
Sign up to save your podcasts
Or


Mirenek gaurkoan nerabe eta gazteei espresatzeko espazioak eta moduak uzteko garrantzia aldarrikatu du bere ohiko kolaborazioan. Jada behin baino gehiagotan aipatu dugun kontua da baina azkenaldian ikusitako esperientzia desberdinek hau aldarrikatzera eraman dute.
Egun hauetan gurean ikusi izan du Agoitzen ANERK elkartekoek egiten duten lana eta gu bezala zoragarria dela deritzo. Baita ere, Iruñerrian lantzen ari den Antigena proiektu artistikoa, hala nola, Lorkako institutu bateko eta Iruñerriko institutu bateko ikasleek egindako deiek harritu baino ideia honetan mantentzeko argudioak eman dizkiote.
Askotan nerabe eta gazteak modu ezkorrean ikusten ditugu edota ezer ez dutela egiten aipatu ohi da, baina hori argi dago horrela ez dela eta lehen aipatu ditugun proiektu zein dinamika guzti horiek hala adierazten dute. Asmatu behar da gazte hauei espresatzeko espazioa eta moduak uzten, espazioak eta moduak inposatzea interes eza ekar baitezakete.
Gogoratu zuen eskakizunekin lantzen dugun espazioa dela Mirenena. Beraz zuen zalantzak edota gaiak atsegin handiz landuko ditugu. Bestalde, edozein zalantza edota gertaera dituzuela Mirenek kontsultak egin izan ohi ditu eta horretarako Erron, Aurizberrin eta Ariben artatzeko tokiak lituzke aurretiaz zita eskatuta.
Zalantzak edota kontsultak : Miren Ciaren webgunea
Miren Cia Urrutia Irati Irratian
Gaur helarazitako prentsa agirian Nafarroako Torturatuen Sareak eta Egiari Zor fundazioek 7 aitortzen berri eman dute. Nafarroako Gobernuak 16/2019 Foru legearen baitan Estatu funtzionarioek edota ultraeskuineko partaideek eragindako biktimak aitortu egin ohi ditu, hala izan da gaurkoan izandako 7 aitortza berrietan. 1974. urtetik 2008ra bitarte Goardia Zibilaren eta Polizia Nazionalaren eskuetan jasandako torturen testigantzak aintzat hartu die Egiaztatzen batzordeak 7 nafartarri. Hauekin 151 pertsona dira aitortuak izan direnak horietatik 118 torturak jasan dituztenak.
NTSak eta Egiari Zorrek positibotzat jo dituzte aitortza berri hauek, egia ezagutzeko pausuak baitira. Baita ere Iker Aristu Etxeberria gaztea izan dute gogoan torturaren eraginez sufritatutako buruko gaitzaren ondorioz hildako iruindarra. Animatu egin dituzte indarkeria mota hau sufritu duten horiek lege honetara aurkeztera benetazko erradiografia egin dadin.
Aitortzen berria eta deklarazioak Irati Irratian
Bidaide Maider Otegi Iriarte auriztarrak abiatutako proiektua dugu mendia eta natura irisgarri egitea du helburu eta baita honen inguruko zaletasuna piztea ere. Jada zenbait ekimen antolatu ditu Maiderrek, aurrekoan Kablearen egunean Gaintzan antolatutakoa alegia. Asteburu honetan oreinen orroaldia eta hegaztien migrazioa aitzaki hartuta Auritz inguruan zenbait ekinaldi antolatu ditu. Ez hori bakarrik, aste santuan Senderos Accesibleseko Josu Vazquezekin batera Tanzaniara eta Kilimanjarora bidaia ere antolatu ditu.
Ekimen guzti hauetaz eduki dugu Maider gaur gurean solasean eta nabari da mendiagatik eta naturagatik darion pasioa. Informazio gehio edota izen emateak 621628129 zenbakian egin edo topa daiteke.
Informazio gehio Bidaideren webgunean edo Instagramean
Maider Otegi Iriarte Irati Irratian
Uda lehor batetara ohitu gara eta halakoa izan da ere asteburua David de Andresek aipatu digun moduan. Prezipitazio eza izan da nagusi irailan zehar. Komentario hauen ostean asteburuko eguraldi iragarpena eman digu Davidek.
David de Andres Irati irratian
Buru osasunari dagokion lanketa espezifikoa garatzen dabiltza Metamorfosis proiektuaren baitan Anerk Elkarteko lagunek. Sareetan honen inguruko edukiak partekatzen dituzte baina baita hitzaldi eta solasaldiak antolatu ere. Lehenbiziko gaia suizidioa izan zen, pasa den astean garatu zutena eta kultur etxean jende asko batu zen honen inguruan hausnartzeko Besarkada Elkartearen laguntzaz. Honen ostean Elikadura nahasmendu jarrerak izanen dituzte hizketagai azaroan haurrenganako sexu abusuen gaia jorratuko dutelarik.
