Historia eta istorioak

Historia eta istorioak

By GUAU | EITB AudioSociety & Culture
Download on the App Store

Historia eta istorioak episodes

  • 41. Beñat Arzadun: ''Umiltasunez hurbildu behar du kooperenteak benetako ekarpena egin ahal izateko''
    Ikasketaz ingeniaria da Beñat Arzadun. Laguntzeko gogoz, Mozanbikera joan eta hango nekazariekin lanean aritu da hogei urtetan zehar. Mundukide gobernuz kanpoko erakundearen eskutik egin du bide hori. Egun, Euskal Herrira itzulita dago eta bertatik jarraitzen du laguntzeko ahaleginean, nazioarteko beste lurraldeetan dauden kooperanteren lana koordinatuz. Lanik handiena, "hango errealitatea ezagutzea" izan zela aitortzen du, izan ere kooperantearen lana eraginkorra izateko, borondatea eta ezagutza, lan egiten ari den herrialdeko errealitateari lotuta ekarpenak egitea baita.Kooperazioak aurreko hamarkadetan izan duen garrantzia gutxituta ikusten du, lehen mundua "berpisionatzen" ikusten du eta ekonomia krisian murgilduta gaudela pentsatzen dugun arren, laguntza ematen jarraitzeko eskatzen du. Euskal Herriko edozein biztanleren egoera ekonomikoa aberatsa delako, munduko beste leku askorekiko.
    33 min
  • 40. Iñake Irastorza: ''Aktore batentzat lan tresna gorputza eta sentimenduak dira''
    Aktorea da Iñake Irastorza. Aspaldiko urtetan, zineman, antzerkian eta telebistan egin izan du lan. Antzeztea bokazioa da beretzat, lana baino gehiago, eta bere iritzirako "aktorea, paper bat interpretatzen duenean haurtzaroa oso gogoan duen heldua da". Lanabesa berriz, "gorputza eta sentimenduak" ditu aktoreak eta emozionalki oreka galtzeko arriskua ere egon liteke. Aktore lanak dituen gorabehera ekonomikoekin bizitzen ikasi egin behar da baita ere, oraintxe lan asko eta gero batere ez egotea gerta litekeelako.Irastorzaren esanetan, nolanahi, aberasgarria da aktore bizitza eta handia talde lanari esker ikuskizun bat aurrera ateratzen denean sortzen den satisfazioa.
    33 min
  • 39. Jesus Ibarluzea: ''Egun, norberaren posta kodeak baldintzatzen du gure osasuna''
    Jesus Ibarluzea, osasun publikoan doktorea da, Biologoa eta Psikologoa. Urteak daramatza osasun publikoari lotutako baliabideen antolakuntzan. Eskarmentuak erakutsi dio desberdintasun sozial eta ekonomikoek zuzeneko eragina dutela bizi kalitatean. "Historia eta Istorioak" podcastaren atal honetan Ibarluzeak azpimarratu digu, posta kodeak, gure bizitokiak, bizitzeko modua baldintzatzen duela. Eta inguruak eragiten duela, gaixotasunean, hilkortasun tasan eta abar.Euskal Herrian, munduko beste leku batzuetan ez bezala, ez dago desberdintasunik landa eremua edo hiriaren artean osasun zerbitzuetan, bere ustez. Pandemiak erakutsi dio mezu apokaliptikoak ez direla eraginkorrak eta egoera bereziak datozenerako, aurrez antolatuta egon beharra dagoela datorrenari aurre egin eta herritarrari arreta hobea emateko.
    35 min
  • 38. Iñaki Irastorza: ''Argiarekin gauzak aberastu daitezke''
    Argia, begi bistan duguna hobeto ikusteko edo alderantziz, ezkutatu nahi dugun objektuari itzala sortzeko erabili daiteke. Iñaki Irastorza argiztatzailea da, ibilbide luzea du telebistan, zineman eta ikuskizunak argiztatzen. "Historia eta Istorioak" podcastaren atal honetan azaldu digu eskarmentuak erakutsi diona, "argiarekin gauzak aberastu" daitezkeela.Argia eta argiztatzailearen lana ezinbestekoak dira ikuskizunetarako, profesionalei merezi duten lekua aitortzen ez zaien arren. Horren lekuko, askotan errodajeetan izaten dituzten lan baldintza kaskarrak. Zuzendari batzuk "ekarpen zain" egoten diren bezala, beste batzuk jarrera itxia erakusten dute profesionalaren lanari bidea emateko. Izan ere, Iñakik badaki, argiaren bidez, "sentimendu eta sentsazioak" eragin daitezkeela. Izarrez betetako mundu horretaz hitz egin dugu argiztatzailearekin.
