
Sign up to save your podcasts
Or


Giro udatiarra izan da nagusi asteburuan meteorologiari dagokionean hala erakutsi digu David de Andresek. Asteburuaren errepasoaren ostean aste hasierako eguraldi iragarpenarekin sartu gara, uda giroa nagusi izanen dugularik.
David de Andres Irati irratian
Hiru urte daramazkite Gidari Artzain Eskolaren proiektuarekin eta datorren urrian ezarriko diote proiektu honi hurrengo mugarria, lehen ikasturtearen hasiera. 700 ordutako ikasketak antolatu dituzte ekaina bitarte antolaturik abeltzaintza estentsiboan jakinduriak eskuratzeko. 8 ikasleendako tokia izanen da eta aurre-inskripzioa hasi zenetik 14 dira jada izena emanda.
Hain garrantzitsua dugu proiektua zein jada Gaztaren egunean Erronkarin omendua izan baitzen, aurtengo gaztaren lehen mozketa egiteko ardura hartuta. Abeltzainei zuzenduriko formakuntzak ere eduki dituzte eta hauekin jarraitzeko hautua egin dute.
Hau guztia azaldu digu Gidar Artzain Eskolako bultzatzaile den Eneko Egiguren. Berak animatu gaitu bertan izena ematera.
Informazio gehiago : Gidari Artzain Eskola
Eneko Egiguren Irati Irratian
Kurtso bikaina izan a aurtengoa Agoitzeko Musika eskolan, nabari izan da jendeak zer nolako gogoa duen instrumenturen bat jotzen ikasteko, ikasle kopurua handitu baita. Aurten disziplina desberdinetan banatuta 120 ikasle inguruk hartu dute parte musika eskolan.
Pasa den asteetan entzunaldiak izan dituzte ere eta orain ikasleak ikasturte amaierako kontzertuari begira ditugu. Kontzertua datorren ekainaren 16an izanen da arratsaldeko 18:00etan Iturzarrea parkean.
Ikasturteaz, matrikulazio kanpainaz eta musika eskolaz aritu gara bertako zuzendaria den Sergio Esteban lagunarekin. Berak animatu gaitu gogoak baditugu instrumentu bat hartu eta ikasten jartzera.
Izena emateko formularioa: Agoitz Musika Eskola Inskripzioa
Sergio Esteban Irati Irratian
20. edizioa ospatuko du aurten Camille Extreme mendi lasterkaldiak. Gerora etorri ziren Cannelle Trail eta Ardibidepikua KB frogak. Zoro zoragarri batzuk hasitako ideiak gorpuzten joan da apurka-apurka eta gaur egun Nafar Pirinioetan eta mendi lasterketen zirkuituan erreferente bilakatu zaigu Camille Extreme.
Lasterkaldia 8 lagunen artean zehazten badute ere asteburuan zehar 250 bolondresen laguntza izan ohi dute antolatzaileek dena bere horretan mantendu eta egin dadin. Jada 900 korrikalari daude izena emanda eta igandean ekingo diote lasterketari. Ardibidepikua KB aldiz larunbatean izanen da aurten eta normalean zuen kopurua ia hirukoiztu du 140 parte-hartzaile izanen direlarik.
Lasterketaz aparte, 20 edizio hauen dokumentala estreinatu eginen da baita eskaintza gastronomiko eta kultural bat eskaini ere.
Hau dena aipatu digu antolaketa lanean dabilen Gorka Buenok. Berak gonbidapena luzatu digu asteburuan animatzera eta disfrutatzera Izabara gerturatu gaitezen.
Informazio gehiago : Camille Xtrem
Gorka Bueno Irati Irratian
Asteon eliza katolikoa eguneroko ogia dugu Aita Sainduaren bisita dela eta. Baina badira erakunde horretan itzalgune zenbait eta horiei so, sortu ditu Josu Jimenez Maia idazleak Zerokotan bildumaren baitako bere Soneto Satanikoak. Elizaren hierarkia, pederastia, inmatrikulazioak,… gai korapilatsuak landu egiten ditu oso modu jantzian.
Editatu berri duten olerki bilduma eskutan dugula berarekin egon gara liburuaz eta eliza-katolikoaz luze eta zabal elekatzen.
Josu Jimenez Maia Irati Irratian
Aste freskoa izan dugula aipatu digu David de Andresek freskoa izan delarik ipar haizeari esker. Asteburua aldiz udatiarra datorkigula iragarri digu kolaborazioaren bigarren partean.
David de Andres Irati irratian
Muniaingo Jaurerrian topatutako Santiago Cervera barrankeadorearen gorpuzkiak izan ziren ikerketa lan izugarri honen pizgarri. Oscar Ramos Cabodevilla da lan hau aurrera eraman duena eta urte luzez aritu da beste hainbaten laguntzarekin Irati S.A. enpresaren nondik norakoak aztertzen.
