
Sign up to save your podcasts
Or


Gaur Xerezadek berriz ere eman dio amore bere ahulezia ezagun horri, hau da, rocka eta literatura uztartzen dituen artista bat gonbidatzeari. Elliott James Murphy rockero handia ezagutzen ez duen errukarriren bat edo beste geratuko da bazterretan apika, baina ziur aski gehiago izango dira haren musikaren berri izan arren, Elliott Murphy literaturgilea ere badela ez dakitenak. Lasai: ezjakintasunaren ilunetik aterako ditugu gaur Xerezaderen Artxiboan. Izan ere, atal honetan, Elliott Murphyren lau kantuetako hitzak irakurriko ditugu –“On Elvis Presley’s birthday”, “You never know what you are in for”, “Caught short in the long run” eta “Ophelia”– bai eta ipuin bat ere, “General gorria” izenekoa, Espainiako gerra zibilean, soldadu euskaldunen buru, Errepublikaren alde borroka egindako anarkista bat protagonista duena.
Amaitzeko, gutizia berezi-berezi bat daukagu: Elliott Murphyk berak bere ahots sakon eta belusezkoaz Xerezaderi emandako ELKARRIZKETA!!!
Irudia: “Bretainiako kosta”, Anna Boch (1901)
Kanpoan Herio zebilen nagusi, bere hegal beltzen itzalaz dena estaltzen. Harengandik ihesi, hamar gazte etxe batean bildu ziren, konpainiaren eta ipuinen epeltasunaz bakardadeari eta izuari izkina egiteko esperantzaz. Beren oasi partikularrean, ehun ipuin kontatu zituzten eta guk horietako bat dakarkizugu gaur, uda amaieraren melankoliari aurre egiten laguntzeko. Gaur, Xerezaderen Artxiboan, Boccaccioren Dekameroitik harturik, “Masetto de Lanporecchioren ipuina”, non kontatzen baita nola Masetto de Lamporecchiok mutuarena eginez lortu zuen emakumeen monasterio batean baratzezain sartzea, eta nola moja guztiak lehiatu ziren berarekin oheratzera.
Irudia: “Autorretratua lautea jotzen”, Artemisia Gentileschi (1615-18)
Uda betea, zeru urdinak, eguzkiaren atzamar epelak azalean… Bada proposamen hoberik txipli-txapla freskagarri bat baino? Horixe pentsatu zuen Neddy Merrilek ere. Munduak irribarre egiten zion, eta goiz hartan, adorez beterik, erabaki zuen konderria igerian zeharkatzea, lagunen txaletetako igerileku batetik bestera igaroz. Ideia originala eta ausarta, inondik ere, Neddy bera bezalakoa. Ahotik ahora ibiliko zen haren balentria hura adiskideen artean, hainbeste estimatzen eta miresten zuten!
Neddy, buru txar xamarra daukazu kontu batzuetarako, eta batzuetan denbora ohartu barik joaten zaizu zure gauzetan galduta, baina horiek huskeriak dira, baldin eta adiskideez inguratuta bazaude eta diru faltarik ez baduzu… ezta?
Irudia: “Nenufarea eta inguruko landareak Van Staaden’s Kloof-en”, Marianne North (c. 1882)
Gaur Xerezaderen Artxiboan larruzko jaka beltza jantzi dugu rock´n roll doinuen abaroan sortutako ipuinak irakurtzeko. Beraz, naturala den bezala, bi poesia zale amorraturengana jo dugu —zer da rock´n rolla, poesia ez bada?— haiek liluratu zituzten kantuen misterioa eta magia beren istorioetan dastatzeko irrikaz. Luistxo Fernandezen “Eskuak ugatz guruinetan” eta Iban Zalduaren “Playa Negra”, “Erritoak”, “Azkeneko aldia” eta “LP bat lapurtzeko” ipuinak entzungo ditugu.
Fokoak piztu dira, gitarrak entxufatuta daude. Bat, bi, hiru, lau… long live rock´n roll!
