Bertso jarriak

Bertso jarriak

By BerriaMusic
Download on the App Store

Bertso jarriak episodes

  • Ramuntxo Christy | Zuri ta gorriz
    Ramuntxo Christy. Aiherran (Nafarroa Beherea) jaioa, 1980an. 2000az geroztik Amikuzen bizi da eta Zuberoan lan egin. Hain zuzen ere, gaztetatik izandako bertso zaletasuna Mauleko bertso eskolan garatu du 2005etik hona. Euskal Irratietan Punttuka bertsolaritzari buruzko irratsaioa gidatu du Xan Alkhatekin batera. Bestalde, Xilaba txapelketan parte hartu du 2010az geroztik.
    Zuri ta gorriz
    Azken aldian denetan
    dugu gai bakarra
    Parisek erakusten
    daukunez iparra
    prest nituen malkoak
    eta prest marmarra
    etortzekoa baitzen
    zerbait oso txarra
    Gaur gertatzen zaut doinuz
    aldatu beharra.
    Beldurra ageri zen
    inkestaz inkesta
    bainan azkenean da
    Nagusitu besta
    Ongi pentsatuz geroz
    poztekorik ez da
    Marea igotzean
    beti da ber kezka
    Noiz eginen ote du
    uhainak gainezka ?
    Itsasuntziak aitzina
    segitzen du baina
    jadanik hasia da
    ondoko kanpaina
    zoin izanen da amu
    eta zoin arraina
    norentzat ur gazia
    norentzat xanpaina
    hainbestek nahi luke
    izan kapitaina
    Dener entzuten da nik
    dut irabazia
    ezin jakin kondatzen
    duten ikasia
    argitu beharra zen
    giro nahasia
    laino pizuago baten
    barna goaz ia
    bakotxak bere alde
    du analisia.
    Baikortasun pixkabat
    gehitu nahiz horri
    gure lurralderaino
    gintazke etorri
    karta osoa kasik
    dugu gorri gorri
    Lakarri, Oragarre,
    Anhauze, Baigorri
    Ta abertzale bat da
    Pariseat igorri
    SNCFan egona
    urtetan lanean
    ez dea naturala
    Peiok azkenean
    bidai berri hau dezan
    abia trenean
    ta han mintzatzen bada
    gure izenean
    bagoaz burdinbide
    onaren gainean !
    4 min
  • Paula Amilburu | Prokrastinatzaile, zuri
    Paula Amilburu Izargarai. Aramaion (Araba) 1994an jaioa. 2007an Arabako Eskolarteko txapelketan parte hartzen hasi zen, eta 2012an txapelduna izan zen. Urte hartan bertan Arabako Kuadrilla artekoan parte hartu zuen, eta hurrengoan lehenengo aldiz aurkeztu zen Arabako Bertsolari Txapelketara. Aurten jokatutako txapelketako finalean hirugarren sailkatu zen. Bertxoko irratsaioaren esataria ere izan da. Bertso udalekuetan begirale, bertso-eskolako irakasle eta hezkuntza arautuan ere aritu izan da.
    Doinua: XILABAra jina nauzu (erdia)
    Enkargu bat jaso duzu
    zerbait idaztearena
    dezenteki egiteko
    badaukazu ahalmena
    aurretiaz hasten zara
    planifikatuaz dena
    esperantza izaten baita
    galdu ohi duzun azkena.
    Lasaitasunez denboran
    aurrera duzu jarraitu
    pentsamendu intrusiboak
    kolpean esnatu zaitu,
    biharko entregatuta
    lanak egon behar baitu,
    ez da beste erremediorik:
    gaur hasi ta gaur amaitu.
    Kortisolaren menpeko
    hogeitalau barra zazpi,
    tartean zer gertatu den
    ezin jakinda zehazki,
    amaituta zeurekiko
    diozu: “a zer idazki,
    bi ordutan egiteko,
    ez dago batere gaizki”.
    Bizitza bat daramazu
    estres ziklotik ziklora,
    prokrastinazioz bilduta
    ezkutatzen den geoda
    esfortzuaren irudi
    soilik etxetik kanpora
    konstantziaren elizako