Asko idatzi da enpresa honetaz, Domingo Elizondoz, azpiegituraz, baina sekula ez dira enpresa hortan lan egin zutenen bizitzak eta gertakariak aipatu, eta honetan jartzen du begirada liburu honek. Enpresa honetan 4 lagun hil ziren barrankeadore eta zentralista lanetan, datu hauek erakusten dutelarik zer nolako lan arriskutsua zen. Arriskutsua bazen baina nabarmena zena langileen arteko kolaborazioa eta zaintza, zerbait gertatzekotan beti ziren laguntza emateko prest.
Gaur idazlearekin ratu bat izan gara liburuaren inguruan solasean, igande honetan (ekainak 14) Artziko Jauregian eta datorren larunbatean (ekainak 20) Agoitzeko Kultur etxean aurkezpenak antolatu baitituzte. Oscarrek aipatu digun moduan oso gertu izandako errealitate bat da eta batez ere zer nolako garrantzia duen istorio eta bizitza anonimo horiek dokumentatuta edukitzea.
Istorio horiek “Barranqueadores y Centralistas del Irati.Progreso y prosperidad a un alto precio humano” liburuan aurki daitezke zeina 520 orrialde eta 1043 argazki dituen, langile hauen kontuak azaleratzen dituena.
Oscar Ramos Cabodevilla Irati Irratian
Abenduaren 27an izan zuen hasiera Pizkundea deritzon dinamika milaka euskaltzale Bilbon batuta. Pizgarri latza bertan bildutakoa eta bigarren pizgarri bat ere eman zen aditzera, ekainaren 13an Iruñean izanen zen Euskaltzaleon Martxa.
Data hartatik hona pixkanaka-pixkanaka joan gara ezagutzen martxa honen nondik norakoak. Lehena lema izan zen Euskaraz behar den dena egiteko aurkeztu ziguten. Gerora etorri ziren martxaren zutabeak, aldarriak eta pregoilariak. Martxa honek hiru zutabe izanen baititu Runa parketik irtengo dena Ofizialtasun Osoa lelodun peñarekin, Askatasunaren plazatik irtendako Jauzia Hizkuntz Politiketan pankartarekin eta Antoniuttitik irtendako Euskaltzaletasuna lemadun zutabearekin. Hauek denak Gaztelu plazan batu eta bertan emanen zaio amaiera ekitaldiari.
Hala ere, ekimen honi beste kontu zenbait batu zaizkio, Gazte Euskaltzaleon Sareak antolatutako Urepele eta Iruñea arteko martxa edota egunean bertan auzolanean eraikitako egun osoko egitaraua.
Gaur hauxe dena izan dugu hizketagai Euskalgintzaren Kontseiluko bozeramailea den Idurre Eskisabel Larrañagarekin, berak ederki asko azaldu digularik larunbatean martxan parte-hartzeko guneak eta nola ez , arrazoiak.
Informazio gehiago : Pizkundea webgunean
Idurre Eskisabel Larrañaga Irati Irratian
Anerk elkartea da Metamorfosis proiektua dinamizatzen dabiltzanak eta haur eta nerabeei espazio eroso bat eman eta euren mezuak zabaltzeko erremintak ematea da beren helburua, betiere disziplina artistikoen bitartez.
Ikasturte emankorra izan dute eta mugarri dexente eduki dituzte, baina garrantzitsuena litzatekeena proiektua bera talde sendo eta erosoa bilakatu dutela parte-hartzaileen ikuspegitik. Bertan kutsu sozialdun mezuak landu izan dituzte interbentzio desberdinak jorratuz, baita haur eta nerabeek bizi dituzten egoera eta arazoei boza jarri ere.
Urte batzuk daramazkite proiektuarekin eta komunitate sendo bat eraiki dute honen bueltan, asko dira bere aletxoa jarri dituztenak. Orain ikasturte berriari begira izen ematea ireki berri dute, bihar asteazkenean amaituko delarik. Izen ematea presentziala da, bertaratzen diren haur eta nerabeei eta baita familiei argitu nahi baitiete proiektu hau ez dela extraeskolar bat, ongi azaldu nahi baituzte Metamorfosis proiektuaren nondik norakoak. Izen ematea Maskarita gelan egiteko aukera ireki dute arratsaldez, 15:30etatik 18:30etara.
Ez hori bakarrik, proiektuak ere ekarpenak behar ditu parte-hartzaileak adina. Orain ere zabaldu dute datorren ikasturterako bolondresak lortzeko kanpaina, interbentzio desberdinetan euren aletxoa jarriko lituzketenak. Proiektuari bolondres bezala eman diezaiokezu ekarpena baina baita beste ekarpen batzuk ongi etorriak izan daitezke, materialak (eszenografiak, jantziak,… egiteko), tokiak (eszenografiak eta gordetzeko) eta ekonomikoak.
Hau guztia dela eta Anerk elkarteko kideak diren Saioa eta Nerea Arizkuren izan ditugu gurean. Beraiek ederki asko azaldu digute hau dena.
Saioa eta Nerea Arizkuren Irati Irratian
Asteburu fresko eta goxoa izan dugula aipatu digu David de Andresek ohiko udaberriko eguraldia alegia. Errepasoaren ondoren aste hasierako eguraldi iragarpena eman digu.
David de Andres Irati irratian
From the publisher's feed