Irudia: “Beltxarga”, Hilma af Klint (1914)
Elefante ehizan hezurrak hausteaz gain, erregeek tradizio handia dute, bai, bestelako ergelkeriak egiten. Gaurko istorioan badugu errege harroputz, berekoi eta pepelerdo bat, eta badugu operako diva buru argi eta mindu bat ere. Tartean, erresuma baten zutoinak dardarka jar litzakeen eskandalu baten mehatxua. Detektibe kokainomano bat, mozorroak, engainuak, trabestismoa… Hainbeste gauza mamitsu, non oraingoan Xerezadek ez baitu tokirik izan dena erretilu bakarrean zerbitzatzeko, eta bi plater goxotan eskainiko dizun.
Irudia: “Jean Baptist Wenzel-en erretratuta”, Barbara Krafft (c. 1822)
Elefante ehizan hezurrak hausteaz gain, erregeek tradizio handia dute, bai, bestelako ergelkeriak egiten. Gaurko istorioan badugu errege harroputz, berekoi eta pepelerdo bat, eta badugu operako diva buru argi eta mindu bat ere. Tartean, erresuma baten zutoinak dardarka jar litzakeen eskandalu baten mehatxua. Detektibe kokainomano bat, mozorroak, engainuak, trabestismoa… Hainbeste gauza mamitsu, non oraingoan Xerezadek ez baitu tokirik izan dena erretilu bakarrean zerbitzatzeko, eta bi plater goxotan eskaini dizun. Hauxe duzu bigarrena. On egin!
…Halaxe bildu ziren gau batean Xerezade eta Literatur Mikropilulen Botikaria. Larruzko poltsa handi bat zekarren Botikariak, urrezurizko itxitura batez hornitua. Nekatuta eta pixka bat triste zegoen Xerezade, baina Literatur Mikropilulen Botikariak duna baten magalean goxo eserarazi, larruzko zorroa kontu handiz zabaldu, eta, apurka-apurka bere erremedio zahar eta berriak ateratzeari ekin zion: ukenduak, edabeak, usainak, pilula gazi-gozoak, belarria laztantzen zuten soinuak…
Begiak itxi eta atsedena hartu zuen Xerezadek.
Gaur, Xerezaderen Artxiboan, Literatur Mikropilulen Farmaziako testu aukeratuak, hainbat egileren eskutik eta Maialen Unanue-ren ahotsean.
Testuen egileak:
1. “Hilda nago”. Egilea: Hiriart
2. “Soilik”. Egilea: Lander Arretxea
3. “Hondarretan”. Egilea: Hiriart
4. “Distantziatik erori”. Egilea: Gorputzgrafia
5. “Galtzeko gutxi”. Egilea: Lander Arretxea
6. “Dituzun horiek”. Egilea: Maialen Unanue
7. “Atzean”. Egilea: Lander Arretxea
8. “Bakardadearen apologetei”. Egilea: Eguzkinne
9. “Aneri”. Egilea: Maialen Unanue
Irudia: “Otoitza”, Anna Boch (1930-35)
Atal honetan muturra sartu dugu jendearen kaxoietan gutun pertsonalen bila. Gutunak literatur genero bat dira, ez da hala?
Beraz, entzun kontzientzia lasaiaz gaurko gonbidatuen sekretuak. Ez dira makalak, gero: Anne Boleyn (edo «Ana Bolena»), Mary Wollstonecraft, Harriet Wilson, Gustave Flaubert, Julian Gaiarre, James Joyce, J. R. R. Tolkien, Virginia Woolf eta «Kapitaina eta Balea».
Itzulpenak:
Inigo Roque Eguzkitza: James Joycerena; Jasone Larrinaga: Tolkienena; Ana Morales: Anne Boleyn, Mary Wollstonecraft, Harriet Wilson, Gustave Flaubert, Virginia Woolf, «Kapitaina eta Balea»-rena.
Euskaraz jatorrizkoan: Julian Gaiarre.
Atal honetan iragan lanbrotsuan murgildu gara, gure arbasoen oihartzunen bila. Belarria ernatu eta, bihotza zirrara batean taupa-taupa dugula, aditu ditugu gudu zelaietako ezpaten klin-klanak, ziega ilunetako aieneak, amodio zizpuruak, hileta eresi erdiragarriak…
Aspaldi joandako munduetatik, gaur, Xerezaderen Artxiboan, euskal arkaikoak mintzo zaizkigu, atzoko ahotsez, betiko kontuez.
From the publisher's feed