
Sign up to save your podcasts
Or


Ezkarozen ura eta bertako ipuinak batzeko egitasmoa aurkeztu zuten pasa den ostiralean, Uraren eta Ipuinaren Bidea. Duela bospasei urte kaleratu ziren Zaraitzuko istorio zaharrek eman diote bide proiektu honi. Ezkarozeko 5 istorio hartu eta bertako ondarea balorean jartzeko ibilbide bat ondu zuten Innova diru-laguntza dela medio. Urtebetean auzolana oinarri 4,71 kilometroko ibilbidea ondu egin dute eta behar bezala markatu. Ibilbide erraza familian egiteko modukoa da eta 15 geldialdi dituena, bertan azalpenak ematen dituzten panelak daudelarik. Horietariko 5etan bertan egokitutako ixtorio zaharrak entzuteko aukera izanen du ibilbidea egiten dutenek.
Aurkezpenean ezin izan ginen egon baina gaurkoan Ezkarozeko Bilguako kidea den Xabier Diaz Esartek azaldu digu zertan datzan proiektua. Berak ibilbidea egitera animatu gaitu goiz pasa ederra izan daitekeelakoz.
Xabier Diaz Esarte Irati Irratian
Proiektuaren aurkezpena:
Pasa den astean itzuli ziren euri orokortuak gehiagoren beharra dugun arren, hala adierazi digularik David de Andres gure lagunak. Ondoren asteburuko eguraldi iragarpenarekin sartu gara.
David de Andres Irati irratian
Asteburuan Erriberrin Margarita erreginak ekoitzitako Heptameronaren irakurraldi ekitaldia izan da. Urtero errepikatzen den ekimena dugu hauxe 2020. urtean euskaratu zenetik 75 istorioz osatutako obra hauxe. Irakurraldi honetan Xanti Begiristain izan zen eta Heptameronaz eta irakurraldiaz solastu zaigu gaurkoan.
Xanti Begiristain Irati Irratian:
Zaraitzuko zenbait lagunek hasi zuten duela 4-5 urte bertako fruta arbola barietateen zaintza eta ugaltzeaz arduratzen. Piriniotako Hazien Sarearekin elkarlanean aritu eta gerora bertako barietateekin lanketa egiten hasi ziren, euren lana elkarte batean egonkortuz Sagardoiak Elkartean. Elkarte honek, Arrea eta tokiko administrazio zenbait lagunekin tailerrak eta ekimenak antolatu dituzte, baita asteburu honetan izanen diren jardunaldiak ere.
Jardunaldien aitzakiarekin joan gara Sagardoiak Elkarteko Joxerra Solarekin solastera. Berak ederki asko azaldu digu zertan izan den euren lana eta jardunaldietan parte hartzera gobidatu gaitu. Jardunaldietan izen emateko azken eguna urriaren 15a da beraz agudo ibili.
Izen ematea : Zaraitzu Frutarbolak
Joxerra Sola Irati Irratian
Urriaren 10a Osasun Mentalaren Nazioarteko eguna izan zen. Honen aitzakipean nerabezaroan aditua den Miren Cia Urrutiak honen inguruan solastera eraman gaitu bere gaurko kolaborazioan. Osasun mentalaz baino sufrimenduaz hitz egin dugu eta hori detektatzeko zer egin behar dugun ikasi. Sufrimendua arintzeko gakoak ere eman ditugu giro atsegin bat sortu, hitz egin, entzun eta behar izatekotan laguntza eskatzea liratezke .
Osasun mentalaz ari garenean ere zer nolako datuak dauden ikusgarriak dira. 10-19 urte bitarteko 7 nerabetik batek osasun mental nahasmendu edo arazoak izan ohi dituela dio Munduko Osasun Erakundeak. Hauek ere egoera muturrekoetara eraman ditzake gazteak eta 2024an 15 eta 24 urte bitarteko 198 gaztek egin zuten bere buruaz beste Espainiar estatuan. Nafarroan ikerketa baten arabera ikasle nerabeen %30ak beharko luke laguntza psikologikoa.
Datu hauengatik ere heldu diogu gaurko gaiari, garrantzitsua baita osasun mentala zaintzea, bera zain ezkero osasun fisikoak ere hobera eginen baitu.
Errekurtso moduan Mirenek irakurgai bat ere gomendatu digu, Abigail Huertas idazlearen “Solo necesito que me aceptes” liburua, bertan aipatu ditugun gakoak eta laguntzeko moduak agertzen baitira.
Edozein zalantza edota gertaera dituzuela Mirenek kontsultak egin izan ohi ditu eta horretarako Erron, Aurizberrin eta Ariben artatzeko tokiak lituzke aurretiaz zita eskatuta.
