren urtez jarraian Trinitate plaza zapalduko duen Brad Mehldau piano jole apartak Oasistaldearen “Wonderwall” ezaguna berrirakurria du zuzenean, hirukotean, eta Lew Tabackin eskarmentu handiko flauta eta saxofoi joleak Joni Mitchell kanadarraren “Blue Motel Room”. Bi zuzeneko ditu aurtengo jaialdian, Chillida Lekun bata, eta Musikenen bestea. Baptiste Trotignon eta Bojan Z piano joleek bakarkako kontzertu bana dute San Telmo Museoko matinaletan, eta elkarrekin joko dute Kursaal inguruko terrazetan, Pianoforte egitasmoarekin. Bi erraldoiri egindako bertsio bana entzungo diegu saioan, bikainak biak ala biak; The Beatles taldearen “Drive My Car” joko du lehenak, eta David Bowie zenaren “Ashes to Ashes” bigarrenak.
Bukatzeko, Kursaalean ordainpeko kontzertua eta Zurriola hondartzan doanekoa joko duen Jamie Cullum bizia, jaialdiaren aspaldiko laguna hau ere, Rihanna kantariaren “Don´t Stop the Music”ezaguna jotzen entzungo dugu, eta Kurt Elling, berriro Trinitate plaza zapalduko duen kantaria -Marc Ribot eta Lew Tabackinekin batera gaurko hautaketan piano jotzailea ez den bakarra- U2 irlandarren “Where the Streets Have No Name” abesten.
-IZAN ZUZEU-
Orainkari albistari aldizkari digital,
uneoro aldatzen den blog gune leihoa,
iritzia, eztabaida eta mila bisita,
zuzeulari, gugeulari ta hasi saioa...
Zeurekin eta zeurea,
kazetaritza librea,
agora sano askea,
partaidetza du xedea,
euskeraz...
izan zuzeu!
Sinadura, salabardo, eztabaidagunea,
errezeta, podcast eta txiorik onena,
buruari bueltaka, mundua, euskalherria,
literatur, filosofi, gaztea saria.
Orotarik euskalduna,
iritzi salda forua,
argia eta iluna,
garenaren ispilua,
larrosa eta asuna,
euskeraz...
izan zuzeu!
From the publisher's feed