Bertso jarriak

Bertso jarriak

By BerriaMusic
Download on the App Store

Bertso jarriak episodes

  • Josu Sanjurjo | Hegazkineko low cost bertsoak
    Milanera bagoaz
    poz pozik bidaian
    kurtso bukaera hau
    itxuratu nahian
    hodeiak zuri daude
    zeruko sabaian
    Frantziako lautada
    begien bisaian
    eta ni bertso sorta hau
    idazten mahaian.
    Azafatoak bueltaka
    daude honezkero
    Italieraz esaten
    «Buona sera, prego»
    eskuinean gizon bat
    erdi lotan edo
    ezkerrean gazte bat
    ni erdian bero
    pixalez nago baina
    eginen dut gero.
    Boeing 347-ak
    zaharkitu hotsa
    Miarritzetik ordu
    t’erdiz tarte motza
    turbulentzi hauekin
    zein une zorrotza
    mareatzen hasi naiz
    dardarka bihotza
    eskatuz kobratuko
    al didate poltsa?
    Eguzki izpi argi
    ta zeru urdinak
    ikusten diren bistak
    aldera ezinak
    uniformearekin
    zein langile finak!
    noraino eragina
    daukan marketinak
    zeruan ere salgai
    daudela lurrinak.
    Motxilan kamisetak
    eta hiru galtza
    hala moduz sartuta
    bizkarrera altxa
    Berriozarren jaiki
    Milanen arratsa
    nahiz mundu global hau den
    oraingo ardatza
    ametsetan hegaka
    ez al gara pasa?
    Ohartu gabe Milan
    begien aurrean
    pentsatuz Plaza Duomon
    eta free tourrean
    hegazkina heldu da
    luze laburrean
    asko bizi garenez
    brontzean, urrean
    noiz jarriko ditugu
    bi hankak lurrean.
    4 min
  • Joanes Illarregi | Plastikoarenak
    Joanes Illarregi Marzol. Leitzan (Nafarroa) jaioa, 1999an. Bere jaioterriko bertso eskolan egin zituen lehen pausoak, eta 2007an parte hartu zuen lehen aldiz Eskolarteko Txapelketan; hirutan izan da Nafarroako Eskolarteko Txapelduna. Lau aldiz hartu du parte Nafarroako Bertsolari Txapelketan: finalerdietara iritsi zen 2017an, eta azken hiru aldietan —2019, 2021 eta 2023— laugarren postua erdietsi zuen. 2022ko Bertsolari Txapelketa Nagusian finalera iritsi zen.
    Doinua: Kantuz sortu naiz eta
    Zakarrontzi horiak
    Ezin beteago
    Ditugun garaiotan
    Guztia akabo
    Oxigenoa al den
    Sinestuta nago
    Berau behar baitugu
    Geroz ta gehiago
    Oxigenoa al den
    Sinestuta nago
    Joaten naizen toki
    Guztietan dago.
    Mendira joan arren
    Purutasun bila
    Bide bazter denetan
    Lata ta kolilla
    Plastikoa lurrean
    Geratu dadila
    Gel, barrita, Isostar
    Eta gatz pastilla
    Plastikoa lurrean
    Geratu dadila
    Lehengo mendiak dira
    Gaurko zabor-pila.
    Supermerkatuena
    Aipatu nahi nuke
    Lotsa izpi bat eman
    Beharko liguke
    Platanoa plastikoz
    Ontziratzen dute
    Euro terdi gehiago
    Graziaren truke
    Platanoa plastikoz
    Ontziratzen dute
    Ta aurpegira barre
    Egiten digute.
    Kirurgia plastiko
    Ongi pagatua
    Gure minak probesten
    Ditun merkatua
    Ezagutuko dugu,
    Madarikatua!
    Itxurarena denez
    Gai delikatua
    Ezagutuko dugu,
    Madarikatua!
    Zahartzen ez den pertsona
    Plastifikatua.
    Honek autokritika
    Pixkat merezi du
    Bertsolariok dena
    Ere ez dakigu
    Gaiak heldulekurik
    eman ez badigu
    Berdin kantatu behar,
    Baten faltan hiru
    Gaiak heldulekurik
    eman ez badigu
    Plastikozko bertsoak
    Irteten zaizkigu.
    Gizarte likidoan
    Ze harreman mota
    Pertsona jarri dugu
    Pertsonaren kontra
