ARGIA

ARGIA

By ARGIANews
Download on the App Store

ARGIA episodes

  • Oroimen Histerikoa 3x18: Fuck news

    Geroz eta gehiago darabilgu ahotan 'fake news' edo albiste faltsu kontzeptua, tamalez, ugaritzen ari direlako gezurrezko notizia hauek ideia erreakzionario eta eskuinekoen mesedetan. Baina ez pentsa berria denik. Horren erakusle, historiako hiru albiste faltsu ekarri dizkigu Nagore Irazustabarrenak: Piltdowneko gizakia, Hitlerren panpina eta Erronkaribarreko enarak. 

    29 min
  • Oroimen Histerikoa 3x17: Azken 10 monarkak

     Ez da denbora asko pasa Europako herrialde batek azkenekoz monarkia abolitu duenetik. Zehazki, 2024ko abenduaren 8an bete ziren 50 urte Greziako herritarrek monarkiarekin amaitzea erabaki zutela. Baina oraindik bada zer abolitu, eta urteurren honek, Europan oraindik bizirik dauden monarkiei buruz hitz egiteko aitzakia eman digu. 

    27 min
  • Menda Bikoitza 2x07: Salbiaz asko daukagu esateko

    Gaurkoan sendabelar bakarra hartu dugu hizpide, badauka eta zer sakondua. Salbia (Salvia officinalis) da sendabelar hori, eta honen inguruan argitaratu den albiste bat hartu dugu abiapuntu, gai asko lantzeko aukera ematen digulako.
     
     Sendabelar honen olio esentzialarekin egindako ikerketaz aritu gara hizketan. Bertan, olio esentzial hau usaindu dute menopausia ostean dauden emakumeek eta horrek euren funtzio sexualean eta asetasunean duen inpaktua neurtu dute. Izan ere, askotan ikusi da menopausiaren ondoren funtzio sexuala aldatu egiten dela. Eta jakina da, bizi kalitatearen alderdi garrantzitsuenetakoa dela funtzio sexuala, beraz, beharrezkoa iruditu zaigu gai hau eta bizitzako garai hau aztertzea, halako ikerketak oraindik ere bakanak baitira.
     
    Ikerketa honen helburua ez da aromaterapiaren eraginkortasuna frogatzea, baina hori ere egiten du, emakume multzo honen funtzio sexualean eta gogobetetzean izan duen eragina positiboa izan baita.

    Ikerketa Iranen egin dute, eta sei asteko behaketa izan da. Kontrol taldearekin alderatuta nabarmen handiagoak izan dira batez besteko puntuazioak salbiaren olio esentziala usaindu zuten emakumeen artean, hau da, sexu gogobetetasun maila altuagoa zuten.

    Hala ere, sendabelar honen erabilerak baditu albo ondorioak eta kontrakotasunak. Horregatik ekarri dugu gaurko gomendiora. Landareari bere osotasunean begiratu behar diogulako eta praxi on bat ezarri. Gauza bat olio esentziala usaintzea baita, eta beste bat infusioa edatea. Infusioa ahoan zauriak daudenerako edo eztarriko mina dugunerako gomendatu dugu, ezkaiarekin batera. Erabilera kosmetiko ederra ere badu, adibidez, desodorante lehorra egiteko.

    29 min
  • Beranduegi 5x10: Pedofilia ez da txarra

    102. programara iritsi behar izan dugu Beranduegin ARGIAz serio hitz egiteko. Aralarren bozgorailu izatetik ezkerraren ordezkari izatera pasatzeko egin duen bideaz eta Euskal Herriko kazetaritza ereduez aritu gara. Hau guztia ARGIAren ezkontzarako astebete falta denean. Eta behin kazetaritza dosi gogor honen ostean, ikastolak eta eskola publikoa, pedofiloak eta pederastak eta Euskal Herriko padurak izan ditugu hizpide.

    Saio amaieran jarri dugun kanta: Idles - 'Dancer'

    E! Gogoratu. Telegram kanala ere badugu.

    Egin zure ekarpena

    Proposamenen bat, kritikaren bat edo irainen bat baduzu guretzat idatzi edo kontaiguzu: 669 36 29 82 zenbakia Telegram edo WhatsApp bidez edo [email protected].

    1 hr 2 min
  • Egonarria 3x07: Baso eskolak I Maialen Sistiaga

    Baso eskolen kontzeptua Danimarkan sortu zen 1950eko hamarkadan. Gurean Ekogunea izan zen 2016an baso eskolen proiektua martxan jarri zuena.

    Pandemia garaian baso eskola kontzeptua indartu egin zen eskoletan aire librearen eta mugimenduaren onurak agerian geratu ziren-eta. Urte gutxi pasa diren honetan, ordea, eskoletan berriro ere gela barruko dinamiketara jo dute pandemian basorako joera hartu zuten ikastetxe askok.

    Gaia lantzeko Maialen Sistiaga gonbidatu dugu, Biologian doktorea da eta EHUko irakaslea. Urte askoan Ekogunetik baso eskolak bideratu ditu eta gertutik ezagutzen du euren bilakaera.

    23 min
  • Beranduegi 5x09: Pellonce eta Eki

    Izar berri batek gidatu du 2025eko lehen saioa eta Mitoaroaz hitz egitera eraman gaitu, Kevin txundituta utzi duen emanaldia: Palestinari elkartasun keinua, euskararen aldeko aldarria, osasungintza publikoaren bandera... hurrengo hauteskundeetan botoa Pello Reparazentzat.