    predikadore esnoba.
    Farsante izanagatik
    motxila bat bete kulpa,
    karaktereko dohainak
    ezin dituzu permuta
    erdipurdiko emaitzak
    zuk autoinduzituta
    merdiokritate eternal
    batera kondenatuta.
    Esfortzu konstante bat ez
    ote zen izango hoba?
    Erantzuna eskibatzen
    badaramazu denbora,
    proiektutik-proiektura
    ja ebidenteago da:
    saiatzearen beldur zara
    ez iristeko inora.
    4 min
  • Eñaut Martikorena, Bertso Jartzeari jarriak
    Eñaut Martikorena. Hernanin (Gipuzkoa) jaio zen 1995ean. 2019ko Gipuzkoako Txapelketan hartu zuen parte, eta finalaurrekoetara iritsi zen. Horri esker, 2022an Bertsolari Txapelketa Nagusia jokatzeko txartela eskuratu zuen. Azken horretan finalaurrekoen bigarren faseraino ailegatu zen.
    Doinua: Mainontzi
    1.
    Maltzurki esan zenidan
    damurik ez al zen nigan
    laster arte bat bota nuela
    bien despedidan
    a(ha)ztu nintzela segidan
    galduz hizketa espiran
    bateratzean hotz jardun behar
    minen perspektiban
    7 min
  • Eli Zaldua, Laguntasunari
    Doinua: Eguzkiak urtzen du han goian
    1.
    Maitasunari zenbat olerki,
    kantu eta omenaldi:
    Ken Zazpi, U2, Dellafuente,
    Lana del Rey ta Anari.
    Nahiz eta noski ohikoena den
    belaunaldiz belaunaldi,
    beste gauza bat buruan pasa
    ditut hainbat azkenaldi.
    Aprobetxatuz ez nabilela
    gaiari heltzeko nagi,
    begiratzeko hark dituen ertz
    ilunei eta xarmari,
    erreparatuz ahal dudan eran
    dudana ta ez dudanari,
    gaur bertso batzuk nahi nizkioke
    jarri laguntasunari.
    8 min
  • Aissa Intxausti, Etxea helmuga
    Doinua: Galerianoarena
    1.
    Malaga, Lekeitio,
    Salou, Kroazia…
    eguneroko estresa
    geldiarazia.
    Hartu kulero batzuk,
    krema, orrazia…
    txoko bat bihur dadin
    gure oasia.
    2.
    Udan eraldatzen da
    herria asteka:
    astelehenak zapatu,
    eguenak domeka.
    Kaleak garbituta
    ta lorez beteta,
    beste behin bisitariz
    beteko da eta.
    3.
    Bizitza bilakatzen
    da ustekabean
    gauak kaña artean
    ta goizak harean.
    Merezi du ordaintzea
    —fijatu marean!—
    kafe bat hiru euro
    itsaso parean.
    4.
    Neure etxean arrotz
    sentitzea dana,
    jendea, erritmoa,
    kaleko jarana…
    ez da bateragarri
    zazpietan lana.
    Gauero hamarretan
    ixten dut pertsiana.
    5.
    Gauero kontzertuak
    daude zuzenean,
    tabernetan turista-
    -filak barrenean;
    herritarrak guri esker
    dabiltza lanean!
    Zer egiten da hemen
    gu ez gaudenean?
    6.
    Irailean, beroa
    lurruntzen hasia,
    berreskuratzen dugu
    itsaso gazia.
    Bukatzean zikloa
    ta lo eskasia
    negua bihurtzen da
    gure oasia.
    4 min
  • Xabat Illarregi, Kulturari buruz
    Xabat Illarregi Marzol. Leitzan jaioa (Nafarroa), 2001ean. Zortzi urte zituela hasi zen bertso eskolan. Geroztik, birritan izan da Nafarroako Eskolarteko txapeldun, eta Euskal Herrikoan ere kantatu du lau aldiz. Pare batean izan da Nafarroako finalean, eta Txapelketa Nagusiko saio batean kantatu du, iazko irailean.
    Doinua: Kantuz egin behar det
    1.
    Herri hau bete-bete
    dagoenez guduz
    zalantza asko dauzkat
    sortzeko helburuz
    asko aldatu gara