Honen inguruan solasteko Agoitzera gerturatu gara eta bertan topatu ditugu Anerk Elkarteko kideak diren Nerea, Saioa, Edurne eta Andrea. Beraiek askoz hobe azaldu digute lanketa hauek nondik datozen eta zertarako jarri duten mahai-gainean.
Nerea, Saioa, Andrea eta Edurne Irati Irratian
Gerra Zibila oinarri eta Gazara begirada biratzen duen antzezlana dugu Gizon Gosetuak. Eriz Alberdiren jatorrizko ideia honek Agurtzane Intxaurraga eta Dorleta Urretabizkaiaren laguntza izan du obra borobiltzeko. Gosearen adiera desberdinak daude eta batzuen goseak besteena eragin ohi du. Batzuen gerra, diru eta botere goseak herritarrongan gosea ekarri ohi du. Hori bera taularatzen du Eriz Alberdik antzezlan honetan, zeina oso sinplea den eszenografiaren ikuspegitik.
Agoitzeko Oroimen historikoaren zikloa ixteko izanen da obra Agoitzen, igandeko arratsaldeko 19:00tan eta hau aitzaki Eriz Alberdirekin solastu gara tarte batez. Berak esan digun moduan pentsaraztea eta hausnartzea eragingo digun antzezlana dela.
Eriz Alberdi Irati Irratian
1976an zenbait erroibartarrek ikusita Mezkiritzeko Herriko Txokok zer nolako bizia ematen zion herriari, Erron bertze elkarte bat sortzeko eskaera egin zuten. Hor hasi zuen bere ibilbidea Erroko Etxea elkartea, urte luzeetan zehar hainbat ospakizun et bilkuren bultzatzaile baina batez ere Erroibarko bizilagunen topaleku. Erroibar diogu ze bazkideak ez dira soilik Erro herrikoak, badira Orondritz, Loizu, Aintzioa,.. herria duten bazkideak.
Honen harira larunbata honetan ospakizuna dute eta egun osoko egitaraua antolatu dute. Hau aitzakitzat harturik Fernando Zigandarekin izan gara asteburukoaz eta elkarteaz elekatzen.
Fernando Ziganda Irati Irratian
Aste idorra izan da gurean eguraldiari dagokionez, baina Mediterraneoko kostaldean euri-ekaitz mardulak izan dira eta hala adierazi digu David de Andresek. Kolaborazioa amaitu dugu asteburuko eguraldi iragarpenarekin.
David de Andres Irati irratian
Iaz ezagutu genuen lehen aldiz Kuadriketa, herri edota komunitateetan antolatzen diren herritarren arteko olinpiada ez-lehiakorrak, herria edota komunitatea indartzea baitu helburu. Iaz izan ziren estreinaldia egiten Larraingoako komunitate terapeutikoan eta aurten ere hala eginen dute. Gaur grabazio bat aprobetxatuz iniziatibaren parte diren antolatzaile, aurkezle eta parte-hartzaile zenbait izan dira gurean. Datorren irailaren 27an goizeko 11etan izanen da saioa eta taldeka zein norbanako moduan izena emateko aukera dago. Ratu on bat pasatzeko aukera aparta dela gaineratu dute denek.
Animatu eta parte hartu!!
Izen emate formularioa : Kuadriketa Larraingoa
Larraingoako Kuadriketako lagunak Irati Irratian
Kuadriketa aurkezpena:
Urte batzuk dira Erroibar eta Auritzen bertako kantu-zahar zenbait berreskuratu zituztenetik. Berreskuratu ez ezik tailer zenbait egin zituzten jendeak ezagutu zitzan eta bertan 60 bat lagun hartu zuten parte. Ezkeroztik bertako taldeen kantutegian ditugu kantu horiek eta egitasmo honetatik eratorri zen ere Kantu Eguna. Aurten larunbata honetan izanen dugu Kantu Eguna, Auritzen. Kantuzarrak kantatu eta giro goxoan egoteko aukera paregabea eskaintzen delarik. Hala ere, kantuzar horiek bergogoratzeko entseguak egiten dabiltza inor atzean gera ez dadin. Hau guztia kudeatzen laguntzen dabilen Maria Almirantearena izan dugu gaur gurean. Berak azaldu digu zer izanen da larunbatean Auritzen topatuko duguna.
Maria Almirantearena Irati Irratian
From the publisher's feed