    32 min
  • 37. Jose Maria Urkia: ''Turismoa ez da oraingoa, ekonomiaren motore izan da batzuentzat''
    Euskal Herriko turismoaren historia egiteko bi mende atzera egin beharra dago Jose Maria Urkia historilariak dionez. Medikuntzan Doktorea da Urkiri eta Adiskideen elkarteko zuzendaritzako kidea, Turismoa ongizateari lotuta abiatu zela azpimarratu digu "Historia eta Istorioak" podcastaren atal honetan.Bainuetxe eta hondartzetako urek sortzen zuten onura bila iritsi ziren noble eta aberatsak Donostia, Biarritz edo eta Zestuara. Isabel II. Espinaiko erregina 1842an Donostiako hondartzara etortzen hasi izanak berebiziko garrantzia izan zuen ekonomiarentzat. Izan ere Gipuzkoako hiriburura erakarri zituen bere gobernuko kideak eta hauen interesen alde egiten zituzten jendeak. Hala, XIX. mende amaieran eta XX. mendearen hasieran, Donostiako ostatu eta hotelek gaur egun baina ohe gehiago eskaintzen zituzten kanpotarrentzat.Lehen mundu gerran Espainiak jarrera neutrala hartu izanak Donostiari Europa osoko jendea biltzeko aukera eman zion gainera; aberats eta politikariak, espioiak... Gerra Zibilaren ostean Franco diktadoreak ere oporraldirako Donostia aukeratu izanak, sona berreskuratzen lagundu zion hiriari. Egun ere, turismo gune izaten jarraitzen du, baina turistaren profila aldatu da, 60ko hamarkadan izandako aldaketa sozioekonomikoa eta gero.
    32 min
  • 36. Iñigo Arratibel: ''Autoritarismoa indarra hartzen ari da, demokrazia gain beheran jarriz''
    Iñigo Arratibel, Politika zientzietan lizentziatua da eta politika izan du ikerketa lerroa azken urteetan. Askok esaten dutenaren kontra politikaren izaera zientifikoa bistakoa da, esperimentazioa eta metodologiaren bidez lantzen baita. "Historia eta Istorioak" podcastaren atal honetan arrazoitu digunez, politika zientziek harremanak aztertzen dituzte, antolatzeko, gizarteak sortu dituen lege eta araudiak. Egun, Mendebaldean ezarrita dagoen sistema politikoa, II. Mundu Gerra ondoren sortutakoa da, Frantziako iraultzatik aurrera gizarteak ezarritako baloreetan eta aginte banaketatik aurrerako antolakuntzan oinarritutakoa.Arratibelen esanetan, demokrazia gaur gaurkoz arriskuan egon liteke "autoritarismoaren aurrean indarra galtzen" ari delako, alderdi bakarreko eta lider indartsuetan oinarritutako sistemak ugarituz. Eta bestetik, "gazteak politikatik kanpo" geratzen ari direlako gero eta gehiago.Algoritmoak politika gaindituko ote duten galdetuta, hori "politikaren amaiera" izango litzatekela garbi du Iñigo Arratibelek.
    32 min
  • 35. Andoni Lubaki: ''Argazkia, bizitzan egoteko modua da eta argazki kamera nire pasaportea''
    Argazkiak, gertakariak "modu zintzoenean" jasotzeko modua dira Andoni Lubaki argazkilariaren iritzirako. Izan ere badaki objetibotasun "osoa" ezin dela lortu. Paperan aurrena eta modu digitalean gaur egun, argazkigintzak, munduari begiratu eta berau islatzeko modua zeharo aldatu duela bistako gauza da, askotan giza talde zenbaiten protagonismoa lortzeko bidea egin duelarik.Andoni Lubaki argazkilariak, argazkigintza du ogibide. Munduko gatazka eta albiste guneetara hurbilduz ateratzen du bizimodua eta "Historia eta Istorioak" podcastaren atal honetan azaldu digu zer den beretzat, argazkilari izatea. Bere iritzirako, kamera tresna bat besterik ez da. Baina baliabide horren erabilerak adieraziko du nolakoa den kamera horrekin irudiak egitean dituen argazkilaria. Artista, kazetaria, edo eta ospakizunak eta pertsonaren inguruko gertakariak oroitzeko helburua duen pertsona.Argazkiek sentimenduak biltzeko duten ahalmenari buruz galdetuta, argazkiek "min fisikorik" ez dutela eragiten esan digu, bai ordea sentsazioak eta sentimenduak sortzeko ahalmena sortu.
