
Sign up to save your podcasts
Or


Gonbidaturik izan dugu lehenago ere Iñigo Roque gure artxiboan itzultzaile bezala (Scott Fitzgerald, Mia Couto, Pessoa…), baina atal honetan bere poema originalen bildumarekin datorkigu, aurrez beste inon argitaratu gabea. Erdu eta arnastu paisaia legendarioen espezia usainez betetako aire hau.
Irudia: “Aingeruen koruak”, Hildegarde von Bingen (1150)
“Thoreaurentzat” —dio Markos Zapiainek— “ongi da esklabotza amai dadin eskatzea, manifestuak izenpetuz eta abar. Baina are zuzenagoa da intsumisioa, desobedientziazko ekintza; esaterako, zergak ez ordaintzea”.
Eta halaxe egin zuen Thoreauk, eta atxilotu egin zuten.
Baina idatzita utzi zuen liburu hau, eta honetatik edan zuten, egarriz eta probetxuz, Mahatma Gandhik, Martir Luther Kingek, Emma Goldmanek eta beste hainbatek. Entzun ezazu zuk orain, Edu Lartzangurenen ahotsean eta itzulpenean, edo hementxe irakurri
Haurtzaroa baldin bada gure aberri bakarra, Vladimir Nabokoven aberria lotuta dago Miarritzeko hondartza bati, miresikoleta hitza irakatsi zion euskaldun lepoker bati, eta, batez ere, lehen amodioaren pasioa biziarazi zion Collette neskatilari.
Irudia: “Neskatila mahats-otar bati eusten”, Elizabeth Jane Gardner (1837-1922)
Daniel Barkleyri inork ez zion esan ze zaila zen Hego Karolinan afroamerikarra izatea, hobe zuela munduko herritarra izatea… Zailtasun horrekin enegarren aldiz estropezu egin zuenean, baina, estrategia irudimentsu bat probatzea erabaki zuen.
Entzun eta gozatu Percival Everetten umore finaz eta haren kritika politikoaren eztenaz, euskaraz, lehen aldiz, egileak Xerezaderi jentilki emandako baimen bereziari esker.
Orrison Browni bere nagusiak enkargatu dio goiz batez lagun egitea Louis Trimble jaunari New York bisitatzen duen bitartean.
Louis Trimble jaun misteriotsuak harat-honat ibili gura du errari, hiriaren eta bertako biztanleen xehetasun sinpleenek liluraturik. Ez da berria New Yorken, hala ere: izatez, bertakoa da, baina azken hamar urteetan ez du hiria ikusi. Egia esan, azken hamar urteotan ez du ezer askorik ikusi.
Irudia: “Autoerretratua armairuan”, Claude Cahun (c. 1932)
Woolf andreak, saiakera honetan aitortzen digunez, hilketa estonagarri bat egin zuen bere esku atzamar luze, dotore eta modernista horiekin… zer eta Etxeko Aingerua akabatzea!!! Aingeruarekin kontuak garbitzen amaitu zuenerako, luma zuri pare bat baino ez omen ziren geratu Woolf andrearen gela propioan, dantzan airez aire, udazkeneko orbelen antzo.
Baina, ai, borreroak nola, Etxeko Aingeruak ere milaka aurpegi ditu, eta tokietan eta aroetan barrena iraun dezakeela entzun dugu. Emakumea, begiratu atzera, entzun arretaz: ez duzu hegal baten astindu hotsa entzuten, gona fin baten firrista alfonbra gainean..?
