
Sign up to save your podcasts
Or


Bi astetan behin izan ohi gara Aurizberriko Liburutegian bertako nobedadeak aztertzen Mari Mar Agos liburuzainaren laguntzaz. Gaur hala egin dugu baina uda denez nahikoa lan dauka egunerokoari heltzeko. Gogoratu digu goizeko ordutegian dabilela baita abuztuan ostiraletan eta 20tik 26ra itxita egonen dela ere.
Mari Mar Agos Irati Irratian:
Iaz ekin zitzaion bideari Bortu Martxan. Xiberoako , Zaraitzuko eta Erronkariko bizilagunen arteko harremanak sendotu eta saretzen laguntzeko ekinaldia izan zen zeinetan 40tik gora lagun hartu zuten parte. Garaian abeltzainek zuten harreman horiei jarraiki zubiak eraikitzea zen helburua euskara bidea izanik. Iazko arrakasta ikusirik aurten errepikatzea deliberatu dute eta hala eginen dute larunbata honetan goizeko 9tan Iturzaetako lepotik irtenda. Honetaz aritu gara antolaketa lanetan dabilen Xabier Maizarekin. Berak gaineratu digu irailaren 19ko astean ere Euskararen astea antolatzen dabiltzala eta bi ekimenetara gerturatzeko gonbidapena luzatu digu.
Xabier Maiza Irati Irratian
Kattalin Barber Gutierrezek buru duen Herbaria proiektua bisita gidatuak eta lore sortak egiteko aukera eskainiko ditu datozen bi ostiraletan. Saraguetan da hitzordua abuztuaren 14ean eta 21ean, bertatik irten eta Landarte eremura joateko proiektua bertan ezagutzeko. Ezagutu ez ezik, apur bat gehiago ordainduta lore-sorta eder batekin itzul daiteke etxera. Hau aitzakitzat hartuta Kattalin berarekin solasalditxo bat edukitzeko aukerarik ez dugu galdu. Animatzen bazarete jarri berarekin harremanetan!
Herbaria Proiektuaren berri: Herbaria
Kattalin Barber Gutierrez Irati Irratian
Urtero lez Etxabarrengoa elkarteak eta Orreaga Fundazioak Baskoien garaipena gogoratuko dute larunbatean Orreagan eta Ibañetan. Honen inguruan Orreaga fundazioko kide den Koldo Amatria izan dugu solasean.
Orreagako Gudaren oroimen ekitaldia izanen da larunbatean (Errotzabaleko guda ere deiturikoa) Etxabarrengoak eta Orreaga Fundazioak antolaturik. 778an Baskoiek Iruñea erre zutela ikusita Errotzabal gunean Karlomagnoren ejertzituari eraso egin zioten eta gerora Iruñeko erresuma izandakoaren hastapena sortu zuten. Hauxe izanen da larunbata honetan ospatu eta gogoratu eginen dena. Honen inguruan aritu gara gaurkoan Koldo Amatria Orreaga Fundazioko kidearekin elekatzen. Animatu gaitu larunbatan Orreaga eta Ibañetara gerturatzera.
Koldo Amatria Irati Irratian
Leire Mendikute Zulaika dugu Biziraule proiektuaren lemazain eta buru. 2021ean istripu batek medula lesio bat eragin zion Leireri eta honek bizitza irauli zion. Hala eta guztiz ere, ingurukoen laguntzarekin erabaki zuen gertaera horrek ez ziola bizitza heina handi batean trabatuko. Sareetan bere egoera bertsuan zeuden pertsonak jarraitzen hasi eta bere bideari ekin zion Biziraulerekin. Lehen bezain aktibo izatearen erronka jarri zion bere buruari eta ezkeroztik planak egiten dabil harat eta honat, gurpildun aulkian egin daitezkeen planak erakutsiz eta nola ez, tarteka, gaur egun dauden oztopo arkitektonikoak azaleratuz.
Pasa den astean jakin izan genuen gurean izan zela ( Patxi Gaztelumendik bidalita, milesker!) eta aitzaki horrekin Leirerekin izateko paradatxoa hartu dugu. Bizigarritasuna bor-borka azaleratzen duen honek gure uhinak zipriztindu ditu gaurkoan.