    33 min
  • 34. Garbiñe Etxeberria: ''Futboletik bizitzea ezinezkoa zen, aldaketa handia egin da''
    Garbiñe Etxeberria, (Hernani, 1967) Realeko nesken futbol saileko arduraduna da gaur egun. Aurrez, futbol jokalaria eta entrenatzailea izan da. Beraz, iturri onetik daki kirol arloan aurrera egiteko izan dituen zailtasunak eta oraindik ere egunerokoak dituzten eragozpenak kirola berdintasunean egin ahal izateko. "Mari-mutilak ginen, ibilbideak eraman nau nagoen lekura" esaten du. Bere iritzirako emakumeen eskubideak aitortu ez ezik, "berdintasunerako aukerak" dira emakume kirolariek behar dituztenak aurrera egin ahal izateko "aukerak ematen zaizkienean, erantzuten dutelako".Onartzen du orain gutxi arte, futboletik bizitzea "aldaketa handia" izan dela emakumezkoentzat. Nolanahi, bide luzea aurreikusten du oraindik, "Zerotik hasi ginen" baina oraindik ere, kirol arduradunekin elkartzen denean, "gizonez inguratuta bizi naiz" dio.
    33 min
  • 33. Aroa Uharte: ''Errusiarrak ez dira Hollywood-ek erakutsi dizkigun bezalakoak''
    Errusia albistegien ikusmiran jarri du Ukrainako gerrak. Aroa Uharte Errusian bizi izan da, bertako hizkuntza irakaslea eta itzultzailea da. Errusiako historia ezagutzen du eta topiko eta aurreiritzien gainetik hitz egin digu "Historia eta Istorioak" podcastean.Errusia eta Ukrainaren arteko harremana, historian zehar, ona izan da, "Errusiar guztiek dute norbait Ukrainan" dio Aroak. Askoren iritzirako anai-arreben arteko gerra sortu duela Vladimir Putinek eta kontrako erreakzioa areagotzen ari dela. Nola nahi, Aroak argi esaten du "gure mundutik aparte, baina gure munduaren parte" ere badela Errusia.Errusiako literatura, kultura eta iragan oparoa ardatz hartuta gaur egungo egoera azaldu digu podcastean, Errusia, lurralde oso handia da, 144 milioi biztanle ditu eta ezberdintasun handia dago hiri eta landa eremuen artean.
    33 min
  • 32. Joxerramon Bengoetxea: ''Beste Europa bat ikusten ari gara Ukrainako gerraren aurrean''
    Europar Batasunaren hazia, etsai amorratuak erein zuten XX. mendean. Hiru gerra beldurgarri elkarren kontra egin ondoren, gerra albora utzi eta elkarlana indartzea erabaki zuten Alemaniak eta Frantziak. Altzairua eta ikatzaren elkarteak daude oinarrian. Armak egiteko altzairua eta energia sortzeko ikatza ezinbesteko baliabideak zituzten eta hauek partekatu eta lehen gaiak elkarrekin ekoiztea erabaki zuten, aurrez gerrarako izan zuten grina elkarlana bihurtuz. Oinarri ekonomikoak zeuzkan erakundea, konfederazio bilakatu zen denboraren joanean eta Europar Batasuna da gaur egun. Mundu mailako proiektu politikorik handiena.Joxerramon Bengoetxea, legelaria da, Europar Batasuneko Justizia Epaitegiko abokatu izan zen bost urtez eta hurbiletik ezagutzen du Europar Batasunaren erakunde juridiko eta politikoa eta potentzial handiko erakundetzat jotzen du. Bere iritzirako, Ukrainako gerraren aurrean Batasunak erakutsi duen jarrera "beste bat da" aurreko egoerekiko. Hiritarrek "gero eta garrantzia handiagoa" hartzen dutela ikusten du. Arlo Juridiko eta ekonomikoan eskubideak zehaztuta daude bere esanetan eta atzerri politikan izan dezakeen garrantziaz ohartu beharko lukete hogeitazazpiek "AEBn "zer erabakitzen duten zain" egon gabe.
    36 min

About Historia eta istorioak

From the publisher's feed

"Historia eta istorioak" historia, nazioartea eta giza iraganari lotutako podcasta da. Lehen pertsonan kontatutako historia giza iragana aztertu duten pertsona eta adituen bidez jasoko dugulako,…