Zalantzak edota kontsultak : Miren Ciaren webgunea
Miren Cia Urrutia Irati Irratian
Pirenaeus mugaz-gaindiko proiektuarekin zerikusia duen ikerlana dugu liburua. Europar Batasuneko funtsak baliatuta modu koordinatuan hasi ziren Aranzadi Zientzia Elkarteko lagunak Zaldua, Donazaharre eta Artziko guneak industen Iter XXXIV erromatar galtzadaz gehiago jakin nahiean. Pirinioa muga geografikotzat hartu izan da, baina urteen eta ikerketen poderioz duela 2000 urte asko erabiltzen zen pasabide bat zen. Hego eta ipar isurialdean egindako indusketek antzekotasunak azaleratu egin dituzte eta horiek berak nabarmendu eta lekuko gisa utzi nahi izan dute Pirenaeus liburuan.
Liburuaren aurkezpenak eginen dituzte gurean. Lehena urriaren 17an Artziko Jauregian. Ondoren, Donazaharre, Luzaide eta Auritzeko aurkezpenak etorriko dira. Hauek aitzaki hartuta Aranzadi Zientzia Elkarteko Oihane Mendizabal Sandonis izan dugu proiektua eta liburua aurkezten. Berak aipatu bezala aurkezpenetara gerturatzen den pertsona orok jasoko du liburu honen ale bat.
Oihane Mendizabal Sandonis Irati Irratian
Arratsaldeko 18:00etan irtengo da mobilizazioa Golem Zinemetatik. Nafarroako politika, kultur eta kirol arloko pertsona askok babestu dute mobilizazioa, 3 urte bete direnean Israelek Palestinarekiko genozidioa areagotu zuenetik. Genozidio honi aurre egiteko sortu zen Yala Nafarroa ekinaldia eta ezkeroztik aritu dira Palestinari babesa eta elkartasuna adierazteko ekimenak antolatzen. Horrek hainbat kontu ekarri ditu, Nafar Gobernuak Teva farmazeutika israledarrarekin akordioak etetea alegia.
Biharko mobilizazioa aitzaki Yala Nafarroako Eduardo Iberi izan dugu gaur gurean. Berarekin errepasatu dugu zein den gaur egun Palestinan bizi den egoera.
Eduardo Ibero Irati Irratian
Euriaren itzulera ekarri digu aste hasiera honek. Udazkena izanik ez luke berri adierazgarri bat izan behar baina ikusi zer nolako egoera genuen berri pozgarria izan da David de Andresentzat. Gaurkoa asteburuko eguraldi iragarpenarekin amaitu dugu euria bertan mantentzen delarik.
David de Andres Irati irratian
Urriaren 15a Landa Eremuko Emakumeen Nazioarteko Eguna ospatu eta aldarrikatu egiten da. Hau aitzaki hartuta Aezkoa, Artzi, Erroibar eta Orotz Beteluko Berdin Bizi berdintasun zerbitzuak ekitaldi mordoa antolatu ditu, zonaldeko emakumeak batu eta elkarrekin saretzen jarraitzeko.
Ezaugarri propioak eransten zaizkio emakumeen egoerari landa eremuan eta horregatik ekimen propio eta bereziak landu behar dira lanketak egiterako orduan.
Ekitaldi hauen aitzakipean Berdin Bizin lanean dagoen Silvia Gomez Gonzalez Berdintasun Teknikaria izan da gaur gurean eta berarekin bertako emakumeen diagnostikoa eta ekimen desberdinen errepasoa egin dugu.
Informazio gehiago : [email protected]
Silvia Gomez Gonzalez Irati Irratian
Estibaliz Rudi Izuraren gidaritzapean eta Gizarte Zerbitzuen mankomunitateak diruz lagundurik 8 saioetako emakume topaketak eginen dira Pirinioetan zehar. Argi Akelarreak deitu diete elkartze hauei eta berez emakumeen elkartze eta ahalduntze egitasmoak dira 8 saioetan zehar landuko dena. 500 urte isilpean gordetako ohitura berrartu eginen da Akelarreena, berez naturaren eta norbanakoen zikloak ospatzeko elkargoak zirela. Lehendabiziko hitzordua urriaren 10ean Burgin izanen da eta maiatza bitarte iraunen du 8 saiotako dinamika honek.
Hau dela eta Argi Akelarreen dinamizatzaile izanen den Estibaliz Rudi Izura izan dugu gaur gurean. Berak ederki asko azaldu digu zertan datzan dinamika hau.
Informazio gehiago eta izen ematea: 623160542 / 606382375
Izen emate formularioa: Argi Akelarreak
Estibaliz Rudi Izura Irati Irratian
From the publisher's feed