Jokoan

Jokoan

By Ramon BasalduaSports
Download on the App Store

Jokoan episodes

  • Athleticen tertulia: "Aresori aukera gehiago emon behar jakoz"
    Athleticek bihar jokatuko dau Elxeren kontra San Mamesen. 25. jardunaldira azken partidu biak irabazita heltzen da Ernesto Valverderen taldea. Hirugarren garaipena jarraian katiatu gura dabe, ligea halan hasi eben. Aurrean Eder Sarabiaren Elx izango dabe. 2026an oraindik ez dabe garaipena ezagutu eta liga txapelketan zehar ez dira gai izan etxetik kanpo irabazteko. Athleticek Elxeren bolada txarra baliatu gura dau zaleen aurrean hiru puntuan lortu, sentsazino onak berreskuratu eta Europako postuetara hurbiltzeko. Gaurko tertulian Oihane Irazu, Gontzal Galan, Ramon Basaldua eta Beñat Igarza izan dira.
    0 min
  • Iñigo Aurtenetxe: "Inoiz baino pelotari gehiago daukaguz"
    Bizkaiko Esku Pelota Federazioak 100 urte bete barri dabezan honetan, bart Bilboko bihotzean kokatutako Club Deportivon ekitaldia egin eben. Frontoiko kirolagaz lotutako politikari zein kirolariak hurbildu ziran federazioari berotasuna eskaintzeko. "Mende bat pilotaren alde" lelopean, historiak darrai eta hurrengo urteetan azken mendean bezain gogotsu dagoz.
    Plan barriak, jaialdiak, frontoiak beteta eta inoiz baino pelotarien fitxa gehiago. Gaurkoan, Jokoan irratsaioan, Iñaki Aurtenetxe Bizkaiko Esku Pelota Federazioko presidenteagaz hitzordua euki dogu, egoeraz eta etorkizunaz berri emoteko.
     
