Grezia zulo beltzetik ateratzen ari dela diote makrodatuek. Langabeziak behera egin du, erreskateak atzean geratu dira eta Barne Produktu Gordina hazi egin da. Atenas erdiguneko kale turistikoetatik ibili eta aski atzematen da ekintza ekonomikoa berpiztu egin dela. Hotel berriak, jatetxe modernoak eta zabor gutxiago plazetan.
Baina Atenasera noan bakoitzean, badago izugarri hunkitzen nauen errealitate ez hain ezkutua. Panepestimio plazan, unibertsitatearen aurreko enparantza nagusian, Alexis Tsiprasek bere lehen garaipena ospatu zuen 2015ean. Metro geltoki nagusiaren inguruan, sartu-irten etengabean ari dira ikasleak. Eraikineko ateak turistez gainezka daude. Bideokamerarekin irudi batzuk hartu eta, bat-batean, izkina bati erreparatu diot. Hainbat gazte ilara egiten daude. Kamiseta igo, sabeleko haragia tolestu eta bertan sartzen dute xiringa.