
Sign up to save your podcasts
Or


Ezkarozen dauka kokalekua Aukera denda. 2. eskuko arropa saltzen da bertan eta proiektua bera aprobetxatu egiten da zaurgarritasun egoeran edo arriskuan dauden pertsonei lan aukera bat emateko. Ezkarozeko udalak, Bizirik Gaude elkarteak eta Zaraitzu eta Nabaskozeko Gizarte Zerbitzuek jarri dute proiektu hau martxan, zeina ekonomia zirkularra duen oinarri. Bertan beste pertsonek utzitako arropak eskuratu daitezke prezio sinboliko batean, proiektu hauxe irabazi asmorik gabekoa baita.
Larunbata honetan bertan topa ditzazkegun arropak ikusgai izanen dira Bizirik Gaude elkarteak antolatutako Elkartasun Azokan. Hori bera aprobetxatuz proiektua sakonki ezagutu dugu bertako gizarte langilea den Gaizka Huarteren ahotik.
Gaizka Huarte Irati Irratian
Hiri zein landa eremuetan beren bizitza aurrera ateratzeko lur zein etxeak eskuratzeko dauden oztopoei irtenbide komunitarioa ematearren helduko dira gaur Iruñeko Katakraken Lur Komunak jardunaldiak. Talaios, Olatukoop, Katakrak, La Dinamo eta Coop 57 erakundeek antolaturik hainbat proiektu ezagutzeko aukera izanen dugu. Hau aitzakitzat harturik antolaketa lanetan dabilen Beñat Irasuegirekin izan gara eta berak azaldu dizkigu topaketa honen nondik norakoak. Berak aipatu bezala gogoz daude ere Pirinioetan holako ekinbide bat jorratzeko.
Bertan ezagutuko ditugun proiektuak hauek izanen dira:
– Hiri-lur komunitarioak:
– Katakrak
– Biziola
– Titaranya
– Cal Blanxart
– Landa-lur komunitarioak
– Amillubi
– Sustraiak/Aleko
– Can Bonfill
Informazio gehiago : Lur Komunak
Beñat Irasuegi Irati Irratian
Pirinioko Mahaiak eta Gupirinioko lantalde teknikoak Etxebizitzaren inguruko jardunaldiak eginen ditu datorren maiatzaren 28an Otsagabian, Coliving ereduan atentzioa jarriz. Toki-entitateei zuzenduta jardunaldi hauetan zenbait eredu jarriko dira mahai-gainean, Erronkari eta Usurbilekoak kasu.
Gaur honi helduta Erronkariko alkate den Amparo Viñuales Gale izan dugu gurean Zaltu ostatuan eratu duten colivingaren esperientzia partekatuz. Lagun dexenteri tokia egin die coliving honek, kontuan izanda etxebizitza zer nolako beharra dagoen Nafar Pirinioetan. Otsagabian bada beste coliving proiektu bat eta horrekin coliving sare bat eratzea dute helburu. Amparok gonbidapena luzatu digu jardunaldi hauetan parte-hartu dezagun eta segi dezagun etxebizitza arazoari ertz desberdinetatik helduz.
Amparo Viñuales Gale Irati Irratian
Hainbat eragilek bat egin dute larunbata honetan pentsio eta soldata duinak exijitzeko eskaria eginen duen mobilizazioarekin. Aldarrikapenetan, bertan, Nafarroan , soldata eta pentsio minimoak adostea izanen litzateke baita 1600 eurotara soldata eta pentsio minimoak igotzea ere. Sustatzaileen artean LAB sindikatua dugu eta gaur gurean izan dugu Nafarroako Idazkari nagusia den Imanol Karrera. Aukera aprobetxatu dugu lan baldintzen inguruan elekatzeko atzokoan Agoitzen 55 urteko behargin bat zendu baitzen lanean 10 metrotik erorita. Imanolek biharko mobilizaziora gerturatzeko deia egin digu arrazoiak soberan ditugulako.
Imanol Karrera Irati Irratian
Ekonomia sozial eta solidarioaren baitan kokatzen diren proiektuen saretzea bilatzen duen erakundea dugu REAS. Urtero, Ekonomia Solidarioaren jardunaldiak egin ohi ditu, gizarte kapitalistak ezarritako arazo zein erronkei nola kolektiboki eman diezaiokegun erantzuna hausnartzeko. Aurtengoak Etxebizitza eskubidea izanen dute protagonista eta lehen egunean diagnostiko sakon bat egin ostean erantzunak egikaritzen hasiko dira, beste leku batzuetako esperientzien berri jasoaz. Gaur REAS Nafarroako kidea den Xanti Kiroga izan dugu gurean jardunaldi hauen berri ematen.