    21 min
  • Enara Gaminde: "Nire urterik onena izan da"
    Enara Gaminde da 2025eko Emakume Master Cupeko lau t´erdiko txapelduna. Laukizko atzelariak 10-22 irabazi eutson Amaia Aldairi. Lau t´erdian Aldaik jokatzen eban 5. finala zan jarraian. Lehen tantua partiduko gogorrena izan zan eta Laukizkoak eroan eban. Hurrengo hirurak sakez egin ebazan lehengo takada egiteko. Hortik aurrera, partidua kontrolpean izan eban Gamindek. Erraz jokatu eban, kale gitxi eginez eta aurkariari min egiten, batez be, atzera horma kontrara botata pilota. Amaia Aldaik ez eban bere mailarik onena erakutsi, hein handi baten, Enara Gaminderen lan txukunari esker.
    Enara Gaminde binakakoa eta lau t´erdikoa urte bardinean irabazten dauazan lehen emakumea da. 2017an Emakume Masters Cup sortu zanetik, ez eban inork lortu. Laukizkoak bere izena historian idatzi dau.
    Orain binakakoa
    Binakako txapelketea abenduaren 26an hasiko da, Etxebarrin. Bigarren partidua Sopelan izango da, biharamonean. 7 bikotek parte hartuko dabe. Azpimarragarria, Alize Sagardui 14 urteko goizuetarraren debuta. Gainera, Enara Gaminderen bikotea izango da. Honetxek dira gainontzeko bikoteak: Arrizabalaga-Bergara (igazko txapeldunordeak, barriro batera), Aldai-Arrillaga, Ruiz de Infante-Mendizabal, Zabaleta-Bertiz, Ibarrola-Erasun eta Etxegarai-Capellan. Finala martiaren 22an jokatuko da.
    0 min
  • Edurne Pasabanek bere komiki barria kaleratu dau
    14 zortzimilakoak igo dabezan lehen emakumea da Edurne Pasaban. 2001ean igo eban lehenengoa (Everest, 8.848m) eta 2010ean azkena (Shisha Pangma, 8.046m). 9 urte luzetan zortzimilakoak igotzen ibiltzeaz gain, beste horrenbeste egin eban Pasabanek Asia aldetik. Gainera, zortzimilakoak igotzeagatik ezagutzen dogu tolosarra, baina zortzimilakoak igotzen hasi aurretik, historio eder bat dau errekorraren atzean.
    Edurne Pasabanek, Ramon Olasagasti, César Llaguno eta Felipe H. Navarroren laguntzeagaz, Edurne Pasaban komikia kaleratu dau. Esandako moduan, alpinistaren historia kontatzen dau, eta Bizkaia Irratian aitortu dau komiki honetan "inoiz kontatu ez dabena" kontatu dabela. Mendiak aldatu egiten dau bat, komikiak diñoen moduan: "Poesiaz gorpuzten da elurra gure hiztegian. Baina malkoak, mendian, non eta norberaren baitan itota izozten ez diren, egoerarik latzenetan gorpuzten dira, lagun bat galtzen denean sarri". 
    Bihar, abenduaren 6an, eguerdiko 12:00etan (Euskalduna Bilbao jauregian) aurkeztuko dabe Edurne Pasaban komikia BBK Mendi Film Bilbao Bizkaia jaialdian. Komikiaren protagonista eta idazle zein marrazkilariak bertan izango dira.
    16 min
  • Iker Goñi: "Oso zaila da selekzino ez ofizial baten partiduak antolatzea"
    Iker Goñi Euskadiko Futbol Federazioko presidentea izan da geugaz Jokoan irratsaioan. Zapatuan jokatuko dabe lagunarteko partidua Euskal Selekzioak eta Palestinak. Kirol partidu bat baino gehiago izango da zapatukoa, mundura palestinar herria jasaten dabilen genozidioa zabaltzeko erakusleiho bat izango da.
    Goñik zapatuko partidua zelan antolatu daben, nogaz kontaktuan jarri behar izan daben eta Euskal Selekzioaren ofizialtasunaren egoerearen berri emon deusku.
    26 min
  • Lekittarrako entrenatzaile barria ilusinoz ganezka dago erronka barriari ekiteko
    Lekeitioko Isuntza arraun taldeak etxeko entrenatzaile baten aldeko apostua egin dau gizonezkoen trainerua zuzentzeko datorren denporaldian. Markel Akarregi Bengoetxeak hartuko dau Osertz Aldairen kargua. Akarregi anai gazteak odolean daroa Isuntza. Jon anaiak zabaldutako bidetik, Markel alebinetan hasi zan arraunean herriko arraun taldean. Beheko maila guztietatik igaro ondoren, hamazortzi urteko ibilbideari ekin eutson Lekeitioko gizonezkoen traineruan, igaz arraun egiteari itxi eutson arte lan arazoak zirala-eta. Akarregik esperientzia luzea dauka entrenatzaile lez Isuntzako beheko mailetan baina bere lehen esperientzia izango da senior mailako talde bat zuzentzen. Gogotsu eta ilusinoz ganezka dago erronka barriari egiteko. Beragaz egin dogu berba Bizkaia Irratiko Jokoan kirol tartean.
