Xabier Montoiaren Gorraizea da azken urteotan Josu Goikori gehien gustatu zaion diskoetako bat. Ibon Rodriguezekin ondu zuen Montoiak disko hau eta, zinez, borobila atera zitzaien lana. Kanta ia-ia biluziak dira, piano, biolin, biola eta txeloz lagundutakoak..
Kantuen hitzetan, bada, zer esan, musikari eta idazle honen ohiko gaiak eta, batez ere, tonua azaltzen dira: garratza eta ironikoa, krudela eta gozoa, etsia eta ezin gizatiarragoa. Hertzainak eta M-ak taldeetako sortzaile honek poesia idazten ekin zion bere ibilbide literarioari. Nahiz eta gero prosaz idatzi, Montoiaren lehen hiru liburuak poesia lanak dira, hirurak Susa argitaletxearekin eta oso urte gutxian ateratakoak: "Anfetamiña", "Likantropo" eta "Narraztien mintzoa". Gerora, bere ziklo poetikoa ixteko, 2005ean Bingo izeneko liburua atera zuen Pamielarekin. Bingo da Montoiaren hiru poema liburuen antologia bat gehi ondorengo hamar urteetan idatzitako poemen bilduma.
Josu Goikok ohi bezala hiru poema aukeratu dizkigu antologia horretatik Astelehen Poetikoak podcasterako Atarikoa, Postrerik gabe eta "Xanti Iparragirreren -"Biziaren azala" irakurri ondoan"