Leire Instagramen jarrai dezakezue Biziraule eta Biziraule Hausnarketak profiletan
Leire Mendikute Zulaika Irati Irratian
Ostiralean La Cadena elkartean izanen den Garagardo Festak emanen dio hasiera asteburuko ekimenei. Hauxe errotutako festa bat dugu, urteetan errepikatu egin dena eta zapore gozoa uzten duena. DJ Bernyk girotuko du festa asko luzatzea espero ez dena, larunbatean ere badelakoz zeregina Auritzen. Auritzeko Artisau Azoka ospatzen da larunbatean, udako zita garrantzitsua Auñamendi aldean, goiz goizetik Nafarroa osotik etorritako artisauen postuak artatuko dituen azoka izanik jende asko gerturatzen da Auritzera. Bi zita hauen aitzakipean gaur gurean izan dugu Auritzeko alkatea den Unai Irigarai Oses. Berak gonbidatu gaitu Auritzera asteburuan zehar gerturatzera baita gaineratu ere igande eguerdian Auritzeko elizan Orreaga abesbatzak kontzertu berezia eskainiko duela mezaren ostean asteburua borobiltzeko.
Unai Irigarai Oses Irati Irratian
Nabarralde fundazioak Auritzen urtero antolatzen dituen kultur asteak eta jardunaldiak euskal pilota izanen dute ardatz. Zergatia agerikoa da, aurten Auritzeko Josta-Leku frontoiak 100 urte betetzen baititu. Pilotan jolasteko erabili bada ere, Euskal Herrian frontoiak elkargune eta babesgune izan dira, gure agorak bailiran bezala.
Honi erantzunez, Nabarraldek aste kulturala eta jardunaldiak antolatu ditu Auritzeko udalarekin elkarlanean. Pilota mugaz-gaindi batzen gaituen kirola baita, gure nortasunaren adibide eta urteetan mantendu egin den kirola.
Hau aprobetxatuz Nabarralde Fundazioko kidea den Iñigo Larramendi izan dugu gaur gurean. Berak animatu gaitu ekimenetara gerturatzera.
Informazio gehiago : Nabarralderen webgunea
Iñigo Larramendi Irati Irratian
Hegoi Bertolok eta Iñigo Pascualek osatzen duten akordeoilari bikotea dugu Akor2Duo taldea. Sarasate kontserbatorioan zirela elkar ezagutu eta 2022an ekin zioten talde bezala funtzionatzeari. Soinua edo akordeoia beti folklorearekin lotu bada ere beren gogoa beste musika mota desberdinekin uztartzea da eta hori bera erakutsiko dute gaur arratsaldean Koleto etxean izanen den kontzertuan. Zita arratsaldeko 19:30tan izanen da Otsagabiako Koleto etxean.
Gaur beren kontzertuaren aitzakiarekin beraiekin izan gara solasean.
Hegoi Bertolo eta Iñigo Pascual Irati Irratian
Igande arratsaldeko ekaitzek litro zenbait eta kazkabarra ekarri zuten gurera. Horren analisiarekin hasi gara solasean David de Andres lagunarekin. Ondoren aste hasierako iragarpenaz solastu gara baita eguzki eklipsearen orduetan zer nolako egoera izanen dugun aipatu ere.
David de Andres Irati irratian
2020an Lucia Burguetek eta Diego Pazok sorturiko taldea dugu Qabalum. Talde honek dantza du oinarri euren ikuskizunetan eta esperientzia handiko dantzariak izanik kalitate handiko obrak taularatu dituzte. Horietako bat dugu “Todo Este Ruido” , zientzia fikzioaren eragina duen dantza obra bat, zeina Kultur Programaren baitan Garden disfrutatu ahal izanen dugun.
Honen aitzakipean Diego Pazorekin egotera joan gara bere ahotsetik obraren ingurukoak ezagutzera.
Informazio gehiago : Qabalum taldea
Diego Pazo Irati Irratian
From the publisher's feed