    Saio amaieran jarri dugun kanta: Ezezez - 'Puntofinal'

    E! Gogoratu. Telegram kanala ere badugu.

    Egin zure ekarpena

    Proposamenen bat, kritikaren bat edo irainen bat baduzu guretzat idatzi edo kontaiguzu: 669 36 29 82 zenbakia Telegram edo WhatsApp bidez edo [email protected].

    1 hr 7 min
  • Oroimen Histerikoa 3x15: Ez dago musik II

    Hainbat musa ezagutu genituen pasa den astean, eta hurbildu ginen beraiengana, baina oraindik ez ziagu inspirazio nahikorik iritsi, eta bila segiko dugu aste honetan ere. Italiako Berpizkundea atzean utzi eta XIX. mendera joko dugu. Londresen prerrafaelitekin egingo dugu topo, eta Parisen, berriz, abangoardiaren hastapenekin.

    29 min
  • Menda Bikoitza 2x06: Zuhaitzen eguna, bostorria eta jengibre erremedioa

    Gaurko lehen gaia Tu Bishvat edo Zuhaitzen Eguna dugu. Pasa den urtea geroztik ari gara ikusten egunero Palestinatik datozen irudi lazgarriak, eta podcast honetan sendabelarrei buruz hitz egiten dugun arren, gaurkoan egoera honi leku egin nahi diogu. Ez palestinarrei ezer esateko (zer esan?) baizik juduei zerbait gogorarazteko.

    Egutegi erlijioso juduan otsaileko ilargi betearekin (otsailak 12) Tu Bishvat deituriko jaia ospatzen da, haientzat urteak dituen lau urteberri egunetatik aurrenekoa. Zuhaitzak eta haziak esnatzen hasten direneko garai hau ospatzen dute, fruta ematen duten arbolak landatuz eta zazpi fruta edo fruitu lehortu janez. Jatorri paganoa duen jai honek zuhaitzekiko, naturarekiko eta biziarekiko errespetuaz hitz egiten digu berez, nahiz gerra garaian ahaztua daukaten erabat, hala dirudi, behintzat. Iaz sasoi honetan idatzi nuen artikuluan duzue informazio gehiago.

    Gaurko sendabelarra bostorria edo almorrana-belarra dugu (Potentilla reptans). Zenbait sendabelar erabilera anitz eta zabalekoak diren bezala, hau ez dugu horietakoa, honek erabilera oso zehatza eta mugatua du, baina bere zeregina bikain betetzen du odol uzkiak daudenean. Edan daiteke baina idorgarria izan daitekeenez infusio oso arinetan eta gutxi edanda gomendatu izan da. Aldiz, infusio kargatua epeldutakoan gazak busti eta kanpo erabileran oso segurua da. Hala ere, ukendua egitea da onena. Horretarako, bostorri freskoa (hosto eta txorten, eta lorea ere bai, baleuka) maria bainuan beratzen da, oliba oliotan, eta ondo iragazi ondoren erle argizaria ipintzen zaio. Sendabelarrek dakitena liburuan azaldu genuen zehaztasunez nola egin, interesa duenak jo dezala bertara.

    Gaurko gomendioa hartzidura bat da, hartzidura goxo bat. Jengibre freskoa eta limoia erabiliz egingo dugu, hauek biak eztitan beratu eta hartzituz. Jengibre freskoa azal eta guzti birrinduko dugu eta limoiak azal eta guzti xehe-xehe egingo ditugu (edo xafla mehetan moztu). Esan gabe doa ekologikoak izan behar dutela, bestela azalak agente agrokimikoz josiak izango dituzte eta hartzidura ez gertatzeaz gain prestakina kutsatu egingo genuke. Biak kopuru berean ipiniko ditugu: kilo bat eztirentzat lau limoi, eta jengibrea limoien kopuru berean. Kristalezko ontzi hermetikoan ipintzen da guztia, goraino ondo betea eta sukaldeko armairu barruan edukitzen da hiru astez, tarteka mugituz. Astebeterako dasta daiteke, bi astetarako ere erabiltzeko modukoa egongo da ziurrenik. Iragazi gabe jaten da, bertatik, egunean koilarakada txiki bat, nahi denean, baina bera hutsik, beste elikagairen batekin nahastu gabe. Arnas bideetako gaitzak eta digestiokoak daudenerako erabiltzen da, mukiak kanporatzeko, urdailari bere lanetan laguntzeko, marranta arintzeko, eta zer esanik ez biak batera erasanda ditugunean, hau da, arnas bideetako sintomez gain, liseriketakoak ere baditugunean. Halakoetan egunean hiru aldiz ere har genezake. Hori bai, oso goxoa da, eta ez pasa, tamainan hartu!

    26 min
  • Egonarria 3x06: Bioaniztasunaren galera I Aitziber Sarobe

    Bioaniztasunaren galera da Lur planetak duen krisi ekologiko handietako bat.

    Hona datu batzuk: urtero 27.000 espezie galtzen dira giza jardueraren erruz.
    Landareen %12, hegaztien %11 eta ugaztunen %25 berriki desagertu dira edo desagertzeko zorian dira.

    Gaia lantzeko gonbidatu dugu Aitziber Sarobe, biologoa, Naturkom taldeko kidea eta HUHEZI unibertsitateko irakaslea.

    28 min

About ARGIA

From the publisher's feed

ARGIAren podcastak. Denak libre eta doan zabaltzen ditugu gure komunitateko kideen ekarpenari esker. Zuk ere parte izan nahi baduzu: https://www.argia.eus/eginargiakoa