    0 min
  • Jon Elortegi, Ibon Rodriguez eta Jon Intxaurtieta, Kaiku, Santurtzi eta Arkoteko ordezkariekaz egin dogu berba
    Traineruen denporaldia orain dala aste batzuk amaitu zan talde askorentzat, Kontxako Banderaren sailkatze estropadaren ondoren. Asteburu honetan Eusko Label Ligako azken jardunaldi biak jokatuko dira Bermeon eta Portugaleten. Ligea erabagita dago Orioren alde eta talde gehienak presinorik barik lehiatuko dira, bagilaren batean hasitako kanpaina luzeari amaiera duina emoteko asmoagaz. Ez da hori Bermeo eta Portugaleteko estropadetan denporaldia jokoan eukiko daben bost taldeen kasua. Eusko Label Ligara igoteko play offean parte hartuko daben bost traineruak dira. Kaiku hamaikagarren postuan sailkatu zan Eusko Label Ligan, Santurtzi eta Arkote KAE 1eko lehen sailkatu biak dira eta Chapela eta Tiran Galiziako ligako traineru bi onenak.
    Bost talde honeek estropada bakarrean ikusi dabe alkar denporaldi honetan. Irailaren 4ean izan zan, Donostiako badiako uretan, Kontxako Banderaren sailkapen estropadan. Olatuak eta haizeak nagusi izan ziran Donostian badian eta horrek izugarri baldintzatu eban traineruen jarduna. Santurtzi izan zan Eusko Label Ligako play offean parte hartuko daben bost traineruetatik azkarrena. Soterak 9 segundo atera eutsazan Chapela, Galiziako txapeldunari, Kaikuk minutu erdi galdu eban, Arkotek 38 segundo eta Tiranek 44 gehieago behar izan ebazan. Halanda ze, Santurtzi eta Chapela dira faboritoak jokoan egongo diran postu biak eskuratzeko.
    Zapaturako eguraldi iragarpenaren arabera, ipar-mendebaldeko hondoko itsasoak metro inguruko olatuak altzauko dauz, eta haizeak ipar-mendebaldetik joko dau.
    0 min
  • Zuri-gorriek lehenbiziko aldiz jokatuko dabe denporaldi honetan San Mamesen
    Athleticek Bartzelona jasoko dau astegoien honetan F Ligako bigarren jardunaldian San Mamesen, domekan eguerdiko 12:00etatik aurrera. Aurtengo denporaldian Athleticek Katedralean jokatuko dauan lehen norgehiagoka izango da, lehen jardunaldian Lezaman aritu ziralako lehoiak, Costa Adeje Teneriferen aurkako bardinketan.
    Beraz, ligako lehen garaipenaren bila urtengo dira zuri-gorriak zelaira. Edozelan be, aurrean euki ahal dauan aurkaririk gogorrena eukiko dau Athleticek, Bartzelonak azken sei ligak irabazi ditu-eta. Edozelan be, Athleticek primeran lehiatu eban pasa dan denporaldiko partiduan eta Bartzelonak luzapenera arte sufridu eban San Mamesen hiru puntuak lortzeko.
    Hain zuzen be, aurreko urtean egindako partidua abiapuntu ona dalakoan dago Ane Campos, Athleticeko aurrelari barria. Campos aurtengo udan heldu da talde bilbotarrera Eibarren sei denporaldi egon eta gero, lau F Ligan. Denporaldiko lehen hitzorduan hasierako hamaikakoaren parte izan zan eta, esan deuskunez, gustura dago Bilbon: "Oso ondo egokitu naz taldera, primeran hartu nabe".
    2029ra arte Athleticen
    Camposek 2029ko ekainaren 30era arte sinatu dau kontratua Athleticegaz. Beraz, taldeak epe ertainean dituan planen parte izango da jokalari getariarra. Bere golak garrantzitsuak izango dira barriz be sailkapenaren goikaldean egoteko. Ildo horretatik jarraituz, Camposek hiru gol sartu ebazan aurreko denporaldian Eibarregaz. Aurretik, Erreala, Oiartzun eta Zumaiako taldeetan jokatu eban.
    0 min
  • Jokoan kirol tarteko tertulian aritu dira Gontzal Galan, Beñat Igarza eta Ramon Basaldua