    jendez, testuinguruz
    nahiz hornitua egon
    abestiz, liburuz
    galdera bat badaukat
    nik nire aburuz
    zein ikuspegi dugu
    kulturari buruz
    2.
    Behar dira plazetan
    Zetak eta Huntza
    behar da herrigintza,
    dirua, hezkuntza
    herri hau salbatzeko
    zein da asmakuntza
    euskarak eramango
    gaitu gu goruntza
    zer behar du: hizkuntzak
    kulturaren funtsa
    edota alderantziz
    kulturak hizkuntza?
    3.
    Elkar beharko dute
    gutxi gorabehera
    baina zer da kultura?
    da nire galdera
    da artea, da dantza,
    da bertsoa bera,
    da lituratura, da
    musika, opera...
    hamaika arlo daude
    nire arabera
    baina denek ez dute
    garrantzia bera
    4.
    Makro festibaletan
    kontzertuak iaio
    baina txikia ez da
    hain eroso jaio
    Zernbat diru-laguntza?
    Zenbat bertso saio?
    Beti gabiltza zama
    beraren karraio
    kultura bizi bat nahi
    dugu, ze arraio!
    baina behar duena
    eman behar zaio
    5.
    Hau dena noiz hasi zen
    ezin da zehaztu
    hori galtzeak dakar
    horrenbeste gastu
    historiak indarrez
    gaitzake erraztu
    urte luzeetako
    lanetik arnastu
    sor dezagun berria,
    asmatu, jolastu
    baina nondik gatozen
    ez dezagun ahaztu
    6.
    Nahi nuke azkeneko
    ideia azaldu
    herri honek askoren
    beharra ez al du?
    ez dezagun hizkuntza
    handitara saldu
    nahiz ta hegemoniak
    txikitu, zapaldu
    sor dezagun kultura,
    babestu, zabaldu
    daukagun ondarea
    ez dezagun galdu
    7 min
  • Sustrai Colina, Popo Larreri jarriak
    Sustrai Colina Akordarrementeria. Urruñan jaioa (Lapurdi), 1982an. Gazte hasi zen bertsotan, Hendaiako (Lapurdi) bertso eskolan. Irakasle ere aritu zen bertan, baita Iruñeko bertso eskolan ere. 2001az geroztik izan da finalista Txapelketa Nagusian, eta bi aldiz lortu du txapela Xilaba txapelketan.
    Doinua: Mutil koxkor bat
    1. Desegin baino lehenago nola
    zitroinak Coca-Coletan,
    aldi galduen bila gabiltza
    oinetakoen zoletan.
    Mailuak ezin iltzerik jota
    ahazturaren oholetan,
    garun-aztarnak agertu omen
    dira intxaur-oskoletan;
    zure izenik kantatzen al da
    biharko ikastoletan?
    2. Jende artean bezain bakarrik,
    libre baina kaioletan,
    Tchia haziak gosaldu arren
    gauak bustiz alkoholetan,
    Instagramean betikoturik
    hilak legez formoletan,
    fedea krosfit, Mindfulness, Tinder
    edo Williamsen goletan...
    Gure izenik kantatzen al da
    biharko ikastoletan?
    3. Hausten zein eusten konbentzioen
    araberako roletan,
    non kontsolatzen da haragia?
    Ez bideo-kontsoletan.
    Desagertuen izenik ez da
    hilerriko marmoletan,
    ez arimarik ChatGPTean
    zein parazetamoletan.
    Gure izanik kantatzen al da
    biharko ikastoletan?
    4. Laster dira bus turistikoak
    basque green artzain-txaboletan,
    haize-erroten gasna dastatzen,
    5G bila arboletan.
    Bankuak ezin ordain litezkeen
    etxeen errekolektan,
    baserritarrak berriz itotzen
    poltsako eskaroletan.
    Lurrak oraindik kantatzen al du
    biharko ikastoletan?
    5. Etorkizunik ez bazegoen
    burdin nahiz berun oletan,
    Ibarretxeren planean ala
    Iglesiasen koletan,
    gure esku zer dago estatu