    Jendea kontsumitzen
    Ohituta dago-ta
    Plastikozko harreman
    Etengabe(e)n soka
    Jendea kontsumitzen
    Ohituta dago-ta
    Bat sortu, erabili,
    Aspertu ta bota.
    Gaurkoak honeraino
    Bukatuko dut, bai
    Bertso bidez ez dut ta
    Inor kutsatu nahi.
    Sorta hau entzutean
    Bi bide, nolanahi:
    Ez bazaizu gustatu
    Ez nago zure zai
    Sorta hau entzutean
    Bi bide, nolanahi:
    Ta gustatu bazaizu
    Berziklatu lasai!
    5 min
  • Maddi Aiestaran | Ezer galdu nahi ez duena
    Maddi Aiestaran Iparragirre. Beasainen (Gipuzkoa) jaioa, 2001ean. 2009an hasi zen Goierriko bertso eskolan; lehenengo idatzizko taldean, eta bat-batekoetara pasa zen ondoren. Gipuzkoako Bertsolari Txapelketan izena eman, eta udazkenean hasiko den faserako sailkatu da. Euskal filologia ikasitakoa da, eta Euskaltzaindiaren Mintzola beka lortu zuen, bere Gradu Amaierako Lanarekin. Ahalduntze Bertso Eskola Feministako kide ere bada.
    Ezer galdu nahi ez duena
    Doinua: Konstituzio berria (J. Tapia)
    Gaugiro ona dago kanpoan
    eta larunbat gaua da,
    udazkeneko errutinan du
    abuztuak begirada.
    Aprobetxatu egin behar da,
    egin ahal beste kedada,
    zuk erabaki, gaizki pasako
    duzu joaten ez bazara.
    Bera hor dago sofan jarrita
    pelikula bat du ozen,
    hankak mahaitxoan gurutzatuta
    ta burua egoskortzen.
    Pipak ahora eraman ahala
    zaio burura etortzen,
    lagun denak ze gustura dauden
    Bilbon eta Lekarozen.
    “Zergatik ez naiz haiekin joan?”,
    “ze ondo pasako dute...”,
    “ez da hain berandu, joe, agian
    kotxea hartuko dut, e!”.
    Agobiatzen da porai dabilen
    lagun bakoitzaren truke;
    lehen hemen egon nahi zuen, baina
    orain han egon nahi luke.
    Berez ez zuen zerbaitegatik
    etxean egon beharrik,
    lasai botata egon nahi zuen,
    ez du aitzakia txarrik.
    Baina barrena jaten diote
    mila mamu beldurgarrik;
    “guztiak super ondo pasatzen
    eta ni hemen bakarrik”.
    Gogoa dauka lagunak dauden
    konpartsan, tabernan, plazan,
    “sortuko dira lau dantza hemen
    ta beste zazpi jolas han”.
    Bihar elkartzen baldin badira
    eguneroko terrazan,
    lagunek hitz bat esango dute
    eta ezingo du jasan.
    Ezer galdu nahi ez duenak nahiz
    dena behar duen bizi,
    manta azpian ezkutatu da,
    bere FOMO, bere krisi.
    Denean egon beharra zaigu
    maiz antsiazko gutizi,
    ba egon lasai, ez dago zertan
    plan denetara iritsi.
    5 min
  • Eneko Abasolo 'Abarkas' |Memoria
    Eneko Abasolo Txabarri, 'Abarkas'. Iurretan (Bizkaia) jaioa, 1976an. 1998an parte hartu zuen bere lehenengo Bizkaiko Bertsolari Txapelketan. Bertan, bi aldiz sailkatu zen finalerdietarako: 2010ean eta 2018an —zortzigarren izan zen lehengoan, eta zazpigarren bigarrenean—. 2004az geroztik, txapelketako zazpi finalaurrekoetan izan da. Azkenengoan 2023koan, 15. geratu zen finalaurrekoetako sailkapenean.
    Memoria
    Doinua : 14 heriotzena
    Memoria osatzen da
    Lurrez eta Harriz
    Minetako negarrez
    Ta pozaren irriz.
    Amama eta bere
    Ahizpa letra larriz
    Oroitu nahi nituzke
    Justizi egarriz
    Beraien historia
    Bertsotan ekarriz
    Durango bonbardatu
    Zuten orduetan
    Faxistei beldurra,
    Sartu hezurretan.
    Babesa hartu zuten
    Ihesi Sopuertan,
    Bertan egon ondoren
    Hainbat egunetan
    Desgrazia zain zuten