Xanti Kiroga Irati Irratian
Jardunaldien aurkezpenean Ahotsa.Infoko lagunek eginiko bideoa
Urte batzuk daramatzate lehen sektorearen baitan lanean Larretik elkarteko lagunak. Tokiko produktua sustatu eta lehen sektorearen lan baldintzak hobetzea dute helburu, baita inguruarekiko atxikimendua ere. Lan hauek aurrera eramateko Pirinioko Planaren eta Nafar Gobernuaren laguntza eduki dute eta zenbait zerbitzu abian jarri dituzte dagoeneko. Honen ondotik dator igande honetan eginen den azoka, bertako produktuak izanen direlarik protagonista. Produktuak ez ezik, musika ere izanen du bere partea, bertan arituko baitira Iñaki Labaka eta Oxanda Ahots taldea besteak beste. Pirinioetako 7 taberna eta jatetxeek ere beren pintxoak eskainiko dituzten tokiko produktuak ardatz hartuta. Nola ez, eguraldia lagun bada bertako abere arrazen presentzia egonen da. Azokaz eta elkarteaz aritu gara gaur Larretik Elkarteko kidea den Iñaki Zoko lagunarekin.
Iñaki Zoko Irati Irratian
FEDER funts europarrek mugaz-gaindiko proiektuak garatzeko aukera eman dute, horietako zenbait POCTEFA 21-27 programan bilduta dira baina badira proiektu txikiak garatzeko partida bat, aurten estreinatzen dela. Hori bera aurkeztuko dute ostiralean Ezkarozen eginen diren jardunaldietan. Jardunaldi horien inguruan Nafar Gobernuko Eskualdeen arteko lankidetzako zuzendari nagusia den Iñaki Martinez de Virgala izan dugu honen inguruan solasean. Jardunaldi hauek diru-laguntza hauetara aurkezteko bideak eta moduak azaltzeko baliatuko dituzte. Laguntza hauetaz aparte badira beste laguntza batzuk Euroeskualdeari dagozkionak ere eta hauetan laguntza emateko prest agertu zaigu Iñaki.
Informazio gehiago : Poctefa deialdiak
Iñaki Martinez de Virgala Irati Irratian
Nafarroako Erdialde eta Erriberako ekoizleen olio, kontserben eta produktuen kanpaina abiatu du Errigorak “Beste modura denona da ardura ” lemapean. Urtero egin ohi da kanpaina eta elikadura subirautzan pausu berriak emateko dago pentsatua, ekoizle eta kontsumitzailearen arteko bideak estutu eta lan baldintza duinak eskaintzeko. Astelehenetik hasita eta martxoaren 26 bitarte dago aukera eskariak egiteko. Kanpainaren inguruan aritu gara Errigorako kidea den Aintzane Ariztegirekin.
Informazio gehiago edota eskariak egitek : Errigoraren webgunea
Aintzane Ariztegi Irati Irratian
Siemens Gamesa, VW Navarra, Tasubinsa, Nano Automotive, Tenerias Omega, Sunsundegui eta BSH enpresetako komiteek modu transbertsalean Nafarroako Industriaren etorkizunaren alde ekiteko mobilizazioa deitu zuten, euren egoerei aurre egiteko ez ezik, nafartarron etorkizuna borrokatzeko gogoekin. 7 lantegi hauek 8000 langileei eragiten die zuzenki eta modu batean edo bestean beren lanetan etorkizunarekiko ezjakintasuna da nagusi. Honi aurre egiteko planteatu zuten mobilizazio bateratu bat egitea eta hura igande eguerdian izanen da. Honen inguruan, LAB sindikatuko industria arduraduna den Asier Calderon izan dugu solasean.
Asier Calderon Irati Irratian
Bi urte daramazkite Aezkoan Komunalaren inguruko lanketa espezifikoa egiten. Pasatako ikasturtean komunaletara bisita gidatuak izan ziren egindako lanen erakusleiho nagusia, Artelaneko lagunekin batera. Bertan espreski ezagutu ziren komunala horri zer nolako erabilera ematen zaion eta baita nola dagoen ezagutu. Lan honi segida emateko bihar Orbaizetako Kultur Olan Kultur Komunalaren Eguna ospatu eginen dute. Iraganaz arituko dira hasieran bisita gidatua egiten duten bitartean. Horren ondotik oraina eta etorkizuna izanen da hizketagaia izanen den mahai-inguruan. Mahai-inguru honetan Cederna-Garalurreko Arantxa Arregi, Aezkoako Batzarreko Karlos Bueno eta bertako abeltzain eta komunalaren erabiltzaile diren Patxi Encaje eta Patxi Zabaltza izanen ditugu. Bukatzeko, Fermin Valencia eta Resu Ansorenaren kantuek gozaraziko gaituzte pintxo-potearen bitartean. Honen inguruan elekatu gara Karlos Bueno Reka Aezkoako Batzarreko lehendakariarekin.
Karlos Bueno Reka Irati Irratian
From the publisher's feed