Irudia: “Ikusmena”, Annie Louisa Synnerton (1895)
Egun batean Xerezadek postontzia zabaldu eta igel berde bat aurkitu zuen bertan, ahoan paketetxo bat zuela. Igelari ez zion musurik eman, printze bihurtuko ote zen beldurrez, baina eskuan jaso zuen eta kontu handiz atera zion paketea ahotik. Igelak salto egin zion lepo gainera, eta Xerezade, sustotxoa hartuta saltoagatik baina jakinguraz beterik, begira-begira geratu zitzaion esku artean zeukan kutxari. Bidaltzailearen izena jartzeko tokian X.O. hizki misteriotsuak baino ez ziren ageri. “Hugs and kisses?” pentsatu zuen. “Ez da seinale txarra”. Esku dardartiez, Xerezadek papera urratu eta hara, zer egongo barruan eta Raymond Queneau-ren Estilo ariketak liburuko zenbait pasarterekin egindako grabazioa!!
Eta nola gutiziak konpainian dastatzen diren ondoen, eta Xerezadek zuena beste inorena (tira, ia-ia) baino estimatuago duen, hementxe dauzkazue gaur, Xerezaderen Artxiboan, Raymond Queneauren estilo ariketetako batzuk, esatari fin-finek irakurriak: eguneroko bizitzako gertaera hutsal bat, hainbat modutara kontatua, hainbat estilotan. Parodia, esperimentalismoa, hizkuntzaren baliabideez egindako jolas literatura. Batzuek uste omen zuten ariketok ezin zirela frantsesetik beste hizkuntza batzuetara itzuli. Ba, Xabier Olarra itzultzaileak ederki asko borogatu zien enganatu zirela.
50eko hamarkadan Estatu Batuetako poesia Beat Generation deritzonak markatu zuen. «Ulua» poema talde horren ikurra bihurtu zen, Allen Ginsbergek idatzitako oihu gordina, bere belaunaldiko bururik argienen omenez eta sistema kapitalistaren basatitasuna salatuz.
Entzun «Ulua» Harkaitz Canoren itzulpenean eta ahotsean, Xerezaderentzat esklusiban grabatua.
[Oharra: Howl edo Ulua filmaren azpidatziak ez daude azpidatziak.com helbidean eskuragarri, audioko sarreran esaten dugun legez, azpitituluak.eus helbidean baizik. Barkatu errakuntza].
Irudia: “Bidaiaria”, Lyubov Popova (1915)
X10 izenaz ezagutzen den euskal kale artista anonimoari hormek berba egiten diote, eta berak, hain jator, esprai lurrinez kontatzen dizkigu han-hemenka lurrak eta paretek xuxurlatu dizkioten istorioak. Gainera, Telegarraio miragarriaren jabea izateagatik-edo, X10ek askotxo bidaiatzen du. Ibilera horietatik hitzezko pintzeladak ere ekartzen ditu bueltan, “bidaietako pasartetxoak” deritzenak: hainbat tokitan ikusi, bizi eta sentitutako true storiak biltzen dituzten paragrafo eta esaldi bildumak.
Gaurkoan bi platereko menua dakarkizugu Xerezaderen Artxiboan: lehenengo zati honetan Australia, Thailandia, Laos, Sri Lanka eta Guatemalako gutiziak dastatuko dituzu. Guztiak ere X10en beraren ahotsean.
Irudia: “Bi mundu”, Katherine Dreier (1930)
X10 izenaz ezagutzen den euskal kale artista anonimoari hormek berba egiten diote, eta berak, hain jator, esprai lurrinez kontatzen dizkigu han-hemenka lurrak eta paretek xuxurlatu dizkioten istorioak. Gainera, Telegarraio miragarriaren jabea izateagatik-edo, X10ek askotxo bidaiatzen du. Ibilera horietatik hitzezko pintzeladak ere ekartzen ditu bueltan, “bidaietako pasartetxoak” deritzenak: hainbat tokitan ikusi, bizi eta sentitutako true storiak biltzen dituzten paragrafo eta esaldi bildumak.
Bi platereko menuko bigarren platerean El Salvador, Mexiko, New York, Istanbul eta Israel eta/edo Palestinako ahalmentxoak dastatzeko parada izango duzu, guztiak ere X10en beraren ahotsean.
Irudia: “Bi mundu”, Katherine Dreier (1930)
From the publisher's feed