    Bueltan Iurretan
    Iseko Filomena
    Madrilen lanean,
    Ezustean etxera
    Itzuli zenean
    Ja iñor ez zegoen
    Baserri barnean
    Ta faxistek jomugan
    Jarri azkenean
    Nonork txibatazoa
    Eman zuenean
    Bortxatu egin zuten.
    Guk zenbat galdera
    Ta ondoren erahil.
    Posible ote da!
    Lurrean utzi zuten
    Luze luze bera
    Bertsio ofizialak
    Zion arabera
    Bakarrik erori zen
    Eskilaran behera
    Ahizpa bat erahila
    Betirako drama!
    3 neba kartzelan
    Espainian barna.
    Minean murgildurik
    Bizi zen amama
    Ta orain oroituaz
    Berriz iragana....
    Pena dugu inoiz ez
    Galdetu izana
    Gure Amama Miren
    Zen min horren lagin
    Zenbat familietan
    Gertatu zen berdin
    Itxi gabeko zauri
    Joan gabeko min
    Bertsotan kontatu dut
    Historia gordin
    Pasatua sekula
    Ahaztu ez dadin
    5 min
  • Manex Agirre | Hocney¹, Cano² eta Cheever³ igerilekuan
    Manex Agirre Arriolabengoa. Aramaion jaio zen (Araba), 1982an. Arabako bertsolari gazteen txapelketa izan zuen lehen plaza, eta orduztik bertsoari loturiko hamaika jardunetan aritu da, bai kantuan eta bai eragiletzan —izan hedabideetan, bertso eskoletan zein Bertsozale Elkartean—. 2011ko eta 2015eko Arabako Bertsolari Txapelketeten txapeldun izan zen, baita 2020ko Arabako Kuadrilla arteko Bertso Txapelketen talde irabazleko kide ere.
    Hocney¹, Cano² eta Cheever³ igerilekuan
    Doinua:
    Ur berdezko lauki bat
    goizeko argia
    bainujantzi azpiko
    Zure ilargia
    Uztailerako nagi
    Dator belardia
    haragizko airea
    zeru zohardia.
    Zafirozko ur-masa
    Hotzaren atari
    Eskaileran brontzezko
    Bost igerilari
    Urrelilien usain
    Leuna du ari
    Iparreko kumulu-
    Hodeien ehiztari.
    Berun koloreko ur
    ia solidoa
    Heskai arantzadun bat
    Zerurantz igoa
    Txikle mastekatuak
    Tom Collins giroa
    Arnas hots likatsuak
    Mina, bertigoa.
    Zulo bat urezkoa
    Inork hautatua
    Jauzi berekoi batez
    bularreratua
    Eguzkiak mindua
    Du begiratua
    Tesela zerrenda bat
    Polikromatua.
    ilundutako urak
    ezpain urdinkarak
    Erlastarren hilobi
    Izozki-kikarak
    Zakur bustiak ihes
    Mahaiei ostikadak
    Baldosa ertzeko marra
    Eten du ikarak.
    Ur zinezko kloratu
    laino grisak baxu
    Hartxintxarrak bisturi
    Oinen amenazu
    Atorra bustiaren
    Azpitik txeratsu
    Argizagi ederra,
    argi egidazu.
    5 min
  • Aetz Etxart Sarasola | Koblaka
    Aetz Etxart Sarasola. Urdiñarben jaio zen (Zuberoa), 2004an. Sohütako ikastolan hasi zen bertsotan, Xan Alkhatekin, eta Larzabaleko (Baxenafarroa) Manex Erdozaintzi kolegioan eta Baionako Bernart Etxepare lizeoko bertso eskolan segitu zuen. Iparraldeko Eskolarteko Txapelketan parte hartu izan du, eta birritan kantatu du Euskal Herriko Eskolarteko Bertsolari Txapelketaren finalean. Ozazeko (Zuberoa) bertso eskolan aritzen da egun.
    Koblaka
    Doinua : Oihan Beltzean
    Larraine edo Iruri xokotik
    koblen melodia ezagün
    haiek ützi deiküen ekhi izpiak
    orano argitzen dü egün
    haien botzak bortüen artetik
    oihartzüna beitü hürrün
    Etxahun eta Ligetxen ildotik
    gük ere ikas dezagün
    Bertsoz bertso, errimaz errima
    herri baten historia
    kanto poema eta pastoralez
    beterik dügü memoria
    hazi berriak erein nahian