    frantses zein espainoletan?
    Susmagarriak ez izatea
    polizia-kontroletan?
    Ze hizkuntzatan kantatzen dute
    biharko ikastoletan?
    6. Nahiz Landetako udatiarren
    zorion ezaxoletan
    besteen itzalak baizik ez diren
    ikusten guardasoletan.
    Zure bisaia marrazten ari
    da hondar-zirimoletan,
    zer kantatua izan dezaten
    biharko ikastoletan,
    desegin baino lehenago nola
    zitroinak Coca-Coletan.
    6 min
  • Oier Etxeberria, Salda badago
    Oier Etxeberria Zubimendi. Azpeitian (Gipuzkoa) jaioa, 1997. urtean. 11 urterekin hasi zen bertsotan, eta, egun, Erniarraitz bertso eskolako kidea da. Bere lehenengo plazak gazte sariketetan egin zituen, eta 2019an lehenengoz parte hartu zuen Gipuzkoako Bertsolari Txapelketan.
    Doinua: Kantuz sortu naiz eta
    Zerbitzatu gaitzaten
    nola dugun laket
    desoreka daukate
    barraren bi aldek
    kafe kikara edo
    txikito godalet
    zer ikusten dituen
    kontatu dezaket
    mostradore atzetik
    tabernari batek
    Goizetan kafesnea
    lehenengo otordu
    kaixo eta mesedez
    eskatzeko modu
    langile bakartien
    proletario gu
    adeitasun tanta bat
    gehitzen badiogu
    zenbat ordaintzen da ta
    zenbat balio du?
    Eguerdian terrazan
    begira aritu
    familiak haurrekin
    nitzake aurkitu
    ezin badu amaren
    bermuta ukitu
    umeak kalamarrak
    behar omen ditu
    bazkaria mikatza
    baietz iruditu
    Lehen zutenek Manso
    ardoaren mantxa
    errioxar barrikan
    dute esperantza
    batzuek urtekoa
    gehienek kriantza
    lehen biak dastatu
    laurekin balantza
    kopak mokoa findu
    egiten du antza
    Ilunabarrez tripa
    zorriak ugaldu
    koadrila bat barrara
    ohi zaigu azaldu
    galdetzeko: tortillak
    tipula ba al du?
    parrandan ezin denez
    denborarik galdu
    Voll-Damm bana besterik
    ez dute afaldu
    Regetoidun larunbat
    iluntze osoak
    nerabe aurrenekoz
    mozkorren pausoak
    amonaren pagatik
    beteta basoak
    konbinatu xelebre
    likore gozoak
    begira baleuzkate
    euren gurasoak
    Goizaldera ixteko
    musika emenda
    argiak piztu eta
    Coca Colak zenba
    zabor kamioi hotsik
    ez da entzuten ba
    gosaltzera doazen
    horditu zerrenda
    ilunetako lanez
    lotsatzen hasten da
    4 min
  • Sarai Robles, Izurde bat Iruñean
    Sarai Robles. Barañainen (Nafarroa), 1996an sortua, udalerriko Alaitz ikastetxean ikasi zuen, eta han hasi zen bertsoekin jolasten. Lehen Hezkuntzako laugarren mailan zela sortu zen Barañaingo bertso eskola, eta bertan aritu da ordutik. Hirutan kantatu du Nafarroako Bertsolari Txapelketan.
    1) Aurtengo uda ekuadorrera
    iritsi den egunean
    hiri batean non ez daukagun
    asko amankomunean
    horren albiste harrigarriak
    entzuten ditugunean
    ez karabelak, eta ez orkak
    yateen kontra jardunean;
    esan didate azaldu dela
    izurde bat Iruñean.
    2) Portalean bi nerabek muxu
    eman behar zuten unean
    aditu dute ahots bat haien
    arteko isilunean
    blokeko andre zaharrak dira
    txutxu-mutxu lizunean
    hala zabaldu da albistea
    gure etxeko auzunean;
    “jakin al duzu azaldu dela
    izurde bat Iruñean?”.
    3) Protesta pizten ari denean
    Bigarren Zabalgunean