    Athletic zaleok ez dogu barri onik jaso azken egunetan. Aymeric Laportek ezingo dau Athleticen jokatu, hasiera baten eta oraingoz, FIFAk ez dauelako jokalariaren fitxaketea onartu. Yeray Alvarez baztertuta dagoala eta Unai Egiluzek belauna apurtuta, Valverdek lehen taldeko erdiko atzelari bi bakarrik izango ditu ligeari eta txapeldunen ligeari ekiteko. Beste alde batetik, Ernesto Valverdek lau partiduko zigorra eta Alex Padillak hirukoa jaso ditue Betisen zelaian ikusitako txartel gorriengaitik. Honek kontuok jorratu doguz Bizkaia Irratiko Jokoan tarteko tertulian
    14 min
  • Bizkaiko traineruak ez dagoz faboritoen artean baina, itsasoa lagun, ezustekoa emoten ahaleginduko dira
    Kontxako Banderarako sailkatze estropadetako lehenengoa jokatuko da Donostiako badian gaur arratsaldean, 18:00etatik aurrera. Emakumezkoen mailako proba banakako erlojupeko modalidadean jokatuko da eta parte hartuko daben 21 traineruek luze bi eta ziaboga bat osotu beharko dabez jokoan dagozan zazpi postuetako bat eskuratzeko lehian. Kontxako Banderan lehiatzeko hautagaiak bi taldetan banatu dabez antolatzaileek. Astillero, Chapela, Hibaika, Hondarribia, Donostiarra, Orio, Tiran, San Juan, Tolosaldea, Zarautz eta Zumaia taldeek osotzen dabe A moltsoa eta Mecos, Rianxo, Cabo da Cruz, Cesantes, Castropol, Deusto, Hernani, Kaiku, Lekittarra eta Ondarroa taldeek B moltsoa osotuko dabe. Urteera ordena, bai taldeena bai traineruena be, eguazten goizean Donostiako udaletxean egingo dan zozketan zehaztuko da.
    Kontxako sailkapen-proba da kirolarien, teknikarien eta klubetako arduradunen artean kezka gehien sortzen dauena. Bildurraren estropada lez ezagutzen da. Izan be, denporaldiko banderarik garrantzitsuenetik kanpo geratzeko aukerak benetako ikarea sortzen dau. Zazpi bakarrik sartuko dira Arraun Lagunakekin lehiatzeko iraileko lehen bi igandeetan, eta gainerako hamalauek zezenak hesitik ikusteagaz konformau beharko dabe.
    Klimatologiak paper garrantzitsua dauka, erabagigarria batzuetan, traineru-estropada guztietan. Garrantzi hori areagotu egiten da Kontxako banderan, traineruek itsaso zabalean egiten dabelako estropadaren zati handi bat. Eguaztenerako eguraldi iragarpenaren arabera, ipar-mendebaldeko hondoko itsasoak metro eta erdi baino gehiagoko altuera izango dau. Egunaren lehen zatian haizeak hegoaldetik joko dau eta tenperatura altuak eragingo dauz. Arratsaldean, lehenik iparraldera eta gero ipar-mendebaldera egingo dau, 12 korapilorainoko boladekin. Itsas baldintza horreek ezustekoak sortzeko aukera biderkatzen dabe. Igaz, urrun joan barik, Orio, Euskotren Ligako talde klasikoetako bat, Kontxatik kanpo geratzeko zorian egon zan.
    Eguenean gizonezkoen probea
    Itsasoaren egoerak txarrera egingo dau eguenean 18:00etatik aurrera jokatuko dan gizonezkoen mailako sailkatze estropadan. Aurreikuspenen arabera, ipar-mendebaldeko haize bizia eta gogorra ibiliko da, eta metro bi inguruko hondoko itsasoa. Denporaldi honetan traineruek hain baldintza txarrei aurre egin beharko deutsien lehen aldia da, itsaso barea nagusi izan dan ikasturte baten ondoren.
    21 ontzi lehiatuko dira gizonezkoen sailkatze-proban. Bermeo, Ares, Cabo, Getaria, Kaiku, Lekittarra, Ondarroa, Orio, Hondarribia, San Juan eta Zierbena ariko dira A moltsoan, eta Arkote, Chapela, Hibaika, Lapurdi, Meira, San Pedro, Santurtzi, Tiran, Zarautz eta Zumaia. Aukera ona Eusko Label Ligara igoteko play offean parte hartuko daben, Chapela eta Tiranen Galiziako bi ontzien mailearen barri eukiteko.
    18 min

About Jokoan

From the publisher's feed

Kirolari eskeinitako irratsaioa, Athletic nagusi dala. Egunero talde zurigorriaren gorabeheren errepasoa, gizonezko zein emakumezko taldeena. Gainerako kirolak ahaztu barik, sasoian sasoikoa: pelotea, saskibaloia, txirrindularitzea, arrauna…