    hau beita gure xedia
    bertso eskolatik arra abia dadin
    esperantxaren txoria
    Oihan beltzetik argi leinürüa
    aitzina joan ahala
    txori ttipiak zabaltü dezan
    osoki bere hegala
    lotüra sendoz hitz bardin batez
    zelüa zabal dezala
    deskubri dezan mügen gainetik
    den libertate zabala
    7 kolore ezberdinekin
    betatzen da ortzadarra
    gure hitzaren hats berritzeko
    bada oroen beharra
    erreka ez dadin hola agortü
    behar dü itürri azkarra
    aitzina joanez bere bidean
    lotüz oroen indarra
    4 min
  • Saioa Alkaiza | Izan ez den kafe horri
    Saioa Alkaiza Guallar. Iruñean jaioa, 1991. urtean. 12 urterekin hasi zen bertsotan, Antsoainen ikasle zela. Hara joan zitzaien Estitxu Arozena bertsolaritza irakastera, eta haren eskutik jantzi zuen 2021eko Nafarroako Bertsolari Txapelketako txapela. Kazetaritza eta Gizarte Antropologia ikasketak eginak ditu, eta Iruñerriko bertso eskolako eta ahalduntze bertso eskolako kide da. Birritan irabazi du Iruñeko egile berriendako euskarazko literatur lehiaketa.
    IZAN EZ DEN KAFE HORRI
    Doinua: Garia saltzen nengoelarik II
    “Gera gaitezke?” whatsapp motza da
    porroten epigrafea,
    zeren kafe bat nahi duzu, baina,
    zuk ez duzu nahi kafea.
    Kafea irentsiz esan didazu:
    -“Barka, denbora behar dut”.
    Eta ordutik ordularien
    orratzak gorroto ditut.
    Ordularia, antsietatez,
    tik, tak, tik eta tik, tak, tik...
    negar-zotinka ari omen da
    neure buruarengatik.
    Neure burua, muxuka dabil,
    aldiz, ote naiz neroni?
    eta “muxu” dei al dakioke
    listu trukaketa honi?
    Honi deritzo bakardadea,
    barnean txutxu-mutxuka,
    lehen parrandan, ni ezagutzeko,
    ezezagunak muxuka.
    Muxuka, nonbait, dolu zaporez,
    “gurea” ez den bizitzan,
    guztia izan zitekeelako
    eta ez delako deus izan.
    Izan ez dugun maitasun hura,
    sortu ez zaigun umea,
    gurea ez den etxea eta
    bizi ez dugun unea.
    Une honetan, gaupasa usainez,
    bidali ez dudan whatsappa...
    “gera gaitezke?” esan nahi dizut,
    nostalgiari tiraka.
    Tiraka doaz gauak, egunak...
    porroten epigrafea,
    biak batera hoztu artean
    bihotza eta kafea.
    4 min
  • Maddi Sarasua | Gedarraren norantza
    Maddi Sarasua Laskarai. Itsasun (Lapurdi) jaioa, 1995. urtean. 11 urterekin hasi zen bertso eskolan, Uztaritzeko ikastolan. Birritan irabazi zuen Iparraldeko Eskolarteko txapelketa, eta beste behin Euskal Herrikoa. 2012ko Xilaba Bertsolari Txapelketan parte hartu zuen, eta 2013an Euskal Herriko Bertsolari Txapelketan Nagusian izan zen lehenengoz, bertsolari gazteena izanik. Biharraren hegietan (Maiatz) olerki liburua argitaratu du aurten.
    Gedarraren norantza
    Doinua: Kantatzera niazu.
    1.
    Kontrol neurriak, NATO,
    gerra isileko...
    ez ote duzue nahi
    erronka bideko
    gazteria heztea
    borrokan kideko
    injustua denari
    aurka egiteko?
    2.
    Bartzelonan, Frantzian,
    Europan denera,
    gaitasunean hazi
    boterean heda,
    noizbait irits gaitezen
    egituratzera
    haien boterearen
    eskala berera.
    3.
    Lanetik bota nahi nau,
    nagusi ustela!
    Eskerrak erantzuten
    lagundu nautela.
    Protestan zenbat jende,
    nik masail umela:
    senditzen dut borrokak
    merezi duela.
    4.
    Eraldatuz kultura
    eta balorea
    bilkuretan, kalean
    grinez adorea