    ez izateko zuhaitzen ordez
    horrenbeste hutsune han
    prentsaurreko bat deitu du Udalak
    aski modu ilunean
    esan dute: “hau gerta zitekeen
    Zurriolan, Urumean …
    baina, hala da, gaur azaldu da
    izurde bat Iruñean”.
    4) Berriz ere ez denean egon
    txoznarik txoznagunean
    kontzertu oro debekaturik
    horren modu immunean
    apenas inor ezin denean
    bizi askatasunean
    kalera irten da polizia
    lehenengo abagunean
    topatu behar ei dutelako
    izurde bat Iruñean.
    5) Haur eskoletan greban daudela
    ia ahaztu dugunean
    sindikatua bildu denean
    mahai baten ingurunean…
    billabesako ondoko haurrak
    bere izate xumean
    isilgordean esan dit modu
    ia-ia errudunean:
    “egia al da azaldu dela
    izurde bat Iruñean?”.
    6) jendea biltzen hasi denean
    hiriaren lotunean
    handitzen ari da haserrea
    guztien deliriumean
    ”hondartza non da? Aquí no hay playa!”
    entzuten da urrunean
    hutsuneren bat topatu dute
    sortutako ipuinean …
    ez duelako inork ikusi
    izurderik Iruñean.
    5 min
  • June Aiestaran, Nik ere ez dakit azaltzen
    Doinua: Hil da Canovas
    1. Orain lau urte, martxo aldean,
    hala esan zidan senak:
    “inprimakian idatz itzazu
    izena ta abizenak”.
    Nonbait, hau egin behar zuen bertso-
    eskolan ibiltzen zenak,
    eta kontatu nahi ditut bertan
    bildutako bizipenak,
    zer sentitzen den jakin dezan hau
    inoiz bizi ez duenak.
    2. Urte osoan hamar eguntxo
    hauen zain egoten gara,
    amesten dugu eta burbuila
    honi darion patxada.
    Eta iritsi ohi direnean,
    itxarondako erara,
    urte oso bat ikusi gabe
    bihurtu liteke traba,
    baina berriro elkartu eta
    dena lehengo berdina da.
    3. Leku honetan bazaude hainbat
    izaten dira sintomak:
    pultserak, krema usaina edo
    begi-zuloak kristonak.
    “Atzo gauean”-ekin hasi ohi
    diren “muxu_eman zionat”,
    edo eta behin atzean utzi
    badituzu hango hormak,
    ingurukoek ulertuko ez
    dituzten hitz eta bromak.
    4. Behin otordua bukatuz gero
    lanordua iritsi da,
    eta nahiz beti ez den izaten
    polita alternatiba,
    zoragarria ez al da nola
    aldatzen den perspektiba?
    Nola gainezka izaten dugun
    bertan iniziatiba,
    ontzietako zikinak ere
    gustora garbitzen dira.
    5. Goxotasuna ta besarkada
    izaten delako dana,
    dena delako “behar baduzu
    jo ezazu niregana”.
    Nahiz ta resaka emozionalak
    gero_ematen didan lana,
    bera_izaten da sarri, sentitzen
    badut gehiegizko zama,
    barruko ondo_ez dakidan zera
    indarberritzen didana.
    6. Niretzat horren direnez gauza
    eder eta perfektuak,
    kontatu ditut hamar egunok
    gordetako sekretuak.
    Uste baduzu ez ditudala
    esan gauza konkretuak,
    barka, hitzotan noski egongo
    direla zer hobetuak,
    nik ere_ezin dut ta azaldu
    zer diren bertso_udalekuak.
    5 min

About Bertso jarriak

From the publisher's feed

Bertso jarriak izan dira eta dira komunikatzeko tresna bat; salatzeko, aldarrikatzeko, berri emateko, hausnartzeko, kontatzeko erraminta bat. Udan astero podcast formatuan zabalduko ditu BERRIAk…

More shows like Bertso jarriak

Nadie Sabe Nada by SER Podcast

Nadie Sabe Nada

404 Listeners