Jokoan

Jokoan

By Ramon BasalduaSports
Download on the App Store

Jokoan episodes

  • Lucas Fernandezen jokalariek mailarik onena erakutsi gura dabe Zaragozan, Ferrolen izandako porrota alde batera itxita
    Zortzi talde lehiatuko dira eguenetik aurrera Espainiako Erreginaren Kopan, liga txapelketako sailkapeneko lehen zortzi postuetan kokatutakoak lehen itzuliko partiduak jokatu ostean. Lointek Gernika Bizkaia zortzi hautatuen artean dago eta Kopan lehiatzeko aukerea izatea sari bat da Lucas Fernandezek zuzentzen dauen taldearentzat, denporaldiaren lehen zatian egindako lan onaren erakusle.
    Ferrolen kantxan partidu negargarria egitetik dator Gernika-Lumoko taldea. Talde galiziarra aurkari zuzena da play offetan sartzeko borrokan eta lehia galtzeaz ganera, basket-average dalakoa be galdu eben bizkaitarrek. Izan be, 13 puntuko aldea lortu eben Malosten eta 26 puntugaitik galdu eben A Coruñan.
    Halanda ze, gernikarrek euren mailarik onena berreskuratu gura Kopa txapelketarako. Girona, ohorezko mailako liderraren aurka jokatuko dabe eguen arratsaldean Erreginaren Koparen lehen finalaurrekoan. Lucas Fernandezek Girona kanporaketea gainditzeko faborito nagusia dala autortu arren, ez deutso ikararik eta bere taldeak ausart jokatu behar dauela dino. Talde bizkaitarra ez da bakarrik egongo Zaragozan, marea granateko ehun zale baino gehiago joango dira-eta Fernandezen ekipoa animatzera.
    15 min
  • Bermeo-Urdaibaiko entrenatzailea pozik agertu da Bou Bizkaiak Castroko estropadan egindako lanagaz
    Bermeoko traineruak garaipena eskuratu eban, Castron joan zan domekan jokatu eban  aurredenporaldiko lehen estropadan. Bou Bizkaiak bost segunduko aldea kendu eutsen Zierbenari eta Oriori. Azken hiru denporaldietan traineru estropadetan nagusi izandako taldeak aldaketa ugari euki dauz 2025 urterako. Jon Salsamendi da entrenatzaile barria eta aurreko denporaldietan gizon garrantzitsuak izan diran arraunlari batzuk arraun egiteari itzi egin deutsoe klubean urte asko egin ondoren. Castron jokatutako estropadan, aurreko urtean Kontxako banderea irabazi eben hamalau arraunlarietatik, sei baino ez ziran egon Bou Bizkaiaren tostetan.
    Jon Salsamendigaz egin dogu berba Jokoan kirol tartean, traineruaren lehenengo estropadan egindako aztertzeko. Entrenatzaile oriotarrak argi eta garbi dino bere taldeak asko daukala hobetzeko eta lan gogorra daukiela aurretik. Edozelan be, garaipen guztiak ondo etorriak dirala azpimarratu dau. Salsamendik garrantzi handia emon deutso aste santura arte egin beharreko lanari, ekainaren 1ean Bizkaiko txapelketeagaz hasiko dan denporaldiari indartsu ekiteko.
    Eusko Label Ligako traineru guztiak harrobiko lau arraunlari ontziratu beharko ditue hurrengo denporaldian. Urdaibaiko entrenatzailea harrobiko mutil gazteekaz dabil lanean etorkizunari begira.
    10 min
  • Real Madril eta Athletic emakumezkoen ligako bigarren eta hirugarren sailkatuak dira, hurrenez hurren
    Athleticek Real Madril jasoko dau domeka honetan San Mamesen, eguerdiko 12:00etan. Emakumezkoen ligan, bigarren eta hirugarren sailkatuak dira momentu honetan Real Madril eta Athletic, hurrenez hurren. Halanda be, 14 puntuko aldea dauka talde madrildarrak bere alde. Athleticen aurkari zuzenak Txapeldunen Ligarako sailkapena lortzeko lehian, beraz, Atletico Madril eta Erreala dira.
    Domekako partiduaren atarian, Nahikari Garcia Athleticeko aurrelari gipuzkoarragaz egin dogu berba Jokoan irratsaioan. Garciak dino Real Madril oso ondo dagoala momentu honetan. Izan be, Real Madril bizirik dago oindino Errege Kopan zein Txapeldunen Ligan eta Bartzelonaren erritmoa jarraitzeko ahalegina egiten dabil emakumezkoen ligan. Ganera, Garciak ondo ezagutzen dau Real Madril, bertan jokatu ebalako 2021etik 2023ra.
    Garciari jagokonez, aurrelari urnietarrak hiru gol sartu ditu aurtengo denporaldian. Dana dala, bere bertsinorik onena etortzeke dagoalakoan dago. Horren harira, uste dau selekzinoen etenaldia ondo etorri jakola Athleticeri, atseden hartzeko eta denporaldiaren azken txanpari ekiteko. Halanda be, albiste txarrak be jaso ditu taldeak aste honetan. Esaterako, Clara Pinedo lesionatu egin da. Jokalari bizkaitarrak lesinoa dauka eskuin hankako muskulatura iskiosuralean eta ezin izango dau domekako partiduan parte hartu.
    9 min
  • Unai Gomezek eta Mikel Jauregizarrek indartsu ikusten dabe taldea denporaldiaren azken txanpeari begira
    Sekula ez dira Bermeoko jokalari bi batera egon Athleticen lehen plantilan. Unai Gomez Etxebarria eta Mikel Jauregizar Alboniga bigarren denporaldia beteten dabilz Ernesto Valverderen aginduetara eta azken honek, ganera, lekutxoa eskuratu dau hasierako hamaikakoan. Bizkaia Irratian Lezamara joan gara eurekaz berba egiteko egueneko entrenamendu saioa egin aurretik.
    Kontu ugari aztertu doguz hogetabat urteko jokalari biekaz. Garbi itxi gura izan deuskue, Bermeon baino hobeto ezin dala inon bizi. Kresala daukie odolean. Ondo ikusten dabe taldea denporaldiko azken txanpara begira eta garaipenaren bila urtengo dabe datorren zapatuan Metropolitanon jokatuko daben partiduan. Horregaz batera, autortu dabe ezin dabela burutik kendu aurtengo Europa Ligako finala San Mamesen jokatuko dala.
    Unai eta Mikel Bermeon bizi dira eta egunero doaz entrenatzera Lezamara. Esan deuskue, Athleticen jokatzeak ez dauela askorik aldatu euren eguneroko bizitzea. Oscar De Marcos, denporaldi amaieran futbola itxiko dauen kapitainaren ganean itaunduta, batak zein besteak berba onak baino ez daukaz arabarrarentzat. “Oscar de Marcos pertsona berezia da guretzat. Asko lagundu deusku beti. Faltan botako dogu” esan deuskue eguena goizean Lezaman izandako barriketaldian. Oihan Sanceten lesinoaz, Valverdegaz daukien erlazioaz eta beste hainbat konturen ganean egin dogu berba Gomez eta Jauregizarregaz.
    16 min
  • Euskal talde biak sailkapenean bardinduta dagoz eta Txapeldunen Liga puntu bakar batera daukie
    Athleticek Errealari aurre egingo deutso domeka honetan San Mamesen jokatuko dan euskal derbian, eguerdiko 12:00etatik aurrera. Momentu honetan, euskal talde biak bardinduta dagoz sailkapenean, 32 puntukaz. Athleticek eta Errealak 10 partidu irabazi, bi bardindu eta sei galdu dabez. Beraz, parekotasun handiko partidua espero da.
    Ganera, Txapeldunen Liga jokatzeko aukerea emoten dauan hirugarren postuan jokoan izango da. Atletico Madrilek 33 puntu ditu eta hirugarren sailkatua da, baina Athletic eta Erreala puntu bakar batera aurkitzen dira. Lehen itzuliko partiduan, Errealak 1-0 irabazi eutson Athletici Reale Arenan. Aitatutako norgehiagokan, Athletic 10 jokalarikaz gelditu zan lehen zatian.
    Partiduaren harira, Ane Azkona Athleticeko jokalariagaz egin dogu berba euskal derbiaren astean. Aurrelari nafarrak denporaldiko lehen gol biak sartu ebazan aurreko astegoienean, Betisen aurka Sevillan jokatutako partiduan. Beraz, bolada onari jarraipena emon gura deutso Azkonak. Aurreko denporaldian zazpi gol sartu eta gero, bere zifrak hobetu gura ditu gelditzen diran partiduetan.
    9 min
  • Emakumezkoen Athleticek eta Realak San Mamesen domekan jokatuko dabe derbia be aztertu dogu
    Futbol tertulia egin dogu Bizkaia Irratian, eguenero egiten dogun legez. Gontzal Galan, Beñat Igarza eta Ramon Basaldua batu gara mahai baten inguruan, Athleticek domekan Cornella-El Praten Espanyolen aurka jokatuko dauen partidua aztertzeko. Jon Uriarte, Athleticeko presidenteak herri harmailaren ganean esandakoak be jorratu doguz, emakumezkoen Athleticek eta Realak domekan Katedralean jokatuko daben partidu erabakigarria ahaztu barik.
    32 min
  • Athleticeko presidenteak argi eta garbi esan dau errespetuan oinarritu behar dala herri harmailearen jarduna
    Jon Uriarte Athletic Clubeko presidenteak Animazio Herri Harmailaren egoera aztertu dau eguazten honetan San Mamesen emondako prentsaurrekoan. Herri Harmailari buruzko Klubaren kontzeptu nagusien azalpenagaz hasi dau hitzaldia. Uriartek oso argi  laburbildu dauz kontzeptuak: "Errespetuz animetan dauen Herri Harmaila gura dogu". Izan be, "Errespetua, filosofia lez, ez da ikutzen".
    Presidenteak argitu dauenez, garrantzitsua da edozein jarreraren abiapuntua ez galtzea. Lehenik eta behin, "Herri Harmaila Athleticena da. Ez da inongo talde edo personarena: Athleticena da ". Eta bigarrenik, eta era berean garrantzitsua, Herri Harmailaren izateko errazoia "partida guztietan animetea da, San Mameseko gainerako ikusle guztiak batzen saiatuz", San Mamesen Orroa! -ren proposamenaren ondoren Ezohiko Batzarrean erabagi lez, bazkideek onartutako Animazio Herri Harmaila sortzea bultzatu ebana.
    Oinarri horreek kontuan hartuta, eta ICHHk bere kabuz erabagitako animazino-grebari dagokionez, Jon Uriartek adierazo dau ez dagoala "taldea alde batera uztea justifiketan dauen kexarik, gehien maite danari min egiten ez jakolako". "Athletic Cluben norbanakoen interesa lehenesten badogu kolektiboaren aurretik, hilda gagoz. Athletic da lehentasuna ", adierazo dau. Giro guzti honen kaltetu nagusia taldea da, eta hau goraipatu eban: "Jokalariek prozesu honetan daben jarrera eredugarria izaten ari da".
    14 min
  • Joko antolatzaile gernikarra lehen denporaldia beteten dabil Lointek Gernika Bizkaian, kanpotik zazpi urtetan ibili ostean
    Ane Olaeta Larraurik hamazortzi urtegaz urten eban bere etxetik, bere herritik, Kaliforniara joateko, bertan ikasketak egin eta saskibaloian jokatzera. Ameriketako Estatu Batuetan bost urte egin ondoren, Espainiako ligako talde batera jauzi egin eban, Lugoko taldera hain zuzen be. Urte bi bete ebazan bertan. Azkenik, uda partean Lointek Gernika Bizkaiaren deia jaso eban eta herriko taldera iltzultzea erabagi eban. Beragaz egin dogu berba Bizkaia Irratiko Jokoan kirol tartean.
    Etxetik kanpo egindako zazpi urteetan asko ikasi dauela autortu arren, Olaetak garbi dauka etxean inon baino hobeto dagoala. Gustura dabil bere taldekideekaz. “Koadrila baten modukoa gara” dino. Hondino ez jako paseu Perfumerias Avenidaren aurkako partidua luzapenean galdu izanak itxitako zapore garratza, baina baikor dago etorkizunari begira. Kopearen azken fasea jokatuko dabe martxoan Zaragozan eta ligan lehen zortziren artean sailkatu eta play-offak jokatzea da helburu nagusia. Lehen urratsa eguen honetan emon behar dabe Celtaren aurkako partiduan.
    9 min
  • Oihane Irazu, Gontzal Galan, Beñat Igarza eta Ramon Basalduaren arteko tertulia
    Jon Uriarte, Athleticeko presidentea, eta Mikel Gonzalez, futbol zuzendari nagusia, agertu dira San Mamesen eguazten honetan. Taldeak orain arte Liga txapelketan, Europa Ligan eta Kopan egindako lanaren ganeko balorazinoa egin dabe. Esan beharrik ez dago, Athleticeko arduradunak pozik dagozala Valverderen taldeak orain arte egindako lanagaz. Presidenteak berretsi egin dau helburu nagusia Europarako sailkatzea dala eta Txapeldunen Liga jokatzeko sailkatzen dira, hobeto. Emakumezkoaren taldeari jagokonez, Uriartek aitortu egin dau Kopan gertatutakoa -Cacereñok kanporatu eban Athletic- kolpe gogorra izan dala eta porrot horretatik ikasi egin behar dala ganeratuz. Ligan, ostera, taldea bosgarren postuan dago eta hirugarren postua eskuratzea da David Aznarren taldearen helburu nagusia. Azkenik, Maroan Sannadi, Athleticek egin dauen azken fitxaketea aurkeztu dabe. Gai honeek guztiak aztertu doguz eguenetako futbol tertulian Bizkaia Irratian.
    32 min
  • Lehen itzuliko azken norgehiagoka San Mamesen jokatuko dau emakumezkoen Athleticek
    Emakumezkoen Athleticek Bartzelona liderra jasoko dau zapatu honetan San Mamesen, arratsaldeko 16:15etan. Partidu handiaren atarian, Maddi Torre Athleticeko atzelariagaz egin dogu berba Jokoan irratsaioan. Torre oso jokalari garrantzitsua da David Aznar entrenatzailearen sisteman, denporaldiko partidu guztietan parte hartu daualako titular lez.
    Bartzelonaren aurkako norgehiagokari begira, Torrek argi dauka partidu gatx baten aurrean dagozala. Izan be, Bartzelonak ligan jokatutako 15 partiduak irabazi ditu, 69 gol sartuta eta soilik zazpi jasota. Edozelan be, Athleticek bere aukeretan sinisten dau eta jokalariek giro ederra espero dabe San Mameseko harmailetan.
    Athletic bolada oso onean dago ligan. Erreginaren Kopatik kanporatuak izan arren, lehoiek ligan jokatutako azken lau partiduak irabazi dabez. Ondorioz, sailkapeneko laugarren postuan dago taldea eta Txapeldunen Ligako postuak puntu bira ditu. Ganera, momentu honetan hirugarren postuan dagoan Atletico Madrilek partidu bat gehiago jokatu dau.
    8 min

About Jokoan

From the publisher's feed

Kirolari eskeinitako irratsaioa, Athletic nagusi dala. Egunero talde zurigorriaren gorabeheren errepasoa, gizonezko zein emakumezko taldeena. Gainerako kirolak ahaztu barik, sasoian sasoikoa: pelotea, saskibaloia, txirrindularitzea, arrauna…