    elkartasuna dugu
    jardute kodea
    lortu baitezakegu
    denentzat hobea.
    5.
    Zenbat jendek jabea
    daukan erasoka.
    Bakarrik ez, batera
    tenkatzean soka,
    zer zorion sendituz
    indarra txaloka
    guri esker etxetik
    ez dutela bota.
    6.
    Behar dugu teilatu
    behar dugu horma
    norberak ahal duena
    ematea norma
    hau da gure iraultza
    eta erreforma
    eraiki nahi genuken
    sistemaren forma.
    7.
    Norbait menpe hartzea
    posible ez dena
    norbere zoriona
    bezainbat bestena
    eratze bide bat da
    sozialistena
    kapitalak gidatzen
    ez duen sistema.
    8.
    Nahiz eta den bide bat
    belaunaldiena
    ez al da norabide hau
    egokiena
    sor dadin bizi forma
    on bat guztiena
    elkar zapaldu ordez
    zaintzen dakiena?
    5 min
  • Andoni Rekondo | Sokaren gainean
    Andoni Rekondo Izagirre. Hernanin (Gipuzkoa) jaioa 1999. urtean. 2019an hasi zen bertsotan Kontrakantxa gaztetxeko eskolan, eta Hernaniko bertso eskolan aritzen da orain. Zenbait gazte sariketatan hartu du parte. 2022an bigarren izan zen Lizardi sariketan, bertso onenaren saria lortuta.
    Eta doinua: ‘Orain agertzen dira'
    Mikrofono aurrean
    bi hankak dardarka
    Gaitzat dut ariketa
    zehatz baten marka
    Noski, bakarka
    Ganbarak barne bide
    nekeza dakar ta
    Gaiarekin heltzen da
    lehenengo zartada
    Itxura egiteko
    besterik ez bada
    Horra koartada
    Serio jarri eta
    jaitsi begirada
    Hondar aleak sartzen
    dira enbutuan
    Ideia baten faltan
    doan minutuan
    Ta zu mutu han
    Zer esan jakin gabe
    lehenengo puntuan
    Tximu txindatadunen
    erritmo bizian
    Hitzen kabinetea
    Sartzen da krisian
    Oniritzian
    Erdipurdiko ideia
    Baten gutizian
    Norantzarik gabeko
    zoru labainean
    Errima zabalen bat
    jarri mingainean
    Eta ordainean
    Ekin abesteari
    sokaren gainean
    Orekari gisara
    hasi eta tira
    Aurreneko alea
    bukatzen ari da
    Zein da segida?
    Bat nahikoa ez eta
    hiru bertso dira
    Bi bertso osatzean
    arian-arian
    Poz txiki bat sortzen da
    espresio nagian
    Zeren agian
    Zaude desgraziaren
    etxe atarian
    Behin egin beharreko
    guztiak beteta
    Berreskura daiteke
    betiko oreka
    Baina alerta
    Hurrengoan berriro
    pasako da eta
    5 min
  • Jone Uria | CHAT BDB
    Jone Uria Albizuri. Getxon (Bizkaia) jaioa, 1990ean. Matematikan doktore da, eta irakasle ari da Euskal Herriko Unibertsitatean. 9 urterekin San Nikolas ikastolan eskolaz kanpoko bertsolaritza eskoletan izena eman ondoren, 12 urte zituela hasi zen ALBEn Algortako Bertsolari Eskolan, eta ordutik bertan jarraitzen du partaide zein eragile gisa. 2008an hartu zuen parte lehenengoz Bizkaiko Bertsolari Txapelketan, eta finalaurrekoetara iritsi zen. Gerora final guztietan parte hartu du. Azkeneko bietan, 2021ean eta 2023an, buruz burukoan kantatu zuen. 2009, 2013 eta 2017 urteetako Bertsolari Txapelketa Nagusietan ere aritu da.
    6 min

About Bertso jarriak

From the publisher's feed

Bertso jarriak izan dira eta dira komunikatzeko tresna bat; salatzeko, aldarrikatzeko, berri emateko, hausnartzeko, kontatzeko erraminta bat. Udan astero podcast formatuan zabalduko ditu BERRIAk…

More shows like Bertso jarriak

Nadie Sabe Nada by SER Podcast

Nadie Sabe